Productos Tubularesek langileak lekualdatuko ditu, eta soldatak jaitsi

Trapagarandik Amurriora 40-50 langile eraman nahi ditu, eta soldata %25 jaitsi nahi dio lantalde osoari. Guillermo Ulazia buruzagiak eskatu du bezeroek ordaintzeko Trumpen muga zergen kostua
Sindikatuetako ordezkariak, Tubos Reunidosen akziodunen batzarra dela-eta egindako protestan, atzo, Bilbon.
Sindikatuetako ordezkariak, Tubos Reunidosen akziodunen batzarra dela-eta egindako protestan, atzo, Bilbon. JUNE PRIETO / FOKU

Xabier Martin -

2018ko ekainak 28
Donald Trumpek Europako altzairuari jarritako muga zergek muturreko egoeran jarri dute Amurrioko Tubos Reunidos enpresa. Trapagarango Productos Tubulares adarrak aspaldian dauzka arazo larriak, eta zuzendaritzak neurriak hartzeko erabakia hartu zuen aspaldian, kaleratzeak barne. Langileen 43 eguneko grebaren ondoren, Arabako enpresak atzera bota zuen 167 langile kalean utzi behar zituen erregulazioa, baina egoera onbideratzeko eta gastuak txikitzeko neurriak ezinbestekoak zirela ziurtatu zuen. Atzo jakinarazi zuen Productos Tubularesko 40 eta 50 langile artean Amurrioko lantokira lekualdatu nahi dituela —400etik gora dira—, eta lantalde osoari soldata %25 jaitsi. Horrez gain, «lan malgultasuna» zabaldu nahi du talde osoan. Langile batzordeak dio PTren moldaketa «hasiera» dela, eta gero «talde osoaren bila» joango dela zuzendaritza.

Akziodunen batzarra egin zuen atzo Tubos Reunidosek, Guggenheim museoan, Bilbon, eta han jakinarazi zuen neurri horiek guztiak lehenbailehen martxan jartzeko asmoa duela. Trump AEBetako presidenteak altzairuaren inportazioei %25eko muga zergak ezartzeko erabakiak amildegitik are hurbilago utzi du tutu ekoizlea. AEBetako merkatua da Amurrioko enpresaren merkatu nagusia, eta zuzendaritzak doikuntza zorrotzetara jotzeko erabakia hartu du. Jaurlaritzak, berriz, «inplikazioa» eskaini du soluziobideak aurkitzeko.

Hodien salneurria, gora

Tubos Reunidosek salmenten %45 egiten ditu Trumpen herrialdean, eta, aurrerantzean, tarifa protekzionista berriek kalte handia egingo diote taldeari, haiek gabe ere estu zebilen eta. Azken urteetan ehun milioi euroren baino gehiagoren galerak izan ditu, horietatik 32,4 milioi iaz. 2017a, edonola ere, ez zen hain txarra izan: galerak finantza gastuen eta truke tasetan izandako aldaketen ondorio izan ziren, eta horiek gabe emaitza positiboa izan zuen. Produktibitatea %10 igo duen barne plan bat gauzatu zuen, eta salmentak %60 igo zituen, 312 milioi euroko fakturaziora arte. Salmenten igoerak ez zuen ekarri, ordea, irabaziak hobetzea, hodien salneurriak behera egin duelako. Konpainiak 212 milioi euroko zorra pilatu du azken urteetan, hainbat inbertsio egin ondoren, eta zor horrek oso egoera zailean jarri du.

Guillermo Ulazia presidenteak onartu du bezeroei tutuen prezioa %25 igotzea eskatu dietela, «beste ekoizleek egin duten moduan». Onartuko ote dute, ordea? «Ez dakit», esan du Ulaziak. «Eskaerari eragingo dio?». Ez daki.

Datozen hilabeteetan argitu beharreko aldagai garrantzitsu horien zain, berriro galeretan dago Tubos Reunidos. 8,6 milioi euro galdu ditu urteko lehen hiruhilekoan, nahiz eta salmentek erritmoari eutsi dioten. Izan ere, 2017ko epe berean baino %1,2 gehiago saldu du Amurrioko enpresak, 81 milioi euro fakturatuta. Burtsan ere eroriko handia izan zuen lehen hiruhilekoan, baina egoera baretuta zegoen gaur arte.

Langileen protesta

Kaleratzeak ekarriko lituzkeen erregulazioa proposatu zuen Trapagarango PTn —diametro handiko tutuak egiten ditu, balio erantsi gutxiko produktuak—, baina hura atzera bota zuen zuzendaritzak, sei asteko grebaren ostean. Orain, berriz, lekualdatzeak mahairatu ditu Ulaziak, 40 eta 50 langile arteko kopuru batentzat; Trapagarandik Amurriora lekualdatuko lituzkete —40 kilometro daude batetik bestera—, eta horrekin batera soldata jaitsiera handia letorke, %25ekoa. Kaleratzerik ez, oraingoz.

Amurriora joango liratekeen langileek aldi baterako kontratua duten beste behargin batzuen lekua hartuko lukete, eta zuzendaritzak sindikatuen erantzun azkarra eskatu du, hilabetea bukatu aurretik nahi baitu. Horrekin batera, Ulaziak garbi utzi du «malgutasuna» talde osoan hedatuko dela, eskaeraren arabera ekoizten hasiko baita enpresa. Stocka saihestu nahi du zuzendaritzak, zorra ez handitzeko. «Malgutasuna badago, muga zergen galerak orekatu ahal izango ditugu; ez badago, konpainiaren geroa arriskuan jarriko dugu», esan zuen konpainiako buruak, sindikatuentzako mezu argi batean.

ELA, LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariak Guggenheimen aurrean batu ziren atzo, birmoldaketa salatzeko eta enpresaren krisia «zuzendaritzaren kudeaketa txarraren errua» dela ziurtatzeko. Gogorarazi zutenez, azken hogei urteetan 132 milioi euroren irabaziak banatu dituzte akziodun «diruzaleen» artean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Xabier Martin

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna