Casadok fronte bat nahi du Saenz de Santamariari PPren burutza kentzeko

Primarioetako lehen itzuliko garaileak iradokitako hautagaitza bateratuari uko egin dio bigarren sailkatuak, eta buruz burukoa hauspotu du. Cospedali bozkatu ziotenak erakartzea du helburu
Pablo Casado PPko presidente izateko hautagaia, atzo, kazetarien galderei erantzuten.
Pablo Casado PPko presidente izateko hautagaia, atzo, kazetarien galderei erantzuten. JAVIER LIZON / EFE

Igor Susaeta -

2018ko uztailak 7
PPren presidente berria aukeratzeko barne hauteskundeen lehen itzulia egin zuten herenegun, eta afiliatuak artean bozkatzen ari zirenean, hautagaitza bateratuaren alde egin zuten alderdiko hainbat buruzagik. Mariano Rajoyren lekukoa hartuko duena hilaren 20an eta 21ean egitekoak diren ezohiko kongresu batean aukeratuko dute alderdiaren ordezkari hautesleek, eta ondorengo bi asteetan ez dute barne borrokarik elikatu nahi, ez dute irudi hori eman nahi agintariek.

Gutxigatik, baina Soraya Saenz de Santamaria hautagaiak, azkeneko zazpi urteotan Espainiako presidenteorde izan denak lortu zuen babes handien herenegun (%36,9). Bigarren izan zen Pablo Casado alderdiaren Komunikazio idazkariordea (%34,3), eta, horrenbestez, bietako bat izango da PPren hurrengo presidentea.

Lehen itzulian garaile atera zela jakin eta berehala, Saenz de Santamariak hautagaitza bateratu baterako eskaintza iradoki zion Casadori. «Gure militanteek integrazio ahalegin bat merezi dute», adierazi zuen azken zazpi urteotan Rajoyren alboan egondakoak. Nabarmendu nahi izan zuen, hori bai, bere «aukerak» zuela bozkatuena izatearen «bermea».

Baina Casadok aukera hori baztertu zuen bai herenegun, baita atzo ere, berriro komunikabideen aurrean mintzatu zenean. Horri buruz galdetu ziotenean, erantzun zuen PPren joera guztiak integratzen ahaleginduko dela, bai, «baina kongresuaren ondoren». Orain, primarioetan aurkeztu ziren beste lau hautagaien botoak erakartzen saiatuko da. Hau da, Saenz de Santamariari PPren burutza kentzeko asmoarekin, fronte bateratu bat osatu asmo du. Maria Dolores de Cospedal (%25,9), Jose Manuel Garcia Margallo (%1,17), Jose Ramon Garcia Hernandez (%1,15) eta Elio Cabanes (%0,32) izan ziren beste hautagaiak. «Hitz egin dut haiekin, eta esan diet nahi dudana dela nire proiektua haiena ere izatea», azpimarratu zuen Casadok, atzo.

Eta beste arrazoi bat ere eman zuen hautagaitza bateratuaren aukerari muzin egiteko. «Militanteen %63k ere erabaki egin nahi dute». Saenz de Santamariari gogorarazi nahi izan dio, beraz, ez duela, inondik ere, erabateko babesa. Casadok ziurtatuta dauka Cospedalen eta Garcia-Margalloren babesa. Casadok ez du lortu buruz burukora igarotzea, eta, herenegun zenbait hedabidek argitaratu zutenez, hauteskundeetako emaitza inpugnatzeko asmoa zuen, Casadoren taldekoek zenbait hauteslekutan izan zuten jarrera zela eta. Azkenean, ordea, ez du halakorik egin.

Primarioetan bigarren geratu denak atzo esan zuenez, Cospedal «laguna» du. «Bai printzipioak, baita alderdiaren ideia argi bat ere partekatzen ditugu». Gainera, Cospedalek eta Garcia-Margallok argi dute ez dutela Saenz de Santamaria PPren presidentetzan ikusi nahi.

EAEko PP

Ezezkoa jaso arren, Saenz de Santamariak ez dio uko egin nahi hautagaitza bateratuari. Hautagaiaren ahotik hitz egin zuen atzo Jose Luis Ayllon haren kanpainaburuak, eta, balizko bat egite horretarako «denbora» eskatzeaz gain, azpimarratu zuen hautesleek esandakoari erreparatu behar zaiola. Ayllonen ustez, afiliatuen eta ordezkari hautesleen botoak «bat etortzen» dira. 3.134 ordezkari hauteslek bozkatuko dute bi aste barru, eta horietako gehienak kargudun publikoak dira; alderdiaren zuzendaritzarekin bat egiten dutenak, alegia. Eta hori Casadorekin dago.

Borja Senper PPren Eusko Legebiltzarreko bozeramailearen esanetan, «ikuspegi zabala» eduki beharko luke Casadok, eta Saenz de Santamariarekin bat egin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna