Eskuineko aliantzari begira

Suediako Gobernua osatzeko, eskuin muturrak negoziazioetarako deia egin dio Alderdi Moderatuari. Alderdi Sozialdemokrata ere eskuinera begira jarri da, eta «blokeen politika lurperatzera» deitu du

Ulf Kristersson eskuineko Alderdi Moderatuaren liderra, herenegun, Suediako Telebista katearen egoitzan. STJERNKVIST / EFE.
ander perez zala
2018ko irailaren 11
00:00
Entzun
Orain, zer? Suediako etorkizun politikoa inoiz baino irekiago dago, igandeko hauteskunde orokorren ostean. Oraingoz, lankidetzarik eta negoziaziorik eza dira nagusi alderdien artean, baina herrialdeak adostasun eta koalizio politikoetara heltzeko ohitura du historikoki, eta ez dute asko itxarongo hizketei heltzeko: lehen ministroa eta gobernua hautatzeko bozketa urriaren 8a baino lehen egin beharko dute parlamentuan, eta hilaren 25ean osatuko da ganbera. Alegia, gehienez hilabeteko epea dute alderdiek, bi aliantzek, exekutibo berria adosteko, eta, ekuazio horretan, ikusteko dago zer pisu izango duen eskuin muturrak, boto gehien bilduriko alderdien artean hirugarrenak; SD Suediako Demokratak alderdiaren buru Jimmie Akessonek negoziazioetarako deia egin zion atzo eskuineko koalizioari, eta agerian utzi zuen etorkizuneko jokalekua: SDren emaitzek balantza eskuineko aliantzara biratu dutela, ezkerreko eta eskuineko aliantzek diputatu kopuru bera lortu duten arren, eta, ezusterik ezean, Ulf Kristersson M Alderdi Moderatuaren burua izango dela gobernua osatzeko gidari.

Gaur-gaurkoz, litekeena da gutxiengoan jardungo duen gobernu bat izatea; izan ere, Suediako sistema politikoaren arabera, gobernu batek ez du frogatu behar gehiengoa alde duela, baizik eta gehiengoa ez duela kontra, eta horrek igandean sorturiko desegonkortasuna egonkor lezake; 2014tik igandera arte boterean zegoen koalizioak —SAP Alderdi Sozialdemokratak eta MP Alderdi Berdeak osaturikoak— gutxiengoan gobernatu du logika horri esker. Koalizio horrek, ordea, zail du boterera itzultzea: SAPek, herenegungo bozkatuenak, 101 ordezkari lortu ditu (%28,4), aurreko legealdian baino hamabi gutxiago; haren koaliziokide MPk ere galdu ditu diputatuak, eta hamabostekin geratu da (%4,3), iazkoan baino hamar gutxiagorekin. Eta ezkerreko aliantzako azken indarrak, V Ezkerreko Alderdiak, 2014ko emaitzak hobetu ditu, eta 28 diputatu izango ditu parlamentuan (%7,9), aurrekoan baino zazpi gehiago. Baina Vren gorakadak ez du lortu gobernuan zeuden bi alderdien beherakada orekatzea, eta ezkerreko aliantzak azkenean 144 diputatu lortu ditu (%40,6), eskuinekoak baino bat gehiago (%40,3), behin-behineko emaitzen arabera.

Giro horretan, SDren 63 diputatuek (%17,6) garrantzi handia izango dute eskuinaren aukeretan. Eskuin muturrak emaitzak hobetu ditu bozetan bosgarren aldiz jarraian, eta kontuan hartzeko moduko indarra bilakatu da; Kristerssonek, ordea, kanpainan adierazi zuen ez zuela negoziatuko haiekin, baina igandeko emaitzek agerian utzi dute SDren aldeko boto batzuk edo abstentzioa beharko lituzkeela lehen ministro bilakatzeko; edo ezkerreko koalizioaren abstentzioa, nahiz eta aukera horrek zailagoa dirudien.

Bien bitartean, Mren burua botoa aurrez eman zutenen eta atzerrikoen babesen zain dago. Izan ere, bihar emango dute emaitza eguneratuen berri, eta, historikoki, boto horiek mesede gehiago egin diote eskuinari ezkerrari baino. Joerak bere horretan jarraituko balu, eskuineko aliantza indartu egingo litzateke negoziazioei begira.

«Alderdi zintzoak»

Hauteskunde orokorren emaitzek 2014ko hitzorduko joeran sakondu dute: amaitu dela blokeen garaia, aliantzena, eta beharrezkoa izango dela logika horretatik ateratzea. Horregatik, egungo lehen ministro Stefan Lofven sozialdemokratak atzo aldarrikatu zuen boto gehien bilduriko alderdiaren hautagaia zela —inoizko emaitzarik txarrenak lortu zituen—, eta dei egin zien gainontzeko «alderdi zintzoei» negoziazioei ekiteko: «Blokeen politikak lurperatu behar ditugu».

Hala ere, orain arte eskuin muturraren gorakadak etenik izan ez duen arren, SDk urrun jarraitzen du Alderdi Sozialdemokrataren babesetik —11 puntu gutxiago—, eta ez du garaitu eskuina bozetan —bi puntu gutxiago—. Gaur-gaurkoz, eskuin muturrak ez du aliaturik.

Gorakada horrekin batera, ezkerrean Vren gorakada nabarmendu da: SDk migrazioaren aurkako jarrera duen bitartean, Ezkerreko Alderdiak jarrera irekia erakutsi du, eta eskuin muturrari aurre egiteko konpromisoa berretsi zuen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.