Benallak Senatuari erran dio ez dela izan «ez polizia, ez Macronen bizkartzaina»

Frantziako senatariek galdeketa egin diote presidentearen kolaboratzaile ohiari. Eliseoan zuen egitekoaz errandakoek ez dituzte gogobete oposizioko alderdiak
Alexandre Benalla, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen kolaboratzaile ohia, atzo, Senatuan.
Alexandre Benalla, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen kolaboratzaile ohia, atzo, Senatuan. YOAN VALAT / EFE

Mikel Rodriguez -

2018ko irailak 20
Uda luzea izan da Emmanuel Macron Frantziako presidentearentzat. Hauteskundeetan lortutako garaipen zabalak lasai gobernatzeko tartea eman zion, eta agintean egin zuen lehenbiziko urtebetean lider sendoaren itxura eman zuen, Frantzian ez ezik, baita atzerrian ere. Uztailean, ordea, Benalla auzia piztu zen, eta ordutik ia elkarri kateatuta bezala izan diren hainbat gertakarik zeharo aldatu dute presidentearen irudia. Uda bukatzear dela, bertze proba bat gainditu behar izan du Macronek: Alexandre Benallaren agerraldia Senatuan. Presidentearen kolaboratzaile hori Maiatzaren Lehenean Poliziarekin batera manifestari bat jipoitzen grabatu zuten, eta, sei aste geroago eskandalua sortu ondoren, Macronek kaleratu egin zuen. Auzia, ordea, gainean du presidenteak, bai politikoki, bai judizialki, eta atzo Benallak zalantzak areagotu baino ez zituen egin. «Ez naiz inoiz polizia izan, ezta presidentearen bizkartzaina ere».

Benalla ikerketapean dagoenez, senatariek debekatua zuten Maiatzaren Leheneko gertakariei buruz galdetzea. Horregatik, oposizioko senatarien galderen helburua zen Benallak Eliseoan zuen egiteko zuzena zein zen argitzea, eztabaida politikoaren funtsetako bat hor zentratu baita hilabeteotan, «Polizia paralelo bat» eratzea ere leporatu baitiote arerioek Macroni. Benallak atzo erran zuen «orkestrako zuzendaria» zela Eliseoan. «Ez naiz bizkartzaina izan, inoiz. Antolakuntza orokorra bermatzeko lana neukan, segurtasun orokorra», erran zien senatariei. Bizkartzaina ez zela erran, eta, arma bat zergatik eramaten zuen galdetuta, «defentsa pertsonalerako» baimena zuela erantzun zuen, ez zela presidentea babesteko egitekoetarako.

Eliseorako jauzia

Benallak emandako azalpenek ez zituzten gogobete oposizioko senatariak, eta agerraldiak zalantza gehiago sortu ditu. Benallak 27 urte ditu, eta Macronen LREM Errepublika Martxan alderdi sortu berriak iazko presidentetzarako hauteskunde kanpainako segurtasun arduradun izendatu zuen. Hortik Eliseora egindako jauzia, eta jauzi horren izaera zehatza da oposizioak argitu nahi duena. «Estatuaren funtzionamendua jakin nahi dugu», adierazi zuen Jean-Pierre Sueur PS Alderdi Sozialistako senatariak. Macronen alderdiak ez du gehiengorik parlamentuaren goi-ganberan, eta oposizioak horregatik behartu zuen Benallaren agerraldia.

Benalla auzia-ren ondorioz, Macronek bi zentsura moziori aurre egin behar izan zien joan den uztailean, baina, Asanblean duen gehiengo zabalari esker, aisa gainditu zituen. Ordutik, bertze kontu batzuek ere kalte egin diote uda arte guztiz sendoa zirudien presidentearen irudiari: Danimarkan Frantziako herritarrei buruz egindako adierazpen batzuek —«galiarrak aldaketekiko uzkurrak dira»—, adiskide bat Los Angelesen (AEB) kontsul izendatzeko asmoak eta Macronek eta ministroek errenta zergaren bilketa metodoari buruz egindako adierazpen kontrajarriek. Abuztuaren bukaeran eta irailaren hasieran bi ministrok eman zuten dimisioa. Horietako batek, Nicolas Hulot Trantsizio Ekologikorakoak, Macroni eta gobernuari aitzinetik jakinarazi gabe eta gobernuarekin zituen desadostasunak jendaurrean adierazita utzi zuen kargua.

Azken kolpea ospeari

Joan den asteburuan izandako bertze gertakari batek ere kritika erauntsi bat eragin du presidentearen aurka. Eliseo jauregiko lorategiak herritarrei ireki zizkieten, eta han zegoen 25 urteko langabe batek lana aurkitzeko zailtasunen berri eman zion Macroni. «Hotelak, kafetegiak, jatetxeak... Karrika gurutzatu eta aurkituko dizkizut. Jende bizkorra nahi dute lanerako», erantzun zion presidenteak. Oposizioko alderdiek, bereziki ezkerrekoek, klasista izatea leporatu zioten Macroni, eta gazteak hedabideei erran zien «minduta» sentitu zela erantzunarekin. Macronen ospe kaltetuak behar zuen azkeneko gauza izan da erantzun hori eta horrek hartu duen oihartzuna. Irudia garbitzeko ahaleginean, Eliseoak herenegun jakinarazi zuen Barazkigintzako Federazioari eskatu ziola herritar horren egoera aztertzeko, eta hark lan eskaintza bat lortu duela.

Macronen ospe galerak ondorio politikoren bat utzi du, Benalla auzia piztu ondoren Macronek konstituzioaren erreforma gibelatzea erabaki baitzuen. Korsikan arreta bereziz kasu egiten ari dira erreforma horri, uharteari zer-nolako aitortza eginen ote zaion azkenean. Presidenteak erakutsitako ahulezia hori baliatzen saiatuko dira, berriz, hasieratik estu hartu dutenak: sindikatuak. Urriaren 9rako greba orokorrera deitu dute Macronen politika neoliberalen kontra.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna