Suedia eskuin muturraren babesik gabe gobernua eratzeko atakan da

Lofven lehen ministro sozialdemokratak zentsura mozioa galdu du Parlamentuan. Kontserbadoreen esku egongo dira negoziazioak, eta, gobernua eratu ezean, bozak egingo dira hiru hilabeteko epean

Stefan Löfven lehen ministroa, atzo, zentsura mozioa galdu ostean. ANDERS WIKLUND / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Suedian ohi ez bezalako panorama politiko ezegonkorra aurreikusten da aurrerantzean. Iragan irailaren 9ko hauteskundeek utzi duten aritmetikarekin, nekeza izango dute bi bloketan zatituta dauden aliantzek gobernu koalizioa eratzea ez bada eskuin muturraren babesarekin, eta ataka zaila izango da, batzuen eta besteen marra gorria aintzat hartuta; herrialdeko hirugarren indar bilakatu den alderdiarekin negoziatzea, alegia. Parlamentuak Stefan Lofven lehen ministro sozialdemokratari babesa kendu zion atzo. Zentro-eskuineko aliantzak —kontserbadoreek, liberalek, zentrokoek eta kristaudemokratek osatua— xenofobia ardatz duen alderdiarekin batera atera zuen aurrera zentsura mozioa. Lofvenek kontrako 204 boto eta aldeko 102 jaso zituen, eta, hortaz, jardunean aginduko du gobernu berria osatu arte.

Bi blokeek urriaren 8ra arteko epea dute gobernua osatzeko, eta orain ikusiko dira ezker-eskuin dikotomian aritu diren alderdien benetako koloreak. Ados jarri ezean, hiru hilabeteko epean hauteskundeetara deitu beharko dute berriz.

Ulf Kristersson kontserbadoreak, bada, erronka itzela du. Andreas Norlen Parlamentuko presidentea bihar elkartuko da alderdi guztietako ordezkariekin, eta litekeena da bere alderdikideari ematea gobernua eratzeko agindua.

Alderdi Moderatuaren buruak, dena den, eskuineko aliantza zabalaren barruan dauden desadostasunak arindu beharko ditu lehenik eta behin.

Hauteskunde kanpainan, eskuin muturrarekin gobernua eratzearen kontra agertu da zentro-eskuineko blokea, eta kontserbadoreen burua ere jarrera horri eustearen alde mintzatu da. Lofven agintetik kentzean «hitzemandakoa» egin dutela adierazi du, zuhurtasunez, baina ez du zehaztu «akordioak» norekin egingo dituen.

Liberalek eta zentrokoek ere baztertu egin dute eskuin muturraren sostenguarekin agintzea. Demokristauak, ordea, horretarako prest daude. Eva Busch Thor mintzatu da argien: «Gobernua eratzeko prest nago, Suediako Demokraten babesarekin bada ere».

Mataza askatzeko bi blokeek gerturatzeko saiakera egingo duten ikusteko dago. Eserleku baten aldea daukate, 144 zentro-ezkerrak eta 143 zentro-eskuinak, eta gutxiengoan jardungo duen gobernua ere ez da ezinezkoa. Suediako sistema politikoaren arabera, aski da gehiengoa kontra ez izatea, logika horri esker gobernatu baitute sozialdemokratek gutxiengoan; 2014tik, ekologistekin batera egon dira boterean.

Kontserbadoreak sozialdemokratekin aliantzak eratzearen alde agertu dira, eta zentrokoek eta liberalek ere iradoki dute prest daudela haiekin akordio puntualak egiteko; esaterako, aurrekontuak onartzeko. Lofvenek, baina, baztertu egin du eskuineko gobernu bat babestea; haren hitzetan, zentro-eskuina gutxiengoan agintzekotan «erabat eskuin muturraren menpe» egongo delako. Liberal eta zentristekin, berriz,gobernua osatzea sostengatu du lehen ministroak; betiere, berak karguari eusten badio. Bi alderdiek, baina, oraingoz ez dute onetsi proposamena.

Eskuin muturra, gora

Suediako Demokratak-eko Jimmie Akessonen estrategia oso bestelakoa da. Alderdi guztiekin hitz egiteko prest agertu da eskuin muturreko buruzagia, zehaztuz bere alderdia ez dela «ez eskuinekoa eta ez ezkerrekoa» eta «ikuspuntu pragmatikoa» dutela.

Suediako Demokratek 62 eserleku eskuratu dituzte bosgarren aldiz jarraian bozen emaitzak hobetuta. 1998an, alderdiak ozta-ozta eskuratu zituen botoen %0,4. 2014n, berriz, botoen %12,9 lortu zituen, eta irailaren 9an, %17,6ra iritsi zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.