Italiako Gobernuak uko egin dio aurrekontua aldatzeari, eta talka egingo du EBrekin

Europako Batzordeak beste kontu batzuk egiteko eska diezaioke gaur. Defizita txikitzeari ez baizik «ekonomiaren suspertzeari» eman dio lehentasuna Erromak
Giusepppe Conte Italiako lehen ministroa, atzo, Erroman.
Giusepppe Conte Italiako lehen ministroa, atzo, Erroman. RICCARDO ANTIMIANI / EFE

Iker Aranburu -

2018ko urriak 23
Beste krisi bat pizten ari da Europako Batasunean, eta badu arriskutsua izateko potentzialtasuna. Italia eta Europako Batzordea talka egitera doaz Erromako gobernuak aurkezten duen aurrekontu proiektua dela eta. Defizita eta zorra txikitzeko Bruselak markatutako bidea utzi, eta zorrarekin pagatutako gastu publikoa handitzeko hautua egin du M5S Bost Izarren Mugimenduak eta Legak osatutako gobernuak. Norgehiagoka horrek hirugarren aktore kontrolagaitza izango du: finantza merkatuak.

Italiaren arrisku saria 300 puntutik gora igo zen atzo berriro ere. Goizean behera egin zuen, Moody's agentziak ez zuelako Italiaren zorra «zabor bonuen» mailara jaitsi. Gutxi iraun zuen lasaitasunak, eguerdian berriro hasi baitzen arrisku saria igotzen, Italiak Europako Batzordeari erantzun eta berehala. Arrisku saria igotzeak garestitu egiten du zorra ordaintzeko faktura, eta arazo handia da hori Italiarentzat, 2,2 bilioitik gora zor baititu, EBn beste inork baino gehiago (BPGaren %131).

Hilaren 15ean aurkeztu zion Giuseppe Conteren gobernuak aurrekontu proiektua EBri. Egun gutxiren buruan, «azalpenak» eskatu zizkion Pierre Moscovici Finantza komisarioak. Izan ere, proiektuak defizitaren beheranzko bidearekin hausten du —%3tik %2,4ra jaitsi da 2014tik 2017ra, atzo Eurostatek baieztatutako datuen arabera—; aurreko gobernuak %0,8an utzi nahi zuen 2019an, baina %2,4ra igo berri du Lega ultraeskuindarrak eta M55ek babestutako gobernuak.

Moscovicik eskatutako azalpenak atzo iritsi ziren, eta komisarioak espero zituenak ziren, joan den astean Erromara egindako bisitan ikusi zuelako zein zen gobernuaren jarrera. «Italiako Gobernuak badaki bere aurrekontuak hartu duen norabidea ez datorrela bat Egonkortasun Ituna- ren arauekin. Erabaki gogorra izan da, baina beharrezkoa, ikusita ekonomiaren suspertzeak atzeratzen jarraitzen duela», onartu zuen Giovanni Tria Ekonomia ministroaren sinadura daraman gutunak. Erabakiari larritasuna kendu zion Erromak, argudiatuta kontuek ez dutela «ez Italiaren eta ez EBko beste herrialdeen finantza egonkortasuna zalantzen jartzen». Hori bai, Italiako Gobernuak dio «beharrezko neurriak» hartuko dituela bere helburuak ez badira betetzen. «%2,4ra goiko muga da guretzat».

Italiaren gastua handituko duten neurrien artean daude erretiroaren adina atzeratzen duen erreforma atzera botatzea, zergak jaistea eta oinarrizko errenta bat sortzea. Helburu horietan atzera egiteko asmorik ez duela aldarrikatu du M5Seko buru eta gobernuko lehendakariorde Luigi di Maiok, hirurak hauteskunde programan zeudelako. Gainera, ziurtatu du gastua handituta bultzada emango diotela Italiaren hazkunde anemikoari, eta horrek denei egingo diela mesede.

Gaurko espero da Europako Batzordearen erantzuna. Aurrekontua atzera botatzeko aukera badu, baina lehen aldia izango litzateke halakorik gertatzen dela. Hori egiteko eskatu diote jada Austriak eta Herbehereek. Bruselak, baina, badaki tentuz jokatu behar duela, Italiarekin gogor jokatzeak indartu egin baitezake Erromako agintarien jarrera euroeszeptikoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna