Bigarren aukerari begira

Kaledonia Berriko independentistek bertze erreferendum bat egin nahi dute, igandean uste baino emaitza hobea lortu zutela eta. Frantziako lehen ministroak abendurako Parisera deitu ditu alderdiak

Bigarren aukerari begira.
mikel rodriguez
2018ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
«Hagitz pozgarria da ikustea guztiek onartu dutela erreferendumaren emaitzak ezin direla zalantzan paratu». Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak Kaledonia Berrira bisita egin zuen atzo, eta pozik mintzatu zen herenegun egin zen independentziari buruzko erreferendumaren emaitzari buruz. «Kolektiboki harro» egoteko modukoa dela erran zuen. Hamahiru punturen baino gehiagoren aldeaz nagusitu zen independentziaren aurkako botoa (%56,7 ezetzak; %43,3 baietzak), baina independentistek uste baino anitzez babes handiagoa lortu zuten, eta jada helburutzat paratu dute bertze erreferendum bat lortzea —aukera hori onartuta dago Noumeako Akordioan—. Philippek gai hori saihestu nahi izan zuen atzo, eta jakinarazi zuen datorren hilean Parisen elkartuko dela Kaledonia Berriko alderdietako ordezkariekin eta Annick Girardin Itsasoz Haraindiko ministroarekin, «kolektiboki ateratzeko erreferendum honi buruzko konklusioak».

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak herenegun Paristik eman zuen mezuaren ideia nagusia errepikatu zuen atzo Philippek Noumean, emaitza eta prozesua goraipatuta. «Emaitza argia da, eta gehienek nahi dute Kaledonia Berriak [Frantziako] Errepublikan jarraitzea». Gaineratu zuen «30 urtez gertatutakoaren bururatze ezin hobe bat» izan dela erreferenduma, 1988an hasi zen bake prozesuari aipamena eginda. Bertze erreferendum bat egiteari buruz duen iritzia zein den galdetu zioten kazetariek, baina erantzun zuen gauza bakarra izan zen Kaledonia Berriko alderdiei galdetuko ziela horri buruz, eta lehentasuntzat paratu zuen «gai ekonomikoez eta sozialez» eztabaidatzea, «batzuetan bigarren mailakotzat» hartzen direlakoan, eta «Matignongo eta Noumeako akordioen oinarriak» direlako.

Dena den, zail izanen du gaia alboratzea. «Azaroaren 5etik aitzinera hasiko da bigarren zatia, 2020raino, eta, beharrezkoa balitz, 2020tik 2022ra luzatuko dugu», adierazi zuen herenegun arratsean Daniel Goa UC Batasun Kaledoniarreko presidente eta FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakeko bozeramaileak, bertze erreferendum batera deitzeko data posibleak aipatuta —Kaledonia Berriko Kongresuko indar independentista nagusia da UC-FLNKS—. Inkesten arabera, independentistak hagitz emaitza apalak izatekoak ziren, hautesle erroldan kanak indigenak ez zirelako gehiengoa —%46 ziren—, eta independentismoan sektore minoritario batek abstentzioa eskatu zuelako Frantziak errolda «faltsutu» zuelakoan.

«Ezezko masiborik» ez

Hortaz, independentisten emaitzek inkesten iragarpenak gainditu dituzte. Horrez gain, nahiz eta galdu, unionisten helburu handietako bat zapuztu dute. Philippe Gomes Kaledonia Elkarrekin alderdiko presidenteak kanpainan adierazi zuen unionistek botoen %70 inguru lortuz gero ez zatekeela beharrezkoa izanen erreferendum gehiago egitea, eta konponbideak izan beharko lukeela herrialdearen estatusaren inguruko akordio bat egitea independentistekin —kongresuko indar nagusia da Kaledonia Elkarrekin—. Bertze bi alderdi unionistak nagusien liderrek, Sonia Backes Kaledoniar Errepublikanoen presidenteak eta Pierre Frogier Errepublikanoak Batasunekoak, «ezezko masiboa» eskatu zuten kanpainan, eta espero zuten botoen %70-80 artean lortuta bertze erreferendum baterako aukera zapuztea.

«Eskuinak apustu egin zuen independentismoaren kausak gibelera eginen zuela, baina ez da hori gertatu», adierazi zuen Louis Mapou Independentziarako Batasun Nazionaleko presidenteak —bigarren alderdi independentista, eta kongresuko hirugarren indarra—. «Batzuei zein bertzeei gustatuko litzaieke ez solas egitea bertze bi erreferendumei buruz, baina orain, inoiz baino gehiago, gure izateko arrazoia da».

Hauteskundeak maiatzean

1998ko Noumeako Akordioen arabera, lehenbiziko erreferenduma egin eta ondorengo lau urteetan bertze bi erreferendum egin ditzake Kaledonia Berriak. Unionisten kalkulua zen alde ikaragarriz irabaziz gero bertze erreferendum bat eskatzeko argudioak guztiz ahulduta geldituko ziratekeela, hain epe laburrean independentziaren aldeko hautuak igoera handi bat izatea ezinezkoa litzatekeelakoan. Bertze erreferendum bat egiteko, gutxienez Kaledonia Berriko Kongresuko kideen herenak eskatu behar du, eta hemezortzi hilabeteko epean deitu behar dute. Heldu den maiatzean kongresurako hauteskundeak eginen dituzte—independentistak ordezkarien %46 dira gaur egun—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.