Aurrekontuak babesteko eskatu du Tapiak, I+Gn inbertsioa %6 hazteko

Basque Industry 4.0 azokak 2.500 partaide elkartu ditu Bilboko Euskalduna jauregian. Arantxa Tapiak esan du aurrekontuak onartu ezean berrikuntzara 192 milioi bideratu beharko dituela, ez 205

Bilboko Euskalduna jauregian 2.500 partaide elkartu ziren, atzo, Basque Industry 4.0 azokan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Jon Fernandez.
Bilbo
2018ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Marco Taisch Milango Politeknikako irakaslea auto bat erosi beharrean egon zen duela hiru urte, eta kontzesionario batera joan zen. Egun hartan, iluntzean, goibel bueltatu zen etxera, esan ziotelako autoa ez zela iritsiko gutxienez hiru hilabete igaro arte. «Lasai, aita. Nik badaukat soluzioa», esan zion 5 urteko alabak, afaltzen ari zirela. «Sartu Amazonen, eskatu autoa, eta hurrengo egunean ekarriko dizute», bota zion. Anekdota pertsonala baliatu zuen atzo Taischek Bilbon, Euskalduna jauregian, Basque Industry 4.0 azokaren bosgarren edizioan bildutako 2.500 parte hartzaileei erakutsarazteko gizarteak eta, halabeharrez, industriak bizi izan duten iraultza. «Horixe da etorkizuneko kontsumitzailea», nabarmendu zuen irakasleak bere alaba aipatuz, eta berrikuntzen iraultza zelan egin errentagarri esplikatu zien aretoko enpresariei.

Kontsumo ereduak bakarrik ez, ekoizpen ereduak eta produktuak eurak ere ziztu bizian ari dira aldatzen teknologia berrien garapen bizkorraren ondorioz: fabrikazio gehigarria, big data, elkarlanerako robotika, sistema ziberfisikoak, errealitate handitua... Industriaren laugarren iraultza deiturikoa hartu beharreko olatua dela errepikatu zuten atzo Euskaldunan bildutako enpresa industrialen ordezkariek.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren hitzaldiak eman zion hasiera azokari. Iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak datorren urterako ondutako aurrekontuetan %6 handitu nahi dutela I+G+b ikerketa, garapen eta berrikuntza arlora eta digitalizazio programetara bideratutako diru kopurua. Gobernuak, guztira, 205 milioi euro inbertitu nahi ditu berrikuntzaren alorrean, «betiere aurrekontuak onartzen badira».

EAJ EH Bildurekin ari da negoziazioetan, aurrekontuak onartzeko koalizioaren babesa lortzeko asmoz, eta koalizioa estutzen ahalegindu zen atzo Tapia, esanez aurrekontuak onartzen ez badiraI+Gn egindako inbertsioa hamahiru milioi euro txikiagoa izango dela: 192 milioi euro, hain zuzen ere.

I+G inbertsioak, %1,85

I+Garen inbertsioa, hain zuzen, %5,6 handitu zen iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, BPGaren %1,85eraino. Hala ere, 2012an baino bi hamarren apalagoa da, eta EBko iazko batezbestekoa (%2,07) baino txikiagoa.

Berrikuntza sustatzeko asmoz, bosgarren urtez antolatu du Jaurlaritzak Basque Industry 4.0 azoka, lehiakortasunerako eta nazioartekotzerako SPRI taldearen bidez. Atzo, 2.500 partaide bildu ziren, eta hamalau herrialdetako 96 hizlarik parte hartu zuten hitzaldi, mahai inguru eta tailerretan.

Nazioarteko entzutea irabazi du azokak, eta horren adierazgarri Europako Batzordeak espezializazio adimenduneko hiru plataformen (S3Platforms) lehen bilera bateratua antolatu duela Basque Industry azokaren toki berean. Gaur eta bihar egingo dituzte bilerak Euskalduna jauregian.

Halere, atzoko azoka batez ere barrura begirakoa zela nabarmendu zuen Tapiak: «Euskal industriarentzat da, bide luzea daukagulako egiteko. Ikasteko eta ekintzaile izateko espazioa da».

Borja Goenaga Tecnaliako ikertzailearen esanetan kontaktuak egiteko toki aproposa da azoka. «Harremanetan jartzen gara iraultza industriala gauzatu nahi duten enpresekin, eta hornitzaile batzuekin ere harremana egin dugu, aurrez aurrez ez bada askotan zaila delako hornitzaile horiek topatzea».

Bi abiadurarik ez

Goenagak beso robotiko handi bat zeukan atzean martxan, fabrikazio gehigarriaren erakusgarri, unean bertan pieza bat egiten ari zena. Baina azaldu zuen garrantzitsuena ikusten ez dena dela: ez makina bera, ezpada makinari buruz jakin daitekeena. «Lantegiko makinei sentsoreak jar diezazkiekezu, haren funtzionamendua zehatz-mehatz ezagutzeko, haren gabeziak, akatsak...». Informazio horrek dakar iraultza, Goenagaren aburuz: makinak hobetzeko balio du, bezeroa fidelizatzeko, eta lehen existitzen ez ziren negozio adar berriak garatzeko, esate baterako, makinen inguruko zerbitzuena.

Tecnaliak bost urte daramatza Basque Industriy 4.0 azokan parte hartzen, lehenengo urtetik. Azoka hazi egin dela azaldu du Goenagak, eta zehaztu du iazkoa izan zela inflexio puntua: «Iazkoa salto bat izan zen. Enpresa txiki eta ertain asko etorri ziren [Donostiako Kursaalean egin zen iaz azoka]. Grinatsu etorri ziren denak, 4.0 zer zen ezagutzeko gogoz, atzean ez geratzeko erabakitasunez».

Tapiak azaldu zuen Euskal Herrian badirela 4.0 industrian erreferente diren konpainia handiak, traktore lana egiten dutenak gainontzeko enpresa txiki eta ertainak ere berrikuntzara bultzatzeko. Haren iritziz, saihestu egin behar da bi abiaduratarako industria izatea.

Enpresa txiki eta ertainak ere baziren atzo Bilbon, eta ez denakautogintzari, makina-erremintari, aeronautikari edo energiari lotuak. 4.0 iraultza zabalagoa da; Erandioko Osteophoenix enpresa da adibide bat. Ekintzaileentzako txoko berezian zeuden Leticia Garea eta Javier Salas atzo goizean, beste enpresa batzuekin esperientzia partekatzeko zain. «Gailu mediku pertsonalizatuak egiten ditugu 3D inprimagailuekin, hezurrak birsortzeko edo berregiteko», azaldu zuen Gareak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.