Turismoaren zerga aplikatzea ala ez udalen esku utziko du Jaurlaritzak

Lege bat prestatzen ari da Gasteizko gobernuak turismo zerga arautu dezan eta haren bidez biltzen dena turismoan inberti dadin. Bilketaren zati bat udalek kudeatuko lukete, eta bestea, Turismo Sailak

xabier martin
2018ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Turismoaren zerga bat indarrean jarri. Ez da ideia berria, baina orain urte batzuk arte arrotza begitantzen zen Hego Euskal Herrian. Gauzak aldatu egin dira, ordea, hainbeste hazi da turismoaren emaria Hegoaldeko euskal kostaldean. Eusko Jaurlaritzak lege bat egingo duela iragarri du Alfredo Retortillo Turismo sailburuaren bidez, gaua hemen pasatzen duten turistek tasa bat ordain dezaten. Retortilloren proposamenaren arabera, udal bakoitzak erabaki beharko du tasa hori aplikatu edo ez. Edonola ere, beste hainbat turismo lekutan egin duten moduan —Katalunia, Balear uharteak, Paris, Amsterdam, Berlin, Viena, Praga...—, Jaurlaritzako eskumeneko lurraldeetan ere hura indarrean jartzeko ordua dela erabaki du Turismo Sailak.

Turismotik jaso, turismoan inbertitzeko. Lelo horrek laburtu dezake Retortilloren saila proposatzen ari dena. Turismora bideratu beharko dute bilketa lege berriak ahalbidetuko duen tasa aplikatzea erabakitzen duten udalek. Adibidez, turismoa urte osora zabaltzeko programak, ondarearen zaharberritzea eta alorreko enplegua hobetzeko ekimenak aipatu zituen Alfredo Retortillo sailburuak, atzo. Zergaren bilketan dagokien zatia baizik ez lukete kudeatuko udalek, ordea, sailak berak erabakiko bailuke zer egin beste zatiarekin. Legea fintzeko Ogasun Sailarekin batzartuko dela ere jakinarazi zuen Turismo sailburuak. Pedro Azpiazuren sailarekin koordinatzea ezinbestekoa du Retortillok.

Tasa aldakorra

Turismo Sailaren proposamenak dio turismoaren tasa aldakorra litzatekeela, sasoiaren, egonaldiaren iraupenaren eta turistek aterpe hartzen duten lekuen araberakoa. Ez luke berdin pagatuko bost izarreko hotel batean aterpe hartzen duenak eta kanpin batera doanak. Gainera, salbuespen batzuk ezarriko lirateke. Adibidez, programa sozialetako bidaia antolatuetan, bidaiariak ez luke zergarik pagatuko; Espainiako Imsersokoetan, kasurako.

Gipuzkoako Turismo diputatu Denis Itxasok ondo baino hobeto hartu du bere alderdiko kide den sailburuaren proposamena. «Albiste ona» dela esan zuen, eta erantsi zerga berriak «turismoaren irabaziak eta kalteak orekatzeko» balio beharko lukeela. Gipuzkoa «jomuga lehiakorra eta jasangarria» izaten lagunduko duelakoan dago Itxaso.

Turismo Saila prestatzen ari den legearen edukia azaldu zuen Alfredo Retortillok atzoko Turismoaren Mahaian, Gasteizen. Garbi utzi zien mahaiko kideei —Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiak, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako udalak, Eudel, Merkataritza ganberak, turismoari lotutako enpresak eta kontsumo elkarteak— udalek izango dutela betiere azken hitza. Osoko bilkuraren gehiengoz onartu beharko litzateke. Beraz, gerta daiteke Donostiako Udalak turismoaren tasa indarrean jartzea eta Zarauzkoak ez, adibidez, Bilbokoak bai eta Getxokoak ez. Mahaiko kide horiek guztiek beren ekarpena egin ahal izango dute abenduaren 20ra arte.

Turismoaren Mahaian sindikatuei lekua egiteko dekretuaren aldaketa ere iragarri zuen Retortillo sailburuak. Sindikatuek alorreko enpleguaren inguruko ikuspuntua eman ahal izango dutela esplikatu zuen.

Horiek horrela, luze gabe turismoaren zergaren lege bat eduki dezake EAEk. Sektoreak erkidegoko BPG barne produktu gordinean hartu duen pisuaren beste erakusle bat litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.