ELN: «Gobernuak eraso egiten digun bitartean, geure burua defendatuko dugu»

Nazioa Askatzeko Armadak bere gain hartu du polizia eskolaren aurkako erasoa. Bake elkarrizketei heltzeko eskatu dio gerrillak Duqueri. Kubak ez du estraditatuko gerrillaren talde negoziatzailea.

Herritar talde bat Bogotan, herenegun, erasoa gaitzesteko egindako mobilizazioan. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun

Bonba-auto bat leherrarazi zuten Bogotako polizia eskola batean joan den ostegunean, eta, atentatuaren ondorioz, 21 pertsona hil ziren. Erasoaren erantzukizuna ELN Nazioa Askatzeko Armadari egotzi zion Kolonbiako Gobernuak hasiera-hasieratik, eta gerrillak atzo goizaldean hartu zuen bere gain atentatua, Voces bere webgunean argitaratutako ohar batean. ELNk su-etena eman zuen joan den abenduaren 23tik urtarrilaren 3a bitartean, eta iruditzen zaio gobernuak ez ziola eman behar besteko garrantzirik «bake keinu» horri. «Su-eten hori baliatu zuen bere tropek aurrera egin zezaten haien posizioetan», salatu du gerrillak. «Beraz, neurrigabea da, gobernuak eraso egiten digun bitartean, pentsatzea guk ezin dugula erantzun geure burua defendatzeko». Halere, berriro bake elkarrizketei heltzeko eskatu dio ELNk Ivan Duque Kolonbiako presidenteari. Negoziazioak etenda zeuden joan den abuztutik, presidente berriak kargua hartu zuenetik, eta joan den ostegunean hautsitzat jo zituen.

Bake elkarrizketak Quiton hasi zituzten 2017ko otsailean, baina iazko maiatzean Habanara lekualdatu zituzten. Erasoa gertatu eta gero, negoziaziorako ELNren ordezkaritzako kideak atxilotzeko eta estraditatzeko eskatu zion Duquek Kubako Gobernuari. Hamar bat kidek osatzen dute ordezkaritza hori, eta Kuban daude, ustez. Habanak atzo erantzun zion Kolonbiako Gobernuari, eta azpimarratu zuen bake elkarrizketen protokolokoak errespetatuko dituela; hau da, ez dituela estraditatuko. Berehala ailegatu zen Kolonbiaren erantzuna, Miguel Ceballos Bakerako goi mandatariaren ahotik, eta Kubari leporatu zioen ez dagoela «terrorismoa» babesten duen protokolorik. «Gobernuak behin eta berriro eskatuko du ELNren ordezkaritzako kideak entrega ditzatela».

Presidentetzara heldu zenetik, negoziazioen baldintzak gogortu ditu Duquek. Eskuineko presidenteak exijitu dio gerrillari bahituak askatzeko, baita armak entregatzeko ere. Horrekin lotuta, ELNk nabarmendu du oharrean aldebiko su-eten bat «adostu» beharra dagoela, «bakea bilatzeko ahaleginean aldeko klima bat sortze aldera».

2012tik 2016ra luzatu zen FARC gerrillaren eta gobernuaren arteko bake elkarrizketen azken saiakera, eta lortu zuten akordio bat. FARC alderdi politikoa da egun —Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea—, eta osteguneko erasoa kritikatu du. Nolanahi ere, ELNren eta gobernuaren arteko negoziazioei eusteko eskatu dio Rodrigo Londoño Timochenko FARCen idazkari nagusiak Duqueri. «Bakea gerra baino hobea izango da beti. Ez ezazu gerra bat azkartu», aurpegiratu dio Timochenkok Kolonbiako presidenteari.

ELNk komunikatuan dioenez, «azpiegitura militar bat» leherrarazi zuten. Gerrillak argudiatu du han Poliziako kideei hezibidea ematen dietela, eta horiek «aktiboki» parte hartzen dutela «matxinadaren aurkako gerran». «Beraz, gerrarako eskubidearen barruan, azpiegitura horien eta tropen kontrako erasoak badu zilegitasuna». Gerrillak azpimarratu du ez zela biktima zibilik egon. 20 polizia eta bonba-autoa leherrarazi zuena, Jose Aldemar Rojas Mocho ELNko kidea, hil ziren erasoan.

Manifestazio jendetsuak

Atentatua gaitzesteko asmoarekin, herenegun manifestazio jendetsuak egin zituzten Kolonbiako hainbat herri eta hiritan. Duqueren gobernuak jakinarazi zuen Bogotakoaren antzeko beste eraso bat egiteko intentzioa zuela ELNk. Armadak adierazi zuen 120 kilo leherkari topatu zituela Arauca departamentuko herri batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.