Bakearen «markorako zirriborroa» egin dute AEBek eta talibanek

Washingtonek Afganistandik tropak ateratzen baditu, herrialdea «terroristen» babesleku bihur ez dadin eragozteko konpromisoa hartu dute islamistek. Otsailaren amaieran elkartuko dira berriro

Talibanek dozenaka militar hil zituzten joan den astelehenean. Argazkian, erasoa izan zuen base militarra. JAWAD JALALI / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Akordio bat ere ez da, baina hamazazpi urte pasako gerraren ondoren, Afganistanen, bakearen bidean, lehen urratsak egiteko moduan daudela iruditzen zaie bi aldeei. Talibanak eta AEBak joan den urrian hasi ziren mahai batean bueltan esertzen Dohan, eta Zalmai Khalilzad Washingtonek negoziazioetara bidalitako ordezkari bereziak The New York Times egunkariari atzo adierazi zionez, bakearen «markorako zirriborroa» ondu ahal izan dute azken bilera sortan, joan den astean egindakoan. Horiek bukatu zirenean, joan den larunbatean, Zabihullah Mujahid talibanen bozeramaileak nabarmendu zuen azken elkarrizketetan «aurrerapausoak» antzeman zituela. Alde bakoitzak, ordea, ezarrita dauzka bere marra gorriak. Muturreko islamistek nahi dute AEBetako soldaduak Afganistandik erretiratzea; eta Washingtonek, bitartean, exijitu die talibanei eragotz dezatela herrialdea «terroristen» babesleku bihurtzea. Khalilzaden esanetan, horretarako «konpromisoa» hartu dute talibanek. Bileretan parte hartu duen muturreko islamisten goi funtzionario batek BBCri esan dionez, bi aldeek adostu dute bi auzi horiek lantzeko batzorde bana osatzea. Datorren otsailaren 25ean dira bosgarren bilera sorta abiatzekoak.

Balizko su-eten batez ere mintzatu dira bileretan, baina bakoitzak bereari eusten dio oraingoz. Talibanek jakinarazi diote Washingtoni ez dutela meniarik onartuko, AEBetako tropek Afganistanen jarraitzen duten bitartean; eta, kontrara, estatubatuarrek su-eten bat adostu nahi dute tropak ateratzen hasi baino lehen.

Talibanen esanetan, tropen erretiratzeari buruzko egutegiaz ere mintzatu dira bileretan, eta, alde horretatik, «malguak» izateko prest daudela nabarmendu dute. AEBetako iturriek, baina, gezurtatu egin dute balizko datez hitz egin dutela.

Bitartean, negoziazioetan parte hartu nahi du Axraf Gani Afganistango presidenteak. Askotan errepikatu du hori azken hilabeteotan —joan den urrian hasi ziren elkarrizketak—, eta, atzo, Kabulen asmoa hori dela azpimarratu nahi izan zuen, telebista bidez emandako diskurtsoan. Haren hitzetan, «bake iraunkorrerako plan bat» dauka gobernuak, eta adierazi die talibanei har dezatela konpromisoa Kabulekin «bake elkarrizketa serioak» edukitzeko. Baina talibanek Ganirekin esertzeari uko egiten diote, pentsatzen baitute Kabulgoa AEBen «gobernu txotxongiloa» dela.

AEBekin balizko akordio bat ondu eta gero, talibanen asmoa litzateke behin-behineko gobernu bateko kide izatea. Eta Ganik inondik ere ez luke hori nahi. Berez aurtengo apirilaren 20an ziren egitekoak presidentetzarako hauteskundeak, baina, «gardentasuna» bermatzearren, «arazo tekniko batzuk» konpondu behar ditu Hauteskunde Batzordeak, eta, hortaz, uztailaren 20ra atzeratu dituzte.

Khalilzad AEBen ordezkari bereziak Gani lasaitu nahi izan zuen herenegun, eta jakinarazi zion talibanekin ez dutela hitz egin Afganistanen «etorkizuneko azpiegitura politikoaz». Esan zion, gainera, hurrengo bilera sortan Kabulek negoziazioetan eduki dezakeen parte hartzeaz mintzatuko dela talibanekin.

Gerrak eragindakoa izan zuen Ganik hizpide, joan den ostiralean Davosko Foroan (Suitza). 2014ko irailetik da Afganistango presidentea, eta nabarmendu nahi izan zuen haren agintaldian segurtasun indarretako 45.000 kide hil dituztela talibanek. Atzerriko soldaduen zeregina zalantzan jarri zuen, bide batez. «Nazioarteko biktimen kopurua ez da 72ra iristen. Horrek erakusten du nor ari den borrokatzen». Kontuan hartu behar da ISAF Afganistanen Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarra misioa 2014ko abenduan eman zuela bukatutzat NATOk, eta atzerriko soldadu gehienek Afganistandik alde egin zutela. Hildako zibilen kopurua, berriz, inoiz baino gehiago hazi da azken urteotan. NBE Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, 2017an 10.000 baino gehiago izan ziren.

AEBetako 14.000 soldadu

Barack Obama AEBetako presidenteak (2009-2017) behin baino gehiagotan adierazi zuen tropak aterako zituela Afganistandik, baina ez zuen esandakoa bete. Kargua utzi zuenean, AEBetako 8.400 soldadu zeuden han. Donald Trump haren ordezkoak kopuru hori handitzea erabaki zuen 2017an, eta egun 14.000 inguru dira. Horiei gehitu behar zaizkie NATOren Erabateko babesa misioarekin bat egin zuten 38 herrialdetako 8.000 soldaduak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.