Mayren 'brexit'-erako estrategiak ez du Komunen Ganberaren babesa

Diputatuek Erresuma Batuko lehen ministroaren estrategia arbuiatu dute, eta EBtik irtetearekin zerikusia duen zortzigarren bozketa galdu du

Brexit-aren aurkakoek protesta egin zuten Erresuma Batuko Parlamentuaren kanpoan, Brexit itsurik ez lelopean. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
ander perez zala
2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Groundhog Day ingelesez; déjà vu frantsesez. Eguna errepikatzea, gertaturikoa berriz gertatzea, egoera horretan dago egun brexit-aren eztabaida Erresuma Batuan. Bozketak ugaritzen ari dira Komunen Ganberan, baina aurrerapausoak urriak dira; Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak ez du ez aurrera eta ez atzera egin azken hilabeteotan, baina presio politikoa nabarmen areagotu diote diputatuek. Urtarrilaren 29an, ganberak eskatu zion Irlandako mugarako protokoloa —backstop-a— «beste adostasun batekin» aldatzeko, eta May Bruselara itzuli zen Komunen Ganberako gehiengo hori oinarri hartuta; baina, azkenean, Irlandan muga gogorra eragozteko protokoloa kendu beharrean, moldatu egin nahi zuela adierazi zuen. Ez zen hori diputatuen nahia, baina hori ez da izan haien pazientzia agorrarazi duen gertakari bakarra. Sinbolikoa den arren, lehen ministroak bozketa garrantzitsu bat galdu zuen atzo Komunen Ganberan: San Valentin egunean, gobernuaren mozioaren aurka bozkatuta, diputatuek Mayri adierazi zioten ez duela haien babesik (258-303). Brexit-arekin zerikusia duen zortzigarren porrota izan zen.

Finean, Komunen Ganberak Mayren negoziazio estrategia arbuiatu zuen atzo, backstop-a kentzeko agindu zion parlamentu berak. Eta emaitzak agerian utzi zuen errealitate bat: lehen ministroak laborista batzuen aldeko botoak beharko dituela brexit-aren akordioa aurrera atera nahi badu. Alderdi Kontserbadoreak diputatu europazaleak eta euroeszeptikoak ditu ganberan, eta denek ez dute batera bozkatzeko ohiturarik; horregatik, giltzarri izango da Mayrentzat diputatu laboristak konbentzitzea, bere gobernua sostengatzen duen Alderdi Demokratiko Unionistak (DUP) ere zaildu egiten dizkiolako Komunen Ganberako bozketak. Irtenbide bakarra alderdien arteko elkarrizketek dirudite, baina lehen ministroak adierazi du ez duela nahi halakorik.

Hurrengo hitzordu garrantzitsua hilaren 27an izango da, berriz ere Komunen Ganberan, Mayk jakinarazi baitu egun horretan itzuliko dela ganberara «zer edo zerekin»; ez badu halakorik egiten, diputatuek mozioak aurkeztu ahal izango dituzte, zer bide hartu behar duen erabakitzeko.

Baina badirudi nahitaezko testuingurua izango dela azken hori, Europako Batasunak (EB) ezezkoa eman dielako Mayren eskariei. Jeremy Corbyn Alderdi Laboristaren buruzagiak horixe bera gogorarazi zion atzoko saioaren amaieran. Hitz gogorrak izan ziren: «Ez dago gehiengorik haren norabiderako. Haren estrategiak huts egin du». Aurrean, ordea, ez zegoen inor, lehen ministroak erabaki baitzuen atzoko saioan ez egotea; hori ere leporatu zioten hainbat diputatuk: aurpegia ez ematea porrot horren aurrean. Mayk, beraz, bi aste ditu zer egin erabakitzeko, gaurtik aurrera ezin duelako argudiatu bere estrategia justifikatzen duen gehiengo bat duela atzean.

Itunik gabeko testuingurua

Gobernuak aurkezturiko mozioari hamar zuzenketa aurkeztu zizkieten diputatuek, eta John Bercow ganberako presidenteak horietako hiru hautatu zituen bozkatzeko. Horietako batek arrakastarako aukera zuen, akordiorik gabeko brexit-aren ondorioei buruzko analisia jakinarazteko eskatzen baitzion gobernuari. Azkenean, gobernuak adostu zuen ondorio horiek jakinaraztea egitea, zuzenketa aurkeztu zuen Anna Soubry diputatu kontserbadorearen arabera. Ez zuten datarik aipatu.

Gainontzeko bi zuzenketen inguruan bozkatu zuten diputatuek. Lehena Alderdi Laboristarena zen, eta Mayri hilaren 27a jartzen zion epemugatzat akordio bat ganberan aurkezteko; diputatuek, ordea, ezezkoa eman zioten (306-322).

Bigarrena Eskoziako Alderdi Nazionalarena (SNP) zen, eta lehen ministroari eskatzen zion irteera data gutxienez hiru hilabetez atzeratzeko hizketak hasteko; horri ere ezezkoa eman zioten, tarte handiarekin (93-315).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.