Europako Batzordeak adierazi du jada ez dagoela «migrazio krisirik»

Batzordeko presidenteordeak esan du iaz 2015ean baino %89 etorkin gutxiago iritsi zirela Europara. Europako Batasunak 140 milioi euro emango dizkio Marokori mugako kontrolak indartzearen truke

Abenduaren 28an, 92 migratzaile iritsi ziren Granadako portura, hango erreskate taldeak salbatu ostean. MIGUEL PAQUET / EFE.
2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
«Europan ez dago 2015az geroztik bizi izan dugun migrazio krisia, baina oraindik egitura arazoak daude». Hala azaldu zuen atzo Frans Timmermans Europako Batzordeko lehendakariordeak. Batzordeak dio albiste «faltsuak» eta informazio «okerra» hedatu dela Europako migrazioaren inguruan azkenaldian, eta bukatutzat eman du «migrazio krisia». Adierazpen horrekin batera, migrazioaren kudeaketan eta mugen kontrolarekin lotuta, aldaketa «sakonak» egingo dituela azaldu du EB Europako Batasunak: besteak beste, 140 milioi euroko diru laguntza emango dio Marokori, herrialdearen mugetako kudeaketa «hobetzeko».

Europako Batzordearen datuen arabera, 2018an 116.647 pertsonak migratu zuten Europara, Mediterraneoa gurutzatuz: 2015ean baino %89 gutxiagok. Izan ere, EBk adierazi zuen 2015ekoa izan zela «migrazio krisiaren unerik larriena», Siriako gerraren garapenak eragin zuena gehienbat. Geroztik, esan du Europan ezagutu den migratzaile kopururik txikiena izan dela iazkoa.

Batzordeak aurkeztutako dokumentuan azaltzen du «beharrezkoa» dela neurriak «lehenbailehen» hartzea. Horien artean, Marokori 140 milioi euroko diru laguntza emango dio. «Maroko are gehiago babestu behar dugu. Izan ere, asko handitu da Mediterraneo mendebaldetik datorren pertsona kopurua», justifikatu du Timmermansek. Modu horretan, helburua da Marokoko mugako kudeaketa hobetzea eta kontrolak indartzea. 2018an Espainiara migratu zuten pertsonen kopurua 2017an baino %131 handiagoa izan zen —ia 65.000 pertsona—, Batzordearen datuen arabera. Haatik, EBko lehendakariordeak ez du azaldu EBk baldintzarik jarri ote dion Marokori diru hori jasotzearen truke. Maroko da migratzaileek Europara heltzeko gaur egun duten bide nagusietariko bat.

Marokoz gain, 2015etik migratzaileen beste bide nagusiak ere nabarmendu ditu Timmermansek. Beste neurri bat izango da Libian atxikitze zentroetan dauden migratzaileak zentroetatik ateratzea. Horretarako, bidea «erraztuko» die borondatez beren herrialdeetara bueltatu nahi duten migratzaileei —37.000 pertsona itzuli dira borondatez orain arte—, eta 2.500 pertsona «ebakuatu» dituztela esan du Batzordeak.

Arreta berezia jarri du Grezian. Adierazi du oraindik «konpondu gabe» daudela hainbat migrazio arazo, hala nola migratzaileen itzulerei, asilo eskaerei eta kanpalekuei dagokienez. «Migrazio kudeaketa hobetzeko, Greziak estrategia nazional eraginkor bat jarri behar du martxan lehenbailehen».

Oinarrizko neurriak bukatzeko, gehitu du lehorreratzeak kontrolatzeko «eraginkorrak» izan zirela 2018ko udan eta 2019ko urtarrilean abiatutako «mekanismoak», modu «sistematikoagoan eta koordinatuagoan» egin zirelako, eta, beraz, «aldi baterako mekanismoak» aplikatzen jarraituko duela.

Neurri horietaz gain, Batzordeak azpimarratu du migrazioaren gaian «nahitaezkoa» dela «Europako Batasunetik kanpo dauden kideekin elkarlana bultzatzen duen planteamendu global» bat izatea.

«Mitoak» gezurtatuz

Atzo Europako Batzordeak aurkeztutako txostena, Timmermansen esanetan, azkenaldian hedatu diren «mitoei» aurre egiteko aurkeztu zuen. Viktor Orban Hungariako lehen ministroari egotzi dio migrazioa hauteskundeetako gai nagusi bilakatu izana. Batzordeak salatu duenez, Hungariako Gobernuak orain dela hilabete abian jarri zuen hauteskunde kanpainak informazio «faltsua» ematen zuen migrazioaren inguruan, baita Jean Claude Juncker Europako Batasuneko presidenteari eta George Soros magnate jatorriz hungariarrari buruz ere. EBk Hungariako Gobernuari txosten baten bitartez erantzun dio.

Errefuxiatuen aldeko hainbat taldek Europako Batasunak hartutako neurriak kritikatu dituzte. Adierazi dute ez dituztela kontuan hartu atxilotuta dauden migratzaileak, eta atxilo dauden zentroetan «indarkeriazko tratuak» jasotzen dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.