Zuhur eta anbiziotsu

Athleticek pauso txiki baina sendoak eman gura ditu sasoi amaiera honetan, helburu handiak lortu ahal izateko. Gaur hasiko du azken esprinta, Gironan

Raul Garcia eta Iñaki Williams, aurrelariak Atletico Madrili sartutako gola ospatzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
haritz gallastegi
Bilbo
2019ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Athleticen denboraldiak bi zati oso ezberdin izan ditu. Lehen herena, oso txarra izan zen, inoizko txarrenetakoa. Lehen hamalau partidetan 11 puntu baino ez zituen irabazi, eta jaitsierako postuetan egon zen. Ibaiganen argi gorria piztu zen, Biurteko beltza-ren antza baitzeukan zuri-gorrien ibilbideak. Baina abenduan beltza zena zuri bihurtu da martxoan. Izan ere, ordutik ligan jokatutako beste hamalau norgehiagokatan askoz uzta handiagoa lortu du taldeak: 26 guztira. Hau da, denboraldiaren bigarren zatian Europa ligarako sailkatzeko aukera ematen duen batez bestekoa lortu du Athleticek. Ondorioz, sailkapenaren erdialdean dago. Denboraldiaren bi zatien artean egon den aldaketa nagusia entrenatzaileaizan da. Eduardo Berizzoren aroa ez zen izan espero zen modukoa. Gaizka Garitanok, ordea, asmatu egin du taldeari etekina ateratzeko orduan.

Gaur sasoiaren hirugarren eta azken zatia hasiko da. Zer eskatu behar zaio taldeari azken hamar jardunaldietan? Zer helburu dute jokalariek? Bai klubean eta bai inguruan Europa ligarako sailkatzeko borrokan sartzea dirudi apustua. Hala ere, aho txikiarekin igorritako mezua da. Izan ere, matematikoki aukera izan arren, ia guztiek dute argi oso gaitza izango dela sei onenen artean sailkatzea —Bartzelonak Espainiako Kopako finala irabaziz gero, zazpigarren sailkatua ere ariko da Europa ligan—. Hasteko, zuri-gorriek puntu asko irabazi beharko dituzte. Jokoan dauden 30 puntuetatik gutxienez hogei irabazi beharko dituzte. Bigarrenez, aurretik dituen talde kopurua eta aurkarien maila hartu behar da aintzat. Betis eta Valentzia indartsuak dira oso. Eta Europako postuetan Sevilla, Alaves eta Getafe daude. Hiru talde horiek ia sasoi guztia daramate onenen artean.

Erronka zaila da. Horregatik, Garitano zuhurtzia eta anbizioa uztartzen ahalegintzen ari da. Ez dirudi bateragarriak direnik, baina futbolerako balio dute. Izan ere, helburuak jartzea erraza da, baina horiek lortzeko pausoak emateko presa larregi izaten da sarri, eta akats asko egiteko arriskua dago. Garitanok argi du: beti aurrera, baina pausoz pauso.

Suspertu egin da Girona

Athleticek gaur Montilivin egin gura du azken txanpako lehen urratsa. Etxetik kanpo zaleen babesean aritzea baino askoz zailagoa da, baina ez dirudi Gironan (Herrialde Katalanak) jokatzea aukera txarra denik. Ez, behintzat, estatistikei erreparatuz gero. Eusebio Sacristanek zuzentzen duen taldeak bi partida baino ez ditu irabazi zaleen aurrean, eta bost hilabete daramatza etxean irabazi barik. Horren ondorioz, larri ibili da, baina azken partidetan hobetu egin du. Eusebiok erdiko hiru atzelariko sistema baztertu eta lau atzelarirekin jokatzea erabaki zuenetik puntu asko irabazi ditu. Hala ere, aurrelariak dira Gironan zaindu beharrekoak. Cristian Stuanik taldearen golen erdiak sartu ditu, eta nortasuna eta eraginkortasuna ematen dizkio Gironari. Areatik urrun mantentzea izango da zuri-gorrien helburua. Bestalde, Portu esnatu dela dirudi. Athleticek Yeray Alvarezen falta izango du gaur. Erdiko atzelaria bikain ari da, baina Unai Nuñezek Atletico Madrilen kontrako maila ematen badu, ez dago kezkatzeko arrazoirik. Bestalde, Ander Capa osatu egin da, eta litekeena da hasieratik aritzea.

GIRONA-ATHLETIC

Girona. Bono; Porro, Alcala, Juanpe, Raul Garcia; Valery, Pons, Granell, Borja Garcia; Portu eta Stuani

Athletic. Herrerin; Capa, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri; San Jose, Dani Garcia, De Marcos, Raul Garcia, Muniain; eta Williams

Epailea. Sanchez Martinez.

Lekua. Montilivi (13.500 ikusle).

Ordua. 21:00etan (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.