Lurraldea josteko tren baten eske

Milaka pertsonak AHTaren aurka egin dute Gasteizen, eta beste tren eredu bat aldarrikatu dute

Tren sozialaren aldeko manifestazio jendetsua egin zuten atzo Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
AHTa ez den beste trenbide eredu bat badagoela aldarrikatu zuten atzo milaka pertsonak Gasteizen: tren soziala, hau da, herriak, eskualdeak, hiriburuak eta industrialdeak lotuko dituena. Lurraldea josiko duena. «Lurraldea egituratuz, eremu bakartuak utziko ez dituen tren bat nahi dugu, eta ekonomikoki edonorentzako eskuragarri izango dena», aldarrikatu zuen Amaia Zufiaur AHTaren aurkako mugimenduko kideak, eguerdian eginiko manifestazio jendetsuaren amaieran.

Arabako Lautada, Añana, Sakana, Erriberriko Merindadea, Lizarraldea (Nafarroa)... Euskal Herriko hainbat gunetatik heldu ziren atzoko manifestaziora. Gizarte ordezkaritza ere ez zen atzean geratu. Izan ere, AHTa, azpiegitura bat ez ezik, lurralde antolaketaren eta gizarte ereduaren isla ere bada. Ikuspegi hori blokeetan egituratu zuten: gazteak, pentsiodunak, lurraren defentsaren aldeko taldeak, mugimendu feminista... AHTrik ez, bizitzak erdigunera lelodun pankarta eraman zuen azken bloke horrek.

Tren lasterra egiteko aurrekontuari buruzko hausnarketa hau egin zuen Zufiaurrek, deitzaileen bozeramaile gisa: «Irrigarri geratzen dira esatean aurrekontua Europatik edo Espainiatik datorrela, administrazio publikoen aurrekontua gure patriketatik ateratzen baita». Bide beretikmintzatu zen Javier Garcia, Sakanatik heldutako manifestari bat: «Landa eremuari buruzko hitz onekin betetzen zaie ahoa, baina aurrekontuan ez da halakorik islatzen». Aurrekontu hori bideratzeko hamaika aukera zerrendatu zituen Zufiaurrek: hezkuntza, osasun arloa, politika feministak, elikadura subiranotasuna...

Are, manifestazioan bildutakoek eskatu zuten egungo burdinbidera bideratzea ahaleginak. «Frantziako Gobernuak, Bordele eta Hendaia arteko AHTa egin beharrean, burdinbideak berritu ditu, eta %95 urritu ditu kostuak», azaldu zuen Zufiaurrek. Hori dela eta, gaur egun dauden burdinbideak gaurkotzeko eskatu zuten. Are, Europako tren lasterraren sarearekiko lotura hobetu nahi izanez gero, hirugarren haria ezar litekeela gaineratu zuten.

Manifestazioa Floridara

Jai giroan hasi zen manifestazioa, San Anton plazan. Dozenaka traktorek ireki zieten bidea manifestariei. Klaxona jo zuten etengabe, mobilizazioaren berri ez zutenen harridurarako: batzuek aldarriarekin bat egin zuten, eta beste batzuek, berriz, atsekabe keinuekin erantzun zuten. «Kexatzen diren horiek pentsa dezatela AHTa eginez gero herri askoren ondotik pasatuko dela, ziztu bizian, zarata eginez», zehaztu zuen manifestari batek, ibiltari baten kexuen aurrean.

Traktoreen atzetik egin zuten bidea manifestariek. Protestaren buruko pankartak labur jasotzen zuen bertaratutakoen aldarria: Trena bai, AHTrik ez. Atzetik, blokeka, beste hainbat aldarri irakur zitezkeen. Florida parkeko kioskoan amaitu zuten manifestazioa. Ezohiko lekua, saskibaloiko Lauko Finalak eraginda. Hain zuzen, hiriguneko plaza eta espazio publiko nagusiak Euroligako finalak hartuta daude egunotan. «Horri buruz hausnarketa polita egin liteke», zehaztu zuen Javier Garcia manifestariak.

Martxa amaitu osterako, hainbat jarduera aurreikusita zeuden Florida parkean. Ordea, eguraldiak behartuta, Auzolana pilotalekura mugitu zituzten: herri bazkaria, haurrentzako gunea... Puzgarri, tailer eta askotariko ekintzekin disfrutatu ahal izan zuten umeek, eta, gero, kontzertuak izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.