Cristina Fernandezek salatu du bere aurkako epaiketa «jazarpen ekintza bat» dela

Argentinako presidente ohia epaitzen hasi dira, lan publikoen lizitazioetan iruzur egin izana leporatuta. Fernandez presidenteordetzarako hautagai izanen da

Cristina Fernandez Buenos Airesko 2. Ahozko Auzitegi Federalean, atzo. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE.
mikel rodriguez
2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Cristina Fernandez Argentinako presidente ohiaren aurkako lehenbiziko epaiketa hasi zen atzo. Hamar bat auzibide ditu irekita ustelkeria akusazioengatik. Haren bi agintaldietan (2007-2015) hainbat delitu egin izana leporatzen diote, eta kasuez arduratu diren Ahozko Auzitegi Federalek ahozko epaiketa egiteko erabakia hartuta dute lau auzitan. Atzo hasi zen lehenbizikoa, Vialidad auzia. Legez kanpoko elkarte bat osatzea eta administrazio publikoari kalte egitea leporatzen diote Fernandezi, lan publikoak lizitatzean iruzur egin zuela iritzita.

Presidente ohiak, ordea, salatu du egungo gobernuaren «jazarpen ekintza bat» ari dela jasaten. Fernandezek joan den asteburuan jakinarazi zuen politikaren lehenbiziko lerrora itzuliko dela heldu den udazkeneko hauteskundeetan presidenteordetzarako hautagai aurkeztuta, eta kirchneristak dira Mauricio Macri presidentearen koalizio eskuindarra boteretik ken dezaketen alternatiba nagusia.

«Gobernuak argentinarren arreta desbideratu nahi du herrialdearen egoera dramatikoa estaltzeko», salatu zuen Fernandezek, epaiketara joan aitzinetik sare sozialetan argitaratu zuen mezu batean. German Garavano Justizia ministroak presidente ohiaren akusazioak ukatu zituen, eta defendatu zuen prozesua «gardena» dela. «Epaile guztiak Cristina Fernandezen agintaldian izendatutakoak dira».

PJ Alderdi Justizialistako hainbat kide ondoan zituela agertu zen Fernandez auzitegira, Buenos Airesen. Presidente ohia eta bertze hamabi pertsona hasi dira epaitzen. Gehienak Fernandezen eta haren aitzineko presidente Nestor Kirchnerren (2003-2007) gobernuetako kideak dira —Fernandez eta Kirchner senar-emazteak ziren—. Fiskalen arabera, errepide azpiegituretarako funts publikoetatik dirua bereganatzeko sistema bat sortu zuten, eta «legez kanpoko elkarte» horren buruzagi izatea leporatu diete Kirchnerri —2010ean zendu zen— eta Fernandezi.

Espero da epaiketak urtebete inguru iraunen duela. Tartean, gainera, litekeena da Fernandezen aurkako bertze epaiketaren bat hastea. Los Sauces/Hotesur auzia, errate baterako, heldu den irailean hasiko da,Argentinako hedabideek joan den asteanargitaratu zutenez. Kasu horretan, dirua zuritzea leporatzen diete Fernandezi eta Maximo eta Florencia Kirchner seme-alabei.

Presidentetzarako hauteskundeak heldu den urriaren 27an eginen dituztela kontuan hartuta, Fernandezen aurkako epaiketak bete-betean sartu dira bozetarako lehian. Presidente ohia senataria da 2017az geroztik; horregatik, immunitatea dauka, eta ezin dute atxilotu, nahiz eta auzibideen harira haren aurkako atxilotze aginduak eman dituzten. Hauteskundeetan presidenteorde hautatuko balute, Senatuko presidente ere bihurtuko litzateke, eta immunitatea mantenduko luke.

Fernandez eta Fernandez

Alberto Fernandez presidentegai duela aurkezteko asmoa du Cristina Fernandezek. Alberto Fernandezek Vialidad auzian lekuko gisa deklaratu behar du, gainera. Kirchnerren kabineteburua izan zen, baina Cristina Fernandezek presidentetza hartu eta hilabete batzuetara kendu zuen postutik. Presidenteordegaiak desadostasunak alde batera utzi dituztela aldarrikatu du, eta Macri presidentearen aurkako sektoreak batu nahi dituzte haien hautagaitzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.