Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketaren bukaera

Ondorioak aurkezteko defentsei asti gutxi ematea salatu dute behatzaileek

Akusatuen abokatuak absoluzioa eskatzeko argumentuak plazaratzekoak dira Espainiako Auzitegi Gorenean, gaur eta bihar. Junqueras: «Ezertarako ez du balio izan epaiketan ikusitakoak»

Akusatuek iragan astean entzun zituzten fiskaltzaren eta Estatuaren Abokatutzaren ondorioak. AUZITEGI GORENA / EFE.
Igor Susaeta.
Madril
2019ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Konparazio bat egin dute Kataluniako buruzagi subiranisten kontra Espainiako Auzitegi Gorenean egindako epaiketa ikusi duten behatzaileek. Hiru akusatzaileek, hau da, Goreneko Fiskaltzak, Estatuaren Abokatutzak eta herri akusazioak Vox alderdi ultrak zazpi ordu eduki zituzten, lehengo astean, epaiketaren ondorioen txostenak plazaratzeko. Akusatu bakoitzaren defentsari, aldiz, ordubete emango dio Manuel Marchena epaimahaiburuak. ITW International Trial Watch-Catalan Referendum Case plataformaren bidez epaiketa publiko moduan ikusi duten begiraleek atzo ohar baten bidez salatu zutenez, denbora hori «ez da nahikoa», epaiketaren «tamaina» kontuan hartuta.

Gorenak ezarritako egutegiaren arabera, hamabi akusatuen defentsek gaur eta bihar artean aurkeztu beharko dituzte haien ondorioak. Absoluzioa eskatzekotan dira. Akusatuek, berriz, defentsek bukatu eta gero izango dute azken hitza hartzeko aukera. Ondoren, epaiaren zain geratuko da epaiketa. Auzipetu bakoitzari ordu laurden ematea da Marchenaren asmoa, baina ez du baztertzen malgutasunez jokatzea. Ikusteko dago defentsekin ere irizpide bera erabiliko ote duen.

ITWek txosten bat argitaratu du, astero, epaiketak iraun duen bitartean, eta behin baino gehiagotan kritikatu du Marchena, azpimarratuz akusatuen defentsa eskubidea urratu izan duela, eta «inpartzialtasunez» aritu dela. Atzo kaleratutako oharrean fiskaltza ere jarri zuten jopuntuan. Plataformarentzat, «bereziki kezkatzeko modukoa» da Ministerio publikoak, bere ondorioetan, paralelismo bat egin izana 2017ko urriaren 1aren eta 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpearen artean. Behatzaileek pentsatzen dute fiskalek matxinada delitua justifikatzeko erabili dituzten argudioak «politikoak» izan direla, eta ez dutela ez frogen, ez lekukoek deklaratutakoen analisirik egin. «Horrek adierazten du ez dutela oinarrizko eskubideen ikusmolde demokratikoegia». Txostena ondu duten begiraleak kexu dira, aldi berean, hiru akusazioek ez dutelako zehaztu non eta noiz gertatu zen ustezko altxamendu biolentoa.

Espetxean jarraitzeaz

Oriol Junquerasentzat, epaiketan ikusitakoak ez du «ezertarako» balio izan. «Mendeku gosea nagusitu da». Kataluniako presidenteorde kartzelatuak idatzitako gutun bat kaleratu zuen TV3 Kataluniako telebista publikoak, atzo. Azpimarratu du «sinesgaitza» iruditzen zaiola fiskalak egindako kontaketa. «Dena den, jada ezerk ez nau harritzen».

2017ko azarotik dago espetxean Junqueras. Duela bi aste NBEko Atxiloketa Arbitrarioaren Lantaldeak proposatutakoari jarraikiz, epaia eman bitartean kartzelatutako auzipetuak aske uzteko eskatuko dute berriro defentsek. Halere, iturri judizialak aipatuz zenbait hedabidek kaleratu dutenez, Gorenak ez du horretarako asmorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.