Agoniaren osteko loria

Mikel Iturriak garaipen gogoangarria lortu du Urdazubin, Espainiako Vueltako 11. etapan. 25 kilometroren faltan, erasoa jo du, eta tinko eutsi die aurkariei
Mikel Iturria Euskadi-Murias taldeko txirrindulari urnietarra pozez gainezka, atzo, Urdazubiko helmugan, Espainiako Vueltako 11. etapan.
Mikel Iturria Euskadi-Murias taldeko txirrindulari urnietarra pozez gainezka, atzo, Urdazubiko helmugan, Espainiako Vueltako 11. etapan. JAVIER LIZON / EFE

Eñaut Agirrebengoa -

2019ko irailak 5
Handia egin zuen atzo Mikel Iturriak (Euskadi-Murias), Espainiako Vuelta Euskal Herrira iritsi zen egunean. Donapaleuko irteeran (Nafarroa Beherea) amets ero bat besterik ez zena egia bihurtu zuen Urdazubiko helmugan (Nafarroa), modu ikusgarrian irabazita. Iheskideak ezustean hartu zituen 25 kilometroren faltan jotako eraso ausart batekin, eta ezin izan zuen inork ere harrapatu. Gutxirengatik, hori bai. Izan ere, amaieran gain-gainean izan zuen atzetik zetorren taldea. Atsekabearen eta loriaren mugan egon zen, baina bigarrena dastatu zuen azkenean. Hala, urnietarrak Vueltako bigarren etapa garaipena eman zion taldeari, iaz Oscar Rodriguezek lortutakoaren ondoren.

Esperotako gidoia izan zuen etapak. Ihesaldian sartzeko borroka bizia egon zen lehen kilometroetan, eta hamalau ziklistak egin zuten aurrera. Horietatik lau euskal herritarrak ziren: Iturria bera, Gorka Izagirre (Astana), Alex Aranburu eta Jonathan Lastra (Caja Rural). Aurkari bihurriak zituzten, hala nola Ben O'Connor (Dimension Data), Amanuel Ghebreigzabhier (Dimension Data), Francois Bidard (Ag2r), Damien Howson (Mitchelton), Matteo Fabbro (Katuxa), Remi Cavangna (Deceuninck) eta Lawson Craddock (Education First).

Tropelean ez zegoen etapa lehiatzeko asmorik. Erritmo lasaia jarri zuen Jumbok. Hartara, hasieratik ikusi zen garbi garaipena iheslarien artean jokatuko zutela. Aise zabaldu zuten tartea: Horkaitzen 8.30eko abantaila zuten jada. Hurrengo mendatea Izpegi zen, eguneko igoerarik gogorrena 7,2 kilometro eta %7,1, eta bertan zeresana eman zuen Izagirrek. Sua piztu zuen lehenik, O'Connorren sugarra itzali zuen gero, eta multzoa eztandarazi zuen azkenean. Aranburu izan zen ormaiztegiarrari eusten bakarra.

Gipuzkoarrei Craddock batu zitzaien Otxondora —7,6 kilometro eta %4,7— iritsi aurretik. Oso hirukote indartsua zen, baina atzean ez zeuden prest amore emateko. Hala, erasoa jo, eta lasterketa burura iristea lortu zuten Howsonek, Ghebreigzabhierrek, Bidardek eta Fabbrok. Apurtu egin zen akordioa, eta moteldu erritmoa. Horri esker, jaitsieran Lastrak, Iturriak, Cavagnak, Benjamin Thomasek (Groupama) eta Jorge Arcasek (Movistar) ere bat egin zuten aurrekoekin. Horrekin aski ez, eta garaipenaren bila abiatu zen Iturria, bakarkako ahalegin bipil batekin. Ez zen, apika, ihesaldiko indartsuena, baina denetan ausartena eta argiena izan zen.

Atzean elkar zelatatzen gelditu ziren denak, eta Muriaseko ziklistak 50 segundoko aldea zabaldu zuen. Gertu zekusan garaipena. Baina Zugarramurdiko aldapa gogorra gelditzen zen. Eraso festa izan zen bertan, eta hamar segundora jaitsi zen aldea. 1,7 kilometrora, beste estutu bat eman zuten Howsonek eta Ghebreigzabhierrek, eta gainera etorri zitzaizkion Iturriari. Itotzear zen urnietarra, baina oxigenoa eman zion azken kilometroko jaitsierak. Helmugara bakarrik iristeko nahikoa. Atzekoen esprinta Lastrak irabazi zuen. Izagirre 9. izan zen, eta Aranburu 11. postuan sartu zen. Onenen multzoak, berriz, 18.35eko atzerapena izan zuen. Ez zen aldaketarik izan sailkapen nagusian.

Pozarren zen Iturria etapa bukatutakoan. «Nire lehen garaipena da, etxetik gertu lortu dut, eta familia hemen zegoela. Amets bat bete dut».

Gaurko etapa ere Euskal Herrian jokatuko da hasi eta buka. Los Arcoseko zirkuitutik abiatuko da, eta Bilbon bukatuko: 171,4 kilometro. Oso gogorrak dira azken 45 kilometroak, hirugarren mailako hiru mendate igoko baitituzte: Urruztimendi —2,5 kilometro eta %9,2ko pendiza—, Ganguren —4,3 eta %7,7— eta Arraiz —2,2 eta %12,2—. 7,5 kilometro besterik ez dago azken gailurretik helmugara.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Eñaut Agirrebengoa

Informazio osagarria