Hauteskundeak lortzeko Johnsonen plana Corbyn konbentzitzea da

Erresuma Batuko lehen ministroak eskatuta, Komunen Ganberak astelehenean berriz bozkatuko du bozak urriaren 15ean egiteari buruz. Johnsonek erran du ez diola 'brexit'-a gibelatzeko eskatuko EBri

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa Poliziako errekrutekin, atzo, Mendebaldeko Yorkshiren (Ingalaterra iparraldea). DARREN STAPLES / EFE.
mikel rodriguez
2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak ez du B planik. Eta, baldin badu, ongi gordeak ditu trikimailuak. Herenegun, Erresuma Batuko Komunen Ganberak lege bat onartu zuen EB Europako Batasunetik akordiorik lortu gabe ateratzea debekatzeko, eta Johnsonek ezetz erran zion hauteskundeak aitzinatzeko egindako eskariari. Hala ere, lehen ministroak lehengoari eutsi dio, eta berriz eskatuko dio parlamentuari hauteskundeak aitzinatzea. Modu batera edo bertzera, ezarritako datan, urriaren 31n, Erresuma Batua EBtik aterako duelakoan dago. «Lehenago zulo batean hilda luzapena eskatu baino», adierazi zuen atzo, Mendebaldeko Yorkshiren (Ingalaterra iparraldea) egin zuen agerraldi batean.

Johnsonek parlamentuaren neurriei eman dien erantzuna izan da hauteskundeak aitzinatzeko bertze mozio bat aurkeztea, heldu den astelehenean eztabaidatu eta bozkatzeko. Baldintzak, ordea, herenegungo berak dira: parlamentarien bi herenen babesa lortzea —650etik 434rena—, eta lehen ministroak 299rena baino ez du ziurtatuta. Beraz, oposizioko indar nagusia, Alderdi Laborista, ados egotea behar du. Jeremy Corbyn laboristen buruzagia hauteskundeak aitzinatzea eskatzen ari da aspalditik, Theresa May lehen ministro zenetik, baina herenegun adierazi zuen itunik gabeko brexit-a eragozteko legeak tramitazio guztia bukatu eta indarrean sartu arte itxaronen zutela. Tramitazio hori astelehenean bukatzea espero da, Elizabeth II.a erreginak onespena eman ondoren. Hain zuzen, hauteskundeak aitzinatzeko mozioa eztabaidatu baino lehenago litzateke hori.

Johnsonek atzoko hitzaldian erakutsi zuen taktika bakarra Corbyn xaxatzea izan zen, hauteskundeak aitzinatzeko erabakia babestu dezan. Laboristek herenegun hartu zuten erabakia «demokraziari eginiko irain koldar bat» izan da, lehen ministroaren ustez. Hauteskundeak urriaren 15ean egin nahi ditu, handik bi egunera hasiko baita EBko estatuetako agintari gorenak biltzen dituen Europar Kontseiluaren bilkura. «Lehenago ere egin genitzake [Corbynek] nahi badu. Konpon dezagun hori», bota zion erronka buruzagi laboristari. «Herrialde honek erabaki argi bat hartu behar du. Erabaki behar dugu zein nahi dugun joatea bilera erabakigarri horretara. Jeremy Corbyn joatea nahi duzue brexit-a luzatzeko bere planarekin, gu EBn betiko utzita?».

Anaiaren dimisioa

Johnsonek Poliziako errekruta berrien aitzinean eman zuen hitzaldia, Mendebaldeko Yorkshiren. Ordubete zain eduki zituen entzuleak, eta lehen ministroak gibelean zuen polizietako bat mareatu eta guzti egin zen hitzaldiaren erdian. Kazetariek estu hartu zuten Johnson, eta batek baino gehiagok galdetu zion ea dimisioa emanen ote duen, helburuak lortzea zail paratu zaiola ikusita. Jo Johnson anaiak ordu batzuk lehenago emandako dimisioa ere oroitarazi zioten. «Jo ez dago ados nirekin Europako Batasunari buruz», erantzun zuen lehen ministroak. «Familiak eta guztiak banatzen dituen kontu bat da».

Jo Johnsonek Unibertsitate eta Zientzia ministro eta parlamentari karguak utzi zituen atzo, argudiatuta «tentsio konponezin bat» zuela «familiarekiko leialtasunaren eta interes nazionalaren artean».

Ebazpena Londresen, gaur

Johnsonek ganberaren jarduna eteteko hartu zuen erabakiaren eraginez, oposizioak zenbait ekinbide bultzatu ditu aste honetan parlamentuan—hurrengo asteartean etengo da, hilabetez—. Erabaki horren aurkako helegitea aztertu zuen atzo Ingalaterrako eta Galesko Auzitegi Nagusiak, eta gaur emanen du ebazpena. Eskoziako auzitegi batek legezkotzat jo zuen herenegun, eta, atzo, auzitegi horrek eskatu zituen txosten ofizialak argitaratu zituzten Erresuma Batuko hedabideek. Horietan ageri denez, Johnsonek duela bi aste hartu zuen parlamentuaren jarduna eteteko erabakia, eta abuztuaren 28an gobernuko kideei aitortu zien «aukera handiak» zeudela EBrekin inolako adostasunik ez lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.