Oporren ondorengo azterketa

Austrian parlamenturako bozak dituzte bihar. Inkesten arabera, Kurz kantziler ohi kontserbadoreak eta eskuin muturrak ez dute sumatuko haien gobernua erorarazi zuen 'Eivissa auziaren' kalterik

Sebastian Kurz OVP Austriako Alderdi Popularraren burua eta gobernuko kantziler ohia, atzo, kanpainako ekitaldi batean, Vienan. GEORGI LICOVSKI / EFE.
mikel rodriguez
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Udako oporraldiak hasi aitzinetik desegin zen Austriako Gobernua, joan den maiatzaren bukaeran, eta oporraldiak bukatu ondoren eginen dituzte hauteskundeak, bihar. Austriarren ohiko oporlekuetako bat den Eivissa uhartean (Herrialde Katalanak) gertatu zen ustezko ustelkeria auzi baten ondorioz desegin zen gobernua, eta auzi horrek eragindako ekaitzaren ondoren herritarrek zer iritzi duten neurtuko dute bihar. Inkesten arabera, OVP Austriako Alderdi Popularrak irabaziko ditu hauteskundeak, eta Sebastian Kurz kantziler ohiak edukiko du aukera handiena berriz ere gobernuko buruzagi izateko. Hala ere, galdeketa horien arabera, berriz ere gutxienez bazkide bat beharko du gehiengo osoa ziurtatzeko, eta horretan datza argitu beharreko galdera nagusia: ustezko ustelkeria auzian nahasita dagoen eskuin muturra izanen ote den, edo aldaketa baten alde egin eta bertzelako akordio bat aztertuko ote duen oposizio izan diren alderdiekin.

Inkesta gehienen arabera, botoen %35 lortuko lituzke OVPk—%31,5ekin irabazi zituen 2017ko hauteskundeak—, eta gibeletik geldituko litzateke SPO Austriako Alderdi Sozialdemokrata, %22rekin —%27, 2017an—. FPO Austriako Askatasunaren Alderdia hirugarren indarra izanen litzateke berriz ere, sozialdemokratek bezala puntu batzuk galduta —%26 2017an, %21 azken inkestetan—. Biharko emaitzek inkestetan agertutakoa berretsiko balute, erran nahiko luke Kurzen ospea handitu egin dela, nahiz eta zentsura mozioa jasan —II. Mundu Gerra bukatu zenetik (1945) arrakasta izan zuen lehenbizikoa—, eta FPOk ez duela hondamendirik jasanen, Eivissa auziaren protagonista haren aitzineko liderra bazen ere.

2017an Eivissako etxe batean ezkutuan grabatu zuten Heinz-Christian Strache, legebiltzarrerako hauteskundeak baino hiru hilabete lehenago. Bideoan ikus daiteke Strache emakume bati kontratu publikoak eskaintzen, hauteskunde kanpaina diruz laguntzearen truke. Joan den maiatzean argitaratu zuten bideoa Alemaniako bi hedabidek, eta Strachek dimisioa eman zuen kantzilerorde eta FPOko buruzagi kargutik. Norbert Hofer da oraingo liderra, eta kanpainan saiatu da Stracheren iruditik guztiz aldentzen.

Hala ere, Stracheren itzala luzea da. Duela bi egun, fiskaltzak jakinarazi zuen ikerketa bat hasi duela FPOko lehengo liderraren aurka, alderdiaren funtsak bidegabe erabili zituelakoan. Hoferrek erran du FPOk «sakonki» ikertuko duela salaketa hori.

Austria izan zen eskuin muturreko alderdi bat gobernuan izan zuen EB Europako Batasuneko lehenbiziko herrialdea, 2000. urtean. OVPk bazkidetzat hartu zuen FPO, eta 2006ra arte agindu zuten elkarrekin.

EBk bertze hamalau kide zituen orduan, eta OVPren erabakiak zalaparta handia sortu zuen. Austriari zigor diplomatikoak ezarri zizkioten, eta hilabete batzuetan EBko estatuetako buruzagiek saihestu egin zuten Austriako agintariekin topo egitea. Jorg Haider FPOren orduko buruak alderdiaren buruzagitza uztea erabaki zuen horrek giroa lasaituko zuelakoan, eta handik gutxira EBko estatuek jarrera aldatzea erabaki zuten.

Kurzen migrazio politikak

OVPk 2017an erabaki zuen 2000ko koalizio hura berriz eratzea, baina Europako testuingurua bertzelako bat zen jadanik, eskuin muturreko alderdiak sendoago baitzeuden, eta haien ideiak, diskurtsoak eta jokabideak hedatuago alderdi kontserbadore tradizionaletan. Hain zuzen, Kurz izan da horietako lider kontserbadore bat. 2015ean, Kurzek gogor kritikatu zuen Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak errefuxiatuen krisi handia gertatu zenean mugak irekitzeko hartu zuen politika, eta, hauteskundeak irabazi ondoren, Austrian etorkinen sarrera oztopatzeko neurriak bultzatu zituen, baita asilo eskubidea onartua dutenak bertan errotu daitezen eragoztekoa ere —alemana ikasteko eskolak bertan behera uztea, eta lanerako eskubidea mugatzea—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.