Hazkundea moteltzeko mehatxuak ez du arrastorik utzi langabezian

Lau hamarren behera egin ondoren, %9,2 da langabezia tasa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osorik harturik. Eustaten arabera, 97.100 pertsona langabe daude, eta 955.100 landun

xabier martin
2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Udaz geroztik, hainbat adierazle hasiak dira hazkundearen motelaldia erakusten, baina horrek ez du zapuztu urteko hirugarren hiruhilekoari dagokion langabeziaren argazkia. Lan bila dabiltzanen kopurua berriro jaitsi da, eta, Eustaten arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osorik harturik, %9,2 da langabezia tasa, aurreko epealdian baino lau hamarren gutxiago. Tasa horrek islatzen du 97.100 langabe daudela Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan, hau da, 97.100 pertsona ari direla lan bila, bilaketa kudeaketa aktiboa egiten, eta, gainera, lan egiteko prest daudela. Aurreko hiruhilekoan baino 3.200 gutxiago dira. 47.400 gizonezko daude langabezian, eta 49.800 emakumezko. Hala, gizonezkoen langabezia tasa %8,6 da —hamarren bat egin du behera—,eta emakumezkoena, %9,9 —sei hamarren egin du behera—. Adinen arabera, gazteen langabezia tasa da handiena oraindik ere: %20,1 da, baina ehuneko 0,5 puntu egin du behera aurreko hiruhilekoaren aldean.

Lurraldeak aztertzen hasita, Bizkaian, aurreko hiruhilekoan baino 5.000 langabe gutxiago daude, eta langabezia tasa %10,4 da, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 0,9 puntu apalagoa. Araban, 16.500 langabe daude, 700 langabe gehiago, eta langabezia tasak lau hamarren egin du gora, %10,2raino; eta Gipuzkoan, aurreko hiruhilekoan baino 1.100 langabe gehiago daude, eta langabezia tasak 0,3 puntu egin du gora; %7 da Gipuzkoaren langabezia tasa.

Okupazioak, berriz, gora egin du uztail-irailetako epealdian, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan merkatuan 955.100 landun daude jadanik: hau da, aurreko hiruhilekoan baino 7.200 landun gehiago (+%0,8). Hala, biztanlelandunen eta langabeen bilakaeraren ondorioz, jarduera tasa %56,9 izan da 2019ko hirugarren hiruhilekoan, aurrekoan baino bi hamarren handiagoa.

Lurraldeen arabera, badira desberdintasun batzuk, eta bakoitzak bere erritmoa duela islatzen dute datuek. Oraingoan, ordea, Bizkaian handitu da gehien okupazioa, 4.300 landun gehiago baitaude han; Gipuzkoan, 2.400 landun gehiago daude, eta Araban, 500 gehiago. Hiriburuei dagokienez, Bilbon eta Donostian okupazioa hazi egin da, 500 landun gehiago baitago; aldiz, Gasteizen okupazioak behera egin du, 100 landun gutxiago baitago.

Sexuari erreparatuta, okupazioaren igoerarik handiena emakumeen artean izan da: aurreko hiruhilekoan baino 3.700 emakume gehiago daude lan merkatuan enplegu batekin, eta gizonezkoen artean, berriz, 3.500 landun gehiago.

Okupazioak ia sektore guztietan egin du gora, gainera, eraikuntzan salbu. Biztanle landunak igo egin dira zerbitzuen sektorean bereziki (+7.100), udako sasoiari dagokion moduan; baina industrian ere igo da (+1.500); baita lehen sektorean ere (+400). Aldiz, jaitsi egin da eraikuntzan (-1.800). Okupazio tasak —16 eta 64 urte arteko pertsona guztien artean dauden landunak— sei hamarren egin du gora aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta %69,2da. Tasa hori %73,1 da gizonen artean, eta %65,3 emakumeen artean.

Jaurlaritza, gustura

Lurraldeen arabera, Gipuzkoak du okupazio tasarik handiena: %71,5; aurreko hiruhilekoarekin alderatuta ia puntu oso bat egin du gora. Ondoren, Araba dator, %70eko okupazio tasarekin; 0,7 puntuko igoera izan du. Eta azkenik, okupazio tasak lau hamarren egin du gora Bizkaian; %67,5eko tasa dauka.

Jaurlaritzako Enplegu sailburu Beatriz Artolazabalek gustura hartu du urteko hirugarren hiruhilekoaren argazkia; «positiboa» dela uste du, langabeak 100.000tik jaitsi direlako. «Jaurlaritzak langabezia %10etik jaisteko duen helburua egonkortu egin da». Bereziki emakumeen langabezia jaitsi delako dago pozik. «Gakoa da trebakuntza handiagoa izatea, enplegu gehiago eta hobea lortzeko». «Euskadiren erakargarritasuna» hazi egin dela dio Artolazabalek, «bizitza proiektu berriak eraikitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.