Trumpek 'terroristen zerrendan' sartu nahi ditu droga trafikatzaileak

Mexikon «esku hartze militarra» egiteko prest agertu da AEBetako presidentea. Lopez Obradorrek ohartarazi du ez duela onartuko herrialdearen subiranotasuna urratzerik, eta «errespetua» eskatu du

Donald Trump, AEBetako presidentea, Sunrise hirian, presidentetzarako kanpainako ekitaldi batean. CRISTOBAL HERRERA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2019ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Oraingoz hitzak baino ez dira, baina presidentetzarako bozen kanpaina betean egonik, eta migratzaileei buruzko eztabaida mahai gainean izanik, ondorio larriak izan ditzakete Donald Trumpek atzo egindako adierazpenek. AEBetako estatuburuak familia mormoi baten aurkako erasoa aitzakiatzat hartu du iragartzeko prest dagoela Mexikoko droga trafikatzaileak terroristatzat jotzeko.

Joan den azaroaren 4an, AEBetako eta Mexikoko herritartasuna zuten familia bereko hiru emakume eta sei adingabe hil zituzten Chihuahua eta Sonora estatuen artean, Mexikon, AEBetako mugatik gertu, eta Sinaloako kartelarekin lotu zuten hilketak. Iturri ofizialen arabera, narkotrafikatzaileek kontrolaturiko eremu batetik igarotzen ari zirela hil zituzten.

Gertatuak hautsak harrotu zituen AEBetan, eta, kazetarien galderei erantzunez, atzo Trumpek iragarri zuen hasia dela lanean narkotrafikatzaileak terrorista izenda ditzaten. «Egingo dugu. Horretan aritu naiz lanean azken 90 egunean. Izendapena ez da erraza, eta prozesu bat igaro behar du, baina horretan ari gara». Horretaz gain, baina, buruzagi kontserbadoreak jakinarazi zuen «laguntza militarra» ere eskaini ziola Mexikori, «dena garbitzeko», baina hark ez zuela onartu.

Mexikok errespetua eskatu zien AEBei, eta ohartarazi zien ez duela onartuko bere subiranotasuna urratzerik. «Errespetua oinarrizkoa da elkarlanerako», nabarmendu zuen Marcelo Ebrard Atzerri ministroak. Gogora ekarri zuen dagoeneko zabalik dela hilketak argitzeko ikerketa, eta AEBetatik heltzen direla gerora narkotrafikatzaileek erabiltzen dituzten dirua eta armak.

AEBetako legediak, gainera, ahalbidetzen dio armadari zuzenean esku hartu ahal izatea terroristen zerrendan sartutako taldeen kontra. «Narkoterrorismoaren kontzeptua onartuko bagenu, erabakiak ondorio juridiko larriak izango lituzke, AEBek esku hartze militarra egin ahalko luketelako gure lurretan, eta halakorik ez dugu inoiz baimenduko», nabarmendu zuen Atzerri ministroak.

Karteletako kideak terroristatzat jotzeak ondorioak izango lituzke migratzaileentzat ere. Izan ere, droga trafikoan aritzen diren susmopean egonez gero, ezinezkoa lukete AEBetan sartzea, eta legez kontrakoa litzateke banako estatubatuar edo erakundeentzat haiei laguntzea. Horrez gain, AEBetan egonik kartel bateko kide izateaz akusatua izanez gero, kanporatu egingo lituzkete.

'Merida' operazioa

Oraingoan Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak Trumpen eskaintzari ezezkoa eman badio ere, aurrez bi estatuek hitzartu dute akordiorik droga trafikoari aurre egiteko argudioarekin. 2007an, George W. Bush eta Felipe Calderonek hitzartutako Merida egitasmoa izan zen azkena. Egun oraindik indarrean dago ekimen hori, eta, haren arabera, AEBek teknologia, armak, diru laguntza eta trebakuntza eskaintzen dizkiete Mexikoko segurtasun indarrei droga kartelen aurka egiteko.

Lopez Obradorrek, baina, laguntza hori beste helburu batzuetara bideratzeko asmoa iragarri zuen joan den uda hasieran. «AEBen laguntza behar dugu, baina helburu sozialetarako eta lanpostuak sortzeko. Ez ditugu metrailetaz betetako helikopteroak eta baliabide militarrak nahi».

Dena den, ez da lehen aldia Trumpek halako iragarpen bat egiten duena. Joan den martxoan «kartelen gaineko kontrola» galdu izana egotzi zion Lopez Obradorren exekutiboari. Bi estatuak banatzen dituen hesiak piztu zuen orduan kartelei buruzko eztabaida.

AEBetako legediaren arabera, erakunde bat terroristatzat jotzen da terrorismoa praktikatu edo praktikatzeko baliabideak dituenean, eta «estatubatuarren edo AEBen segurtasuna kolokan jar dezakeenean». Zentzu horretan, Estatu Departamentuarena da azken erabakia. Hark erakunde bat zerrenda beltzean sartutakoan, finantza erakundeek blokeatu egin behar dituzte haiekin zerikusia izan ditzateken diru kontuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.