Txileko presidenteari epaiketa politikoa egitearen aurka agertu dira diputatuak

Kale egin du oposizioak Piñeraren kontra abiatu duen prozesuak, oinarri guztiak bete ez dituelakoan. Manifestarien giza eskubideak ez bermatzea egotzi diote

Sebastian Piñera Txileko presidentea, atzo, Hernan Larrain Justizia ministroari —bizkarrez— eskua ematen. ALBERTO VALDES / EFE.
Arantxa Elizegi Egilegor - Ander Perez Zala
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Sebastian Piñeraren agintaldia gatazkatsua izaten ari da, eta errealitate horretan are gehiago sakondu dute duela bi hilabete abiaturiko protestek. Txileko presidentea kontzesioak egiten saiatu da, baita manifestariei begirako keinuak ere, baina haserreak kalean segitzen du. Erakundeetan ere bai, eta atzoko eguna horren erakusgarri izan zen; ez, ordea, arrakastatsua: oposizioko alderdiak atzo saiatu baitziren Piñeraren aurkako epaiketa politikoa abiatzen, baina kale egin zuten, sei botoren aldeagatik (79-73). Txileko presidenteak, hortaz, beste krisi bat saihestu du, gutxigatik.

Oposizioak jarri zuen abian auzi politikoa egiteko prozedura, eta manifestarien giza eskubideak bermatu ez izana egotzi zioten estatuburuari, beste hainbat akusazioren artean. «Larrialdi egoerek eskumena ematen dute mugitzeko askatasuna mugatzeko, baina ez pertsonen bizitzaren aurka egiteko, ez al da ulergarria guk Giza Eskubideen Batzordeko kide gisa Sebastian Piñeraren aurkako salaketa aurkeztea, kontuan izanik berak jo duela herritarren bizitzaren aurka, militarrak kalera aterata?», defendatu zuen Alderdi Humanistako Pamela Jilesek, auzia aztertzeaz arduratu zen batzordearen eztabaidan. Diputatuen hitzaldietan ere, giza eskubideen urraketak izan ziren argudio nagusiak.

Ordea, epaiketa politikoa egiteari buruzko bozketaren aurretik, Piñeraren aurkako salaketak beharrezko oinarriak betetzen zituenaren inguruko iritzia eman behar izan zuten, eta gehiengoak ezezkoarekin erantzun zuen.

HRW Human Rights Watch giza eskubideen nazioarteko erakundearen arabera, 26 pertsona hil dira herritarrek urrian protestak hasi zituztenetik; haietatik gehienak militarrek hil dituzte—gobernuaren arabera, 24 dira hildakoak—. Hildakoez gain, 2.400 lagun eraman dituzte preso, eta milaka dira zaurituak; horietatik 352k begietako lesioren bat izan dute.

Bozketaren aurretik, Piñerak onartu egin zuen tarte horretan «giza eskubideak urratu» egin zirela, eta biktimentzako kalte-ordainak iragarri zituen. Horrez gain, iragarri zuen aldaketak egingo dituztela segurtasun indarretan, haien aurkako salaketak direla medio. «Gobernuak bere gain hartzen du giza eskubideen urraketak jasan dituzten pertsonei laguntzeko betebeharra».

Bozketarako aurrekaria

Txileko presidentearen aurretik, Mario Rozas Poliziaren buruzagiak onartu egin zuen polizia batzuen «abusua», eta jakinarazizuen zigortu behar direnak zigortu egingo dituztela: «856 ikerketa jarri ditugu abian, eta horietako askotan jada badakigu arduragabetasun ekintzak izan zirela».

Atzo epaiketa egitea bozkatu balute ere, Senatuan oposizioa ez litzateke iritsiko Piñera kargugabetu ahal izateko beharrezko bi herenetara: bi senatariren faltan geratuko litzateke, agintean den alderdietako batek neurriak babestu ezean. Halere, oso antzeko prozedura baten bidez zigortu berri dute Andres Chadwick Barne ministro izandakoa eta presidentearen lehengusua, eta horrek itxaropena piztu zuen atzo.

Chadwick duela bi hilabete kendu zuten kargutik, manifestazioak baretzeko asmoz, eta Senatuak herenegungo bozketan bost urterako inhabilitatu zuen, Konstituzioa urratzea eta giza eskubideen urraketak saihesteko beharrezko neurriak hartu ez izana egotzita.

Haren aurkako epaiketa politikoan, Barne ministro ohiak ukatu egin zituen egozten zaizkion karguak: «Inoiz ez ditut nahita edo nahi gabe hartu pertsona baten giza eskubideak urra ditzaketen neurriak. Salaketak ez du oinarririk, eta gure Konstituzioak dioenaren aurkakoa da».

Bestelako iritzia du oposizioak. Alderdi Sozialistako kide Rabindranath Quinterosek atzo adierazi zuen Senatuaren epaia politikoa dela, eta, Zigor Kodearen arabera errugabea izan daitekeen arren, Barne ministro bat «politikoki errudun» dela ordena publikoa eta giza eskubideak bermatzen ez dituenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.