Eutanasia despenalizatzea onartu du Portugalgo Legebiltzarrak

Bost lege proiektu aurkeztu dituzte ezkerreko gobernuak eta beste bi alderdik, eta bost egitasmoak gehiengoarekin atera dira aurrera. Eutanasia legeztatzen duen Europako laugarren herrialdea da

Eutanasiaren aurkako ekintzaileak protesta egiten atzo, Lisboan, Bizitzaren Aldeko Federazioa elkarteak deituta. TIAGO PETINGA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Portugalen legezkoa izango da eutanasia, horren alde egin zuelako atzo legebiltzarrak, eta Europako laugarren herrialdea izango da; beste hirurak Belgika, Herbehereak eta Luxenburgo dira. Bigarren saialdian atera da aurrera legea Portugalen, duela bi urte atzera bota baitzuen diputatuen bilkurak. Bost botok soilik bereizi zituen aldekoak eta kontrakoak. Orain, ordea, urriko hauteskundeez geroztik eratua den legebiltzar berrian gehiengoa dira eutanasiaren aldekoak: Ezkerreko Blokea —gaiaren sustatzailea—, Alderdi Sozialista —gobernuan dena— eta ekologistak.

Lege osoa bost proiektutan banatuta aurkeztu zuten hiru alderdi horiek, animalistek eta liberalek, eta bost egitasmoak izan ziren onartuak. Eutanasia erabili ahal izango da gaixotasun edo lesio sendaezinak sufrimendu jasanezina eta jarraitua eragiten dutenean, betiere gaixoaren onarpenarekin, eta medikuen diagnostikoarekin eta batzorde baten onarpenarekin. Ez da erabili ahal izango haurrekin eta buruko gaitzak dituztenekin.

Ezkerreko Blokeko Jose Manuel Purezak honela egin zuen eutanasiaren alde atzoko mintzaldian: «Ez da zilegi inor bizitzera behartzea, bizirik jarraitzea bortxa baldin bada». Kontrakoen artean, ultraeskuinak Hitlerren aipamena egin zuen. Sozialistek eta Alderdi Sozialdemokratak boto askatasuna eman zieten beren diputatuei, eta aurrenekoen artean izan zen bost proiektuei ezezko boza eman zienik ere.

Politikarien artean ez ezik, kalean ere eztabaida bizi-bizi dabil, eta kontrako mugimenduak azaldu dira; nagusiki, Eliza katolikoaren ahotsa entzun da ozen. Aurreko igandean, Portoko katedralean, Amadeu Ferreira elizgizonak honako hau bota zien eliztarrei sermoian: «Eutanasiak bosgarren mandamentuaren aurka egiten du, 'ez duzu hilko' esaten duen horren kontra».

Elizaren nahia zen herritarrek legea galdeketa bidez bozkatzea, nahiz eta badakien galtzaile izango litzatekeela ezezkoaren aldeko jarrera. Izan ere, Portugalgo herritarren artean egindako inkestetan, gehiengoa eutanasia despenalizatzearen alde azaldu da. Kontua da herrialde horretan badela lege bat erreferendumen inguruan, kasu honetan Elizaren eskaera baldintzatuko lukeena: galdeketa baten emaitza ontzat hartzen da baldin eta erroldaren %50ek bozkatzen badu, eta Portugalen ez da horrelakorik jazo. Abortuaren legearen bi galdeketak, 1998koa eta 2007koa, baliorik gabe geratu ziren, parte hartzea %32koa izan zelako aurrenekoan, eta %44koa bigarrengoan.

Elizak laguntzaileak eduki ditu erreferendum eskaeran. 60.000 sinadura biltzea nahikoa da legebiltzarrak galdeketa tramiterako onar dezan, eta 40.000 batu dituzte bizitzaren aldeko mugimenduek. Baina beharrezko sinadura kopurua jasota ere, legebiltzarrak bozkatu beharko luke onartu edo ez, eta alderdi politikoetako bozeramaileen artean ez da horretarako indar handirik ikusi; beraz, erreferenduma egiteko eskatzeko bideak ere ez du ibilbide emankorra izango.

Ezezkoaren aldekoek badute, hala ere, beste aukera bat oraindik. Errepublikako presidenteak eskumena dauka legeari betoa jartzeko edo Auzitegi Konstituzionalera bidaltzeko. Marcelo Rebelo de Sousa ezkertiarra katolikoa da, gainera. Baina bi aukera horietako baten alde egingo balu ere, legebiltzarrera itzuli beharko luke testuak, berriro ere bozka dezaten; eta atzo bezala, kasu horretan ere ez litzateke arazorik egongo eutanasia legeztatzeko. Herrialdeko presidenteek betoa erabili izan duten aldiro, legearen testuak hobetzeko izan dira.

Medikuak, alde eta kontra

Kalean dabil eutanasiaren aldekoen eta kontrakoen eztabaida, eta medikuak eragile ezinbestekoak dira gai horretan. Batzuk alde daude; beste batzuk, kontra. Ehunka sendagilek baiezkoaren aldeko iritzia eman dute, aldeko jarrera adieraziz idatzi baten bidez. Baina badira bestelako iritzia hauspotu duten plataformak ere; hala, Medikuen Elkargoak baztertu egin du kode deontologikoa aldatzea. Hori ez egiteko ondorengo argudio hau eman du: «Medikuak bizitzak salbatzeko gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.