Gizateriaren aurkako delitu izendatu dute Rincon Bombako sarraskia

Argentinako segurtasun indarrek pilaga komunitateko ehunka indigena torturatu eta hil zituzten 1947an, iraultza bat gertatzen ari zela argudiatuta. Orain kalte-ordainak eman beharko dizkiete

Gendarmeak indigenak atxilotzen, 1947an. BERRIA.
arantxa elizegi egilegor
2020ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
«Uniformea jantzitako gizon talde batek eraso zion, minutuko 600 tiro egiteko gai diren Colt metrailadoreak eskuetan hartuta, armarik gabeko eta gosez eta egarriz zeuden zibil talde bati. Ihes egiten saiatu ziren, haurrak eta adinekoak eurekin hartuta; baina, azkenean, haiek ere mendian utzi behar izan zituzten, alde egingo bazuten». Horrela ebatzi du epaiak. 1947ko urriaren 10a eta 30a bitartean Argentinako Rincon Bomba eskualdean gertatutakoaz ari da. Tarte horretan, eta iraultza bat zegoela argudiatuta, ehunka gizon, emakume eta haur hil zituzten jendarmeek, tiroka. Sarraskian hegazkinek ere hartu zuten parte, eta, lekukoen arabera, bizirik geratu zirenak bortxatu edo esklabo hartu zituzten.

Orain, zazpi hamarkadaren ostean, gertatutakoa gizateriaren aurkako delitu izendatu dute epaitegiek, eta kalte-ordainak ematera zigortu dute Argentinako Estatua. «Estatuak esku hutsik utzi ditu herri indigenak, eta ikusezin bilakatu ditu, baita jazarri ere, eta politika horri eutsi dio hainbat urtez. Horren ondorio da 1947an gertatutakoa», salatu zuen atzo Silvina Ramirezek, Lurra Eskuratzeko Erakundeko aholkulariak. Epaiak aitortza bat dela nabarmendu zuen hark, eta ohartarazi halakorik gehiago gerta ez dadin balio beharko lukeela.

Genozidioa

Epailearen txostenean garai hartako lekukotza ugari jaso dituzte; besteak beste, Ramon Rosa Galvanena: «Bost edo sei hilabete besterik ez zuen Asinitak, eta jendarmeen buruak agindu zuen tiroz hiltzeko. Nik ikusi nuen! Zaldiz heldu ziren jendarmeak, eta egun osoz eduki gintuzten eremu bakarrean itxita, eguzkipean. Jendarmeek galdetzen zioten komandanteari ea tirokatu zitzaketen txakurrak, baina hark ezetz esaten zien, goizegi zela. Orduan emakumeak eramaten hasi ziren, eta bortxatzen».

Jendarmeek izandako jarrera ere gogor gaitzetsi dute epaian. Fernando Carbajal epailearen arabera, animaliak balira bezala tratatu zituzten indigenak. «Jendarmeriak berak argitaratutako dokumentu batean, sarjentu bat ageri da esanez indioak, basatiak zirela, animaliak bezalakoak».

Gizateriaren aurkako delitutzat ez ezik, genozidiotzat ere jo dute Rincon Bombako sarraskia, Pilaga Herriko Komunitate Indigenen Federazioak hala eskatuta. «Gure eskaria oinarrizkoa eta bidezkoa da. Gertatutakoa genozidio bat izan zela aitortzea nahi dugu».

2012an hasi ziren ikertzen Pilaga herriaren aurkako sarraskia. Urriaren hasieranhasi zen guztia, komunitateko sendatzaileak kide guztiak deitu zituenean bilera batera. Bilkura hainbat egunez luzatzen ari zela ikusita, eta «iraultza baten hasiera» izan zitekeelakoan, Argentinako Gobernuak jendarmeria bidali zuen bertara. «Batzarra eten eta etxera itzultzeko eskatu zieten, baina, berdin jarraitzen zutela ikusita, matxinadatzat jo zuten, eta haien kontra egin zuten», azaldu du Valeria Mapelman dokumentalgileak.

Ez dago argi zenbat izan ziren hildakoak sarraski hartan. «Zenbaki zehatzik ez dugu inoiz jakingo, baina kontuan hartzen badugu ametrailadorek minutuko 500 tiro egiteko gaitasuna zutela, eta han milaka indigena zeudela, ziurra da ez zirela dozenaka izan, ehunka baizik», azaldu du Mapelmanek.

Orain, Argentinako Estatuak ordaindu beharko ditu kalte-ordainak. Besteak beste, herri indigenek behar dituzten azpiegiturak eraiki beharko ditu, ikasleentzako bekak onartu beharko ditu, eta baita sarraskiari buruzko informazioa zabaldu ere. Horrez gain, gertatutakoa gogoratzeko balioko duen monumentu bat jarri beharko dute hilketak gertatu ziren inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.