Albistea entzun

Parisek ez du askatu Urrutikoetxea, La Santeko mediku ziurtagiriari muzin eginda

Egungo epidemia dela eta, euskal preso eriaren kartzelaldia etetea hobetsi zuen espetxeko osasun zerbitzuen buruak. Dei Auzitegiak hartu du erabakia

Josu Urrutikoetxea —argazkian, erdian—, 2000ko urtarrilaren 14an, Langraizko (Araba) espetxearen atarian, Egoitz semearekin eta Irati alabarekin.
Josu Urrutikoetxea —argazkian, erdian—, 2000ko urtarrilaren 14an, Langraizko (Araba) espetxearen atarian, Egoitz semearekin eta Irati alabarekin. MIREN SAEZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Esnaola -

2020ko apirilak 7

Frantziako Dei Auzitegiko Instrukzio Ganberak baldintzapean aske geratzea ukatu dio Josu Urrutikoetxea euskal presoari, muzin eginda sendiaren eskariari eta La Sante espetxeko medikuburuaren ziurtagiri bati. Epaileek apirilaren 1ean aztertu zuten askatze eskaera, eta, presoak oraindik erantzun ofizialik ez duen arren, defentsa abokatuek jakin dute atzera bota dutela eskaria. Fiskala aske uztearen aurka azaldu zen auzi saioan, eta epaimahaiak orduan hartu zuen erabakia; abokatuek handik bi egunera jakin zuten hori, beste bide batetik.

 

Familiak eta espetxeko osasun zerbitzuen buruak uste dute La Sante Parisko espetxean gertatzen ari den COVID-19 gaitzaren hedatzeak eragina izan dezakeela Urrutikoetxearen osasun bilakaeran, eta horretan oinarritu dira kartzelaldia etetea eskatzeko. Benjamin Silbermann da sendagile hori, eta ziurtagiri bat egin zuen askapena hobesten duela esateko —martxoaren 28ko data du—. Medikuak azaldu du Urrutikoetxeak, «dituen patologia kronikoak kontuan hartuta, SARS-CoV-2 birusaz kutsatuz gero pronostiko latza» eduki dezakeela. «Epidemia eta espetxe barruko hurbiltasuna direla eta, haren kartzelaldia etetea hobesten dut».

Aurten, 70 urte beteko ditu Urrutikoetxeak, eta irailean prostata ebakuntza bat egin zioten, Parisko erietxe batean. Neguan zenbait pneumonia, hipertentsioa, infekzio usuak eta bronkitis azkar bat ere izan ditu. Iazko maiatzean atzeman zuen Poliziak, Alpeetako herri batean, ebakuntza egitera zihoala. Paris bi epaiketa egitekoa da, ETArekin lotuta, eta Espainiak bi euroagindu eta bi estradizio eskatuak ditu.

«Erabaki arduragabea eta kriminala da», esan du familiak, ohar batean. «Ezerk ez du justifikatzen Josu Urrutikoetxeak gaur egun hilgarria den osasun arriskua pairatzea, batez ere zaintza judizialpean ezartzeko berme eta baldintza guztiak betetzen dituelarik». Auzitegiaren formak ere deitoratu ditu. «Abokatuek hainbat desmartxa egin behar izan dituzte erabakiaren berri jasotzeko. Premia larriko eskaera baten aurrean preso dagoen pertsona eta senideak erantzunik gabe uzteak agerian uzten du justizia agintarien krudeltasuna. Are, epaileen erabakiaren argudioak ez zaizkie oraindik jakinarazi ez Josu Urrutikoetxeari ez haren abokatuei».

Agintari judizialei eskatu die kartzelatzea eteteko, eta erabakia ahal den azkarrena hartzeko, «beranduegi izan baino lehen».

Salaketa gehiago

Bake Bideari «guztiz ulertezina eta eskandalagarria» iruditu zaio Urrutikoetxea euskal preso eria aske ez uzteko erabaki judiziala. Egoera politiko berria zein den gogoratu du, eta «gatazka politikoaren ondorioei konponbide integrala» atzematea galdegin du. «Desarmatzea ez zen egin presoak presondegietan hiltzeko!». Adineko eta eriak diren presoak askatzeko eskatu du.

EH Bai talde politikoak ere salatu du Urrutikoetxea aske ez uzteko erabakia. «Frantziako justiziak presoen biziarekin jolastea erabaki ote du?», galdetu du, batetik, eta «noiz arte jarraituko du gobernu honek Euskal Herrian dagoen bake nahia gutxiesten?», bestetik. «Euskal Herriko ordezkaritzarekin berriz hizketan hasteko eskatzen dugu, euskal preso politikoentzat irtenbide integral eta behin betikoa izan dadin».

Aitzina gazte erakundearen ustez, Urrutikoetxea libre ez lagatzeko erabakiak «are ageriago egiten du Frantziako Justiziaren blokeo eta mendeku nahia».

Fraile, baldintzapean aske

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzak baldintzapean aske utzi du Gorka Fraile euskal presoa. Martxoaren 27an kaleratu zuen autoa, eta irmoa da jadanik. Preso eria da Fraile, eta urte hasieratik hirugarren graduan eta Iruñeko kartzelan zegoen. EPPK-k 2017an bukatu zuenetik barne eztabaida, hura da irteera baimenak, hirugarren gradua, Euskal Herriratzea eta baldintzapeko askatasuna jaso dituen kolektiboko lehen kidea. 2023 hasierarako ezarria zuen zigor amaiera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

GKS-k manifestazioak abiatu ditu Bilbon eta Iruñean

GKS-k manifestazioak abiatu ditu Bilbon eta Iruñean

Berria

'Enpresarien eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara!' leloa ozenduko dute, gazteen artean «borrokarako borondatea» hedatzeko asmoz

 ©JON URBE / FOKU

«Adostasun berriek ahalbidetu dute bake prozesua»

Irati Urdalleta Lete

Foro Sozialaren bidea ixtear da, baina hor dago eginikoa: hamabi aholkuetatik 11 beteta edo betetzear. Eta egitekoak: adibidez, biktimen «asimetria» gainditzea. Balorazio «ona» egin dute.
Bizkaiko Batzar Nagusietan Usansoloren desanexioa bozkatu zen momentuan ©Marisol Ramirez/ FOKU

Galdakaoko Udalak demandatu gisa aurkeztea erabaki du Usansoloko auzian

Berria

Bizkaiko Batzar Nagusiek lurraldeko 113. udal gisa onartu zuten Usansolo, galdeketaren ostean, eta estatuko abokatutzak helegitea aurkeztu zuen. Galdakaoko Udalak demandatu gisa aurkeztea erabaki du, prozesu honetan egindako bidea defendatzeko.

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Madrilen berme» mahaian

Jon Ordoñez Garmendia - Xabier Martin

PSE-EEn bide luzea eginikoa da Ares: sozialisten ordezkari 2005etik 2007ra bitarteko bake elkarrizketetan eta Jaurlaritzako Barne sailburu, besteak beste. Karguan zela hil zuen Ertzaintzak Cabacas. 68 urte zituela hil da.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.