Korsikako Asanbleak 500 euroko errenta unibertsal bat saiatzea erabaki du

Talamoni Asanbleako presidenteak egin du txostena, eta «ahalik eta azkarren» ezarri nahi du. Frantziaren baimena behar dute neurria indarrean sartzeko

Gilles Simeoni Korsikako presidentea eta Jean-Guy Talamoni Korsikako Asanbleakoa, artxiboko irudi batean. LUDOVIC MARIN / EFE.
ander perez zala
2020ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun

Errenta unibertsalaren auziaz 2017tik ikertzen eta eztabaidatzen ari diren arren, koronabirusak sorturiko osasun larrialdia neurri hori indarrean sartzeko «abagune egokitzat» du Jean-Guy Talamoni Korsikako Asanbleako presidenteak, gaia horretaz atzo ganberan izan zuten eztabaidan adierazi zuenez. Hain justu, Talamonik berak aurkezturiko txosten bat izan zuten izpide diputatuek, eta horien gehiengoak bat egin zuen edukiarekin: besteak beste, Korsikan 500 euroko «errenta unibertsal bat» saiatzea.

Egungo egoeraren «larritasuna» dela eta, Asanbleako presidenteak «ahalik eta azkarrena» jarduteko deia egin zuen, herritarren egunerokotasuna bermatze aldera. Behar horren erdian kokatu zuen haren proposamena, errenta unibertsal bat esperimentatzearena: «Segurtasun hari bat da denontzat. Gainera, [gai horretan] Korsika aurretik izatea ere ona litzateke denontzat».

Talamoniren txostena bideokonferentziaz egindako bigarren saioan onartu zuten, eta, konexioarekin izandako arazoez haratago, diputatuen arteko eztabaida lasaia eta laburra izan zen protagonista; batez ere gehiengoa osatzen duten alderdi nazionalisten artean: Femu a Corsica, Corsica Libera eta Korsikako Nazioaren Alderdia. Xehetasunak xehetasun, hiruek agertu zuten errenta unibertsal bat indarrean sartzeko beharra.

Gilles Simeoni Korsikako presidentearen iritziz, osasun larrialdiaren eraginez sortuko diren testuinguru ekonomiko eta sozialek «berrikuntzarako beharra» handitu dute, eta horregatik jo zuen aztertzeko modukotzat Asanbleako presidentearen neurria. «Elkartasuna da garrantzitsua. Orain, datozen asteetan, finantzaketaz eztabaidatu beharko dugu, neurriaren eduki zehatzez».

Korsikak duen autonomia mugatuan, ezin du bere kabuz halako neurririk inplementatu. Hortaz, ezinbestekoa zaio Parisen baimena eskuratzea; Simeonik aipaturiko hizketak, hortaz, negoziazio horiei begirakoak izango dira.

LREMren jarrera

Emmanuel Macron Frantziako presidentearen alderdiko diputatu batek atzoko eztabaidan izan zuen jarrera izan liteke Ajacciok eta Parisek izan dezaketen hizketen erakusle. Jean-Charles Orsucci Bonifacio hiriko alkate eta Asanbleako ordezkariak izan zuen Talamoniren aurkako jarrerarik gogorrena, ez duelako «ulertu» neurriaren «larrialdi izaera». Auziaz adostasun zabalik ez dagoelakoan, Orsuccik Simeoniri dei egin zion Macronekin lan egitera errenta horren auzian.

Ez hori bakarrik: Asanbleako presidenteari egotzi zion Korsikako presidentearen lana egin izana, eta, horregatik, «bi buruko sistema horrekin amaitzeko» eskatu zien bi agintari nazionalistei.

Korsikako Asanblearen erabakiarekin, Frantziako Gobernuak handituta ikus lezake errenta unibertsal bat ezartzearen presioa: duela bi urte, hamahiru departamentuk eskari bera egin zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.