'Marei' erronka bota die

El Salvadorko presidenteak gazte talde bortitzen aurkako neurriak iragarri ditu: besteak beste, espetxeak zigilatzea eta poliziei horiek hiltzeko baimena ematea

Hainbat mara, iragan astean, Zacatecolucako espetxean. EL SALVADORKO PRESIDENTETZA / EFE.
ander perez zala
2020ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Nayib Bukele El Salvadorko presidenteak estrategia berriari eusteko asmoa du maren aurkako borrokan: iragan astean iragarritakoez gain, Bukelek atzo jakinarazi zuen gazte talde bortitzetako kide presoen gelak zigilatuko dituztela, «kanpokoekin» harremanik izan ez dezaten: «Era horretara, ezingo dute jakin zer gertatzen den kanpoan, eta ezingo dira zeinu bidez komunikatu», azaldu zuen presidenteak.

Duela bi asteko asteburua Bukeleren agintaldiko eperik odoltsuena izan zen, gutxienez berrogei lagun hil baitzituzten 72 orduko epean, konfinamendu bete-betean. Gobernuaren ustetan, maren buruzagiek kartzelatik eman zituzten aginduak, eta hori eragoztea luke helburu atzo jakinarazitako neurriak. «Barruan daude, iluntasunean, beste taldeko lagunekin», El Salvadorko presidentearen arabera.

COVID-19arekin, Bukelek berehala itxi zuen herrialdea, eta, hortaz, maren kontrolpean dauden eremuak ere bai. Testuinguru horretan, segurtasun indarrak koronabirusaren aurkako zereginetan daudela baliatuta, gazte talde bortitzetako kideek hogei lagun hil zituzten apirilaren 24an; ostirala zen, eta hurrengo bi egunetan ere izan ziren hilketak.

Gertakari horren harira etorri da espetxean dauden 13.000 mara baino gehiagoren aurka egitea: besteak beste, etsaiak direnak espazio bera partekatzera behartu ditu, horrek eragin ditzakeen ondorioen zain; erabakiak beste helburu batekin ere izan lezake zerikusia: kartzelen kontrola berreskuratzea. El Salvadorren 2004ko irailaren 2a egun sinbolikotzat dute, marek data horretan lortu baitzuten kartzelen kontrola.

Bukelek indarkeria amaitzeko helburua du, eta horren harira hainbat neurri hartu ditu, batez ere azken bi asteotan: iragan astean, esaterako, jakinarazi zuen poliziek eta militarrek maretako kideak hiltzeko baimena dutela: «Aurre egiten duen oro adoregabetuko dute, indar proportzionala eta ziurrenik hilgarria erabiliz».

Espetxeetan, berriz, El Salvadorko presidenteak «larrialdi gorena» ezarri zuen, eta munduan berriz oihartzun handia izan duten irudiak zabaldu zituen: gazte talde bortitzetako kideak lurrean eserita, bata bestearen atzean. Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarra kezkatuta agertu zen atzo egoera hori dela eta, «askatasuna kentzen zaien pertsonen eskubideak arriskuan» daudela argudiatuta.

Urte gatazkatsua

Bukele iazko ekainean bilakatu zen El Salvadorko presidente, hauteskundeak lehen itzulian irabazita botoen %53 jaso zituen. Beste hainbat hautagaik hamarkadotako bozetako kanpainetan egin bezala, estatuburu berriak indarkeria amaitzeko promesa egin zuen, eta, askoren harrigarri, asteek aurrera egin ahala joera hori sendotzen hasi zen; hilketak gero eta gutxiago ziren, nahiz eta Bukelek ohiko estrategia erabili zuen: polizia gehiago, militar gehiago.

Kopuruei begiratzea besterik ez dago. 2017an, egunero 11 lagun hiltzen zituzten El Salvadorren; 2020ko martxoan, bi. Presidenteak urtebete baino gutxiago zeraman agintean, eta, joera hori bere agintaldiaren arrakastatzat aurkeztu zuen herrialdean, hainbat boto emailek zuten itxaropena elikatzeko. Asteotako gertakariek, ordea, agerian utzi dute Bukelek uste baino kontrol gutxiago duela.

Indarkeriaren auziaz gain, Bukeleren eta Asanblearen arteko talka ere areagotuz joan da; estatuburuak 84 diputatuetatik 11ren babesa besterik ez du, eta gainontzekoena negoziatu egin behar du. Oihartzun handia izan zuen, besteak beste, ganbera militarrekin okupatu zuenekoak mailegu bat ez ziotelako onartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.