Mexikoko Poliziaren jarduna berriz zalantzan, nerabe baten hilketagatik

Oaxacako poliziek AEBetako 16 urteko gazte bat hil dute, «gaizkile bat» zelakoan. Estatuko fiskaltzak ikerketa bat hasi du gertaturikoa argitzeko; herriko udalarentzat, istripu bat izan da

Polizia batzuk, asteon, Poliziaren bortizkeria salatzeko manifestazio batean, Mexiko Hirian. SASHENKA GUTIERREZ / EFE.
ander perez zala
2020ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Mexikon, Poliziaren bortizkeriaren beste kasu bat izan dute: hegoaldeko Oaxaca estatuko Acatlan de Perez Figueroa herrian, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) 16 urteko gazte bat hil zuten herenegun gauean, «gaizkile bat» zelakoan.

Hilketaren inguruko xehetasunak ez daude batere argi. Hildakoaren lehengusuaren arabera, freskagarri bat erostera joan ziren, eta, une batetik bestera, poliziak tiro egiten hasi ziren, Reforma egunkariak jaso zuenez: «Gasolindegi batean zeuden freskagarri bat erosten. Tiro egiten hasi ziren, eta, 15 eta 16 urteko mutilak beldurtu egin zirenez, korrika hasi ziren».

Lekukotza horren arabera,AEBetako gaztea —Ipar Carolinan jaio zen— moto batean zihoan lagun batekin, baina ez zuen jakin azaltzen tiro egitearen arrazoiak zeintzuk izan ziren: «Ez zieten gelditzeko edo maskarak kentzeko aukera eman. Tiro egiten hasi ziren, eta buruan jo zuten. Alexander [hildako gaztea] unean bertan hil zen, Poliziak ez zuelako lehen laguntzarik eman nahi izan».

Gertaturikoa argitzeko asmoz, Oaxaco Fiskaltzak ikerketa bat abiatu du, ohar baten bidez jakinarazi zuenez, baina ez zuen kasuari buruzko xehetasunik eman. Acatlan de Perez Figueroako Udalak, berriz, gaztearen hilketa deitoratu zuen, eta jakinarazi zuen fiskalei behar zituzten frogak emango zizkietela. Halere, gertaturikoa istripu gisara aurkeztu zuen, esanez poliziek ez zutela tiro egin «komunitateari min egiteko edo asmo txarrez».

Twitter sare sozialera igotako bideo batean, hildako gaztearen ama ikus daiteke Poliziaren jarrera kritikatzen: «Nire semea ez zen gaiztoa: ez zuen erretzen, ez zuen edaten; nire semeak amets bat zuen. Ez dira kriminalak; haurrak dira. Ez dut sinetsiko astapito horiek [semea] beste batekin nahastu zutenik».

Mexikoko hedabideen arabera, hildakoa aitona-amonen etxean zegoen, haien herrian.

Ez da kasu bakarra

AEBetako gaztearen hilketa ez da asteotako Poliziaren bortizkeriaren kasu bakarra izan Mexikon.

Iragan astean, esaterako, Giovanni Lopez igeltseroaren hilketaren kasuak Mexiko astindu zuen, eta manifestazio jendetsuak izan ziren, kasu horretan Guadalajaran.

Sare sozialetara igotako atxiloketaren bideoan agertzen dena duela hilabete gertatu zen, maiatzaren 4an: Lopez Ixtlahuacan de los Membrilloseko kale batean eserita zegoen, eta, senide batzuk alboan zituela, hainbat poliziak atzeman eta komisariara eraman zuten, era bortitzean.

Polizien arabera, Lopez atxilotu zuten ez zeramalako maskararik soinean, baina lekukoek diote bazuela bat eskuan. «Ez zen ari ezer egiten. Soilik eserita zegoen hor, zer edo zer jatear», adierazi zuen biktimaren senide batek atxilo hartu zutenean, bideoan entzun daitekeenez.

Senideek Lopez atxilotu eta egun batera izan zuten haren berri: komisariatik dei bat jaso zuten, eta adierazi zieten Guadalajarako ospitale batera eraman zutela; han hil zen, deiaren egun berean. Familiaren arabera, gorpua jaso zutenean ikusi ahal izan zuten hainbat kolpe eta tiro bat jaso zituela —hanka batean—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.