Arrauna

Ondo gordetzeko lau argazki

Santurtzik 25 urteren ondoren irabazi du berriz Bizkaiko txapelketa, eta Ondarroak aurrenekoa lortu du. Hondarribiak 11. aldiz irabazi du Gipuzkoakoa, eta Oriorena bigarrena izan da, iazkoaren atzetik

Nadeth Agirre Orioko patroia bandera jasotzen atzo, Orion, taldekideak begira dituela. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Estropada ederrak egin zituzten arraunlariek atzo Bizkai eta Gipuzkoako traineru txapelketetan. Itsasoa jostari zegoen, eta, arraunerako egoki-egoki ere ez bazegoen ere, gustura samar moldatzeko moduan jarri zitzaien Lekeition eta Orion. Bizkaikoan, Ondarroak lehendabizikoz irabazi zuentxapelketa emakumezkoetan, eta Santurtzik 25 urte geroago lortu zuen bere hamargarrena. Gipuzkoan, gizonezkoetan, Hondarribiak 11. aldiz astindu zuen bandera, eta Oriok, aurretik, bigarren aldiz jarraian lortu zuen garaipena, bere bigarrena.

Lau taldeetan poza zen nagusi, normala den bezala, baina tristetik ere izan zuen atzo egunak arraun munduan. Izan ere, argazkilari amateur nekaezin bat hil zen Zumaian: Klaudia Egirao, Zumaiako IƱaki eta Joseba Aristi arraunlarien ama, eta Aitor patroiaren izeba. Bazen denbora bat haren argazki kamera estropada eremuetatik desagertzera behartu zuela gaixotasun larri batek, eta atzo joan zen, estropada egun batean. Minutuko isilunea egin zuten Gipuzkoako estropadan Egiraoren omenez.

Gozatu ederra hartuko zuen atzo Orion, argazkitarako aukera ona zegoen eta. Emakumezkoen estropadan, Orio aterako zuen estropada hasi orduko lehen postuan. Hondarribia atzerago zela ere bai, azkarregi gauza onerako. Arraun ere geratuz joan zela islatuko zuen kamerarekin, eta ziabogan Oriok Donostiarrari sei segundo ateratzen zizkiola ere bai. Laugarren kalean zegoen etxeko taldea, eta hirugarrenean Donostiarra. Ikusiko zen argazkietan nola Oriok aldea handitzen zuen bigarren luzean. Bederatzi segundokoa izan zen azkenean, etxekoen alde eta Donostiarraren kalterako. Arraun sartu zen hirugarren, eta Hondarribia laugarren. Sailkapenean, Tolosaldeak aurrea hartu zion Hondarribiari, baita San Juanek ere. Eremutik Oria ibaiaren sarrerara mugituko zuen Egiraok kamera, argazkian gordetzeko nola ematen zioten bandera Oriori.

Gizonetan estuagoa izan zen lehia, eta Hondarribiak sei segundo atera zizkion Donostiarrari, eta hamar Oriori. Laugarren San Pedro izan zen, bigarren txandako garailea. Olatuxka hauskorren gainean, traineruek argazki politak utzi zituzten, eta gozatukozuen Zumaiako argazkilariak.

Santurtzi, azken unean

Zer esanik ez Lekeition, Santurtziren azkeneko txanpa handiarekin. Horrek eman zion garaipena, Zierbena eta Urdaibairen aurretik. Ondarroa izan zen laugarren. Poza emakumezkoek eraman zuten klubera, Bizkaiko banderarekin. Arraunzale argazkilariak argazki dotore askoa aterako zion garaipen historiko horri ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.