Elisenda Paluzie. ANCko presidentea

«Zilegitasuna berrituko luke botoen %50 baino gehiago lortzeak»

Paluziek nabarmendu du independentismoa ezin dela egon «gutxiengoak bahiturik». Haren iritziz, «irmo eta koherentziaz» jokatuz lortuko du babesa handitzea. Independentzia deklarazio bati eusteko prestatzera deitu du.

DANI CODINA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Beste bi urtez gidatuko du Elisenda Paluizek (1969, Bartzelona, Herrialde Katalanak) ANC Biltzar Nazional Katalana, hots, Omnium Cultural elkartearekin batera prozesu independentistaren aldeko gizarte eragile garrantzitsuena izan dena. Biltzarreko oinarriek babes zabala eman zioten haren hautagaitzari ekainean: botoen %85 izan zituen aldeko. Paluzierena izango da, beraz, elkartearen bidea gidatzeko ardura. Bide orria joan den maiatzean onartu zuten: independentziarako aldebakarreko bidea abiatzea eta independentzia deklarazio baterako prestatzea, Kataluniako hurrengo bozetan alderdi independentistek bozen erdiak baino gehiago eskuratzen badituzte.

Zer iritzi duzu JxCren eta ERCren gobernuak azken agintaldian egin duenari buruz?

Agerikoa da ez gaudela batere pozik gobernu eraginkor deitu zuten horrek egin duenarekin. Ez da era ikusgarrian kudeatzen ari dituen eskumen apurrak; pandemian agerian dago. Gainera, ez du aurrerapausorik eman independentziarako prestatzeko.

Urriaren 1eko erreferendumaren ondoren, independentismoa ez da gai izan bide orri bateraturik adosteko.

2017ko urrian izan ziren lorpenei eta gabeziei buruzko diagnostiko bateraturik ere ez da egin. Beraz, are zailagoa da bide orri bati buruzko adostasunik lortzea. Oraindik ez dugu 2017ko urriaren 1ean gertatu zena gainditu, eta hor jarraitzen dugu.

Espainiako Auzitegi Gorenak buruzagi independentisten kontrako epaia eman zuenean, batasuna eskatu zenien alderdiei. Egin al da urratsik?

Hurrengo hauteskundeen osterako proposamena egin genien:presta gaitezen independentzia deklarazio bati eutsi ahal izateko, baldin eta independentismoak botoen %50 baino gehiago lortzen baditu. ANCren iritziz, 2017ko urriko aukera galdua da. Ez du ezertarako balio damutzen jarraitzeak. Baina lor dezagun orain independentzia deklarazio eraginkor hori, egin dezagun gure esku dagoen guztia gizarte zibila horretarako prestatuago egon dadin. Botoen %50 gaindituz gero, zilegitasuna berrituko dugu, eta horrek indartsuago egingo gaitu nazioartean. Ez dadila inolako zalantzarik egon [Catalunya en] Comunen botoekin, anbiguoak izaten baitira beti. Aldiro aurkezten dute hautagairen bat independentziaren alde dagoela dioena, baina ez honela edo bestera lortuta.

Ezer aurreratu al dute alderdiek bide horretan?

Oso gutxi aurreratu da. Sententzia pasatu zen, eta erreakzio instituzionala oso pobrea izan zen. Hilabete batzuen ostean, autodeterminazioaren aldeko enegarren adierazpen bat onartzeko jarri ziren ados; gero, desadostasunak izan zituzten [Quim] Torra [Kataluniako] presidentearen inhabilitazioari erantzuteko garaian, eta gero pandemia etorri zen, martxoan.

Ba al da zumerik estrategia bateratzeko?

Orain arte ikusi dudanari erreparatuz gero, ez. Baina lan egin behar dugu posible izan dadin. Kanpora begirako batasun soilak ez izatea ere eskatu behar dugu. Ez dadila izan hauteskundeetara aurkezteko batasun bat bakarrik. Hori ere bada arrisku bat. Behartutako batasun batera iristea, denei interesatzen zaielako hurrengo bozetara begira. Nahiago dut akordio publikorik ez egotea, baina sakonean lan egitea eta ekintza konkretuak ikusten hastea. Kataluniako prozesuan oso ohikoak izan dira akordio arranditsuak, baina egiaz landu gabeak.

Zer erantzun jasotzen ari zarete alderdien aldetik proposatu duzuen bide orriari buruz?

Bada alde bat guztiari baietz esaten diona, baina independentzia deklarazio baten aurrean erakundeek izan beharko luketen ardurak uxatzen dituena. JxCren munduaz ari naiz. Mobilizazioaren, indarkeriarik gabeko erresistentzia zibilaren eta lurraldearen kontrola eskuratzearen alde mintzatzen dira, baina gainetik kentzen dute Kataluniako Generalitateak eta Parlamentuak izan beharko luketen ardura. Erakundeek rolik jokatu beharko ez balute bezala, bestela [Espainiak] 155.a ezarriko lukeelako, eta funtzionarioei ezin zaielako eskatu hori edo bestea egitea. Aztertu egin beharko litzateke erakundeetatik zehazki zer egin daitekeen eta zer ez. Baina bistan da independentzia lortzeko, oraindik alderdi independentisten alde bozkatzeko aukera dugun eredu batean, deklarazioa parlamentu batek bozkatzeak emango digula nazioarteko zilegitasuna, eta errepublika sortu berriaren aginte bihurtuko den gobernu erakunde bat izateak. Ez dugu egingo herri altxamendu batekin soilik. Hori diktadurentzako eredu bat da, edo independentismoa boterean ez dagoen lurraldeentzako eredua.

Eta ERCren aldetik?

ERCrentzat, indar harremana ez da inoiz nahikoa. Botoen %50 gainditzeko baldintza jartzen badugu, %50eko babesa beharrezkoa da, baina ez da nahikoa. Ez dute zehazten independentzia deklarazio bat egiteko indar harremanak zenbatekoa izan behar duen. Bestalde, Esquerra elkarrizketaren aldeko apustuan dago, eta haien diskurtsoa da erreferendum adostu bat hitzartuko dutela.

ANCk hautagaitzaren bat babestuko al du Kataluniako hurrengo hauteskundeetan?

Independentistek hauteskundeetan botoen %50 gaindituz gero, aldebakarreko bidea sustatzearen alde agertzen diren hautagaitzak babestuko ditugu. Hauteskunde programetan jarrera argiak jaso daitezen nahi dugu. Ez dadila gertatu boto independentistak erdiak baino gehiago izanda alderdiek independentziarako bidea egin nahi ez izatea.

Eperik zehaztu duzue?

Ez dugu eperik aipatzen. Ez gara ari esaten independentzia deklarazioa bozen hurrengo egunean egin behar denik. Jabetzen gara ez dugula beste independentzia deklarazio fake bat behar. Bere garaian, epeak ez ziren ondo landu: epe estuegiak ziren. Horretan adostasuna dagoela dirudi. Baina lau urteko agintaldi batean, halako gehiengo argi bat lortuz gero, gauza askotarako aukera dago.

Uste duzu independentismoak gizartearen sektore gehiagotara iritsi behar duela independentzia deklarazio bati eusteko?

Bai. Baina, aldi berean, ezin gara bihurtu gutxiengoaren bahitu. Gehiengoak gutxiengoa errespetatu behar du, baina ez du haren menpe egon behar. Ez dut inola ere babesten galtzailearen onespenak derrigorrezkoa izan behar duen ideia.

Zilegitasunetik harago, ikuspuntu praktiko batetik, ez al du gehiengo zabalago baten indarra eskatzen Espainiako Estatuari aurre egiteak?

Gizartearen %60ren babesa izanda ere, oztopo berberak jarriko lizkiguke. Ez gaituzte onartzen subjektu politiko gisa, garenak garela.

Baina oztopo berak jarrita ere, horiek gainditzeko gehiengo zabalagoak behar dira?

Oztopoak gainditu ahal izateko, zenbat eta gehiago izan, noski, orduan eta hobe. Hala ere, elementu bat da hori, beste askoren artean. Esaterako, gehiengo independentistak isla izatea gizarte zibilaren elkarte garrantzitsuetan; egitura ekonomiko jakin batzuk prest izatea, finantzen gaineko esku hartze bati aurre egin ahal izateko... Nolabait, Espainiako Estatuari alde bakarretik aurre egitea urriaren 1ean egin genuena egitea da. Oraingoak askoz ere sofistikatuagoa izan beharko luke, elementu gehiagori eragingo liekeelako. Orduan, gakoa izan zen gizartearen mobilizazioak eta erakundeek bat egin zutela. Lurraldearen gaineko kontrol oso esanguratsua lortu zen. Estatua ezin izan zen gailendu.

Aldi berean, ez al zen frogatu deklarazio bati eusteko indar handiagoa behar zela?

Ez dakit indar handiagoa behar den. Prestaketa handiagoa behar da. Ez dut uste botoen ehunekoa zenik kontua, baizik eta prestaketa nahikoa ote zen ala ez finantza arloko esku hartze bati aurre egiteko. Ikusi zen [Kataluniako Gobernuan] ez zeudela horretarako prestatuta. Beste interpretazio bat ere egin daiteke. Batzuek akaso uste zuten urriaren 1arekin negoziatzera behartuko zutela Espainiako Gobernua, baina hark ez du horrela jokatzen. Espainiako Estatuari gaina hartu behar zaio.

Erreferendumaren ostean, Puigdemontek independentzia deklarazioa etetea erabaki zuen; haren esanetan, Espainiako Estatua prest zegoelako «muturreko indarkeria» erabiltzeko.

Hildakoak gerta zitezkeen urriaren 1ean ere, eta jendeak bozkalekuetan jarraitu zuen. Ezinezkoa zen jakitea zer gertatuko zen. Ez dut uste xantaia horri men egin beharko geniokeenik. Gainera, horrek eskatzen du pentsatzea Espainiako Estatua prest egongo litzatekeela gisa horretako indarkeria biztanleria zibilaren aurka erabiltzeko. Kosta egiten zait sinestea. Baina mehatxua irudikatze hutsarekin helburuari uko egingo badiogu, eman dezagun amore orain.

ERCk adierazi du gizarte politikak bultzatuz independentistak ez direnen babesa lor dezakeela independentismoak.

Argi izan behar da Katalunia ez dela EAE, ezta Nafarroa ere. Ez daukagu kontzertu ekonomikorik. Gure finantzaketa guztiz penagarria da. Horrenbestez, ez daukagu baliabiderik, eta horrek izugarri baldintzatzen du erakargarria izan daitekeen kudeaketa bat egiteko aukera. Uste dut jende gehiago erakarri dugula irmo eta koherentziaz jokatzen ikusi gaituztenean. Ez diot jende gehiago batu behar ez dugunik, baina iruditzen zait ez dugula jende gehiago erakarriko kudeaketa autonomiko batekin, independentziaren aldeko urratsik egin gabe, errepresioa jasaten, alde batetik jendea mobilizatzera deitzen eta bestetik erakundeetatik Polizia manifestarien aurka bidaltzen. Horrek nazkatu egingo du independentismoaren oinarria. Ekintzaile asko dago denbora luzea daramana beren energia, talentua eta denbora auzi honetara bideratzen ezer jaso gabe trukean.

Independentismoaren oinarria nekatzen ari da?

Elkarte independentistetan azken hamar urteetan izan den parte hartzea ikusgarria izan da, eta horri denboran eustea ez da erraza. Desmobilizazioaren arriskua hor dago. Nolanahi ere, jendeak aldiro harritzen nau, beti erantzuten baitu beharrezkoa denean. Baina arriskua hor dago.

Pandemiak bigarren mailan utzi al du independentziaren aldarria?

Independentismoa hazi egin zen 2010ean, ekonomia krisiarekin. Jendeak ikusi zuen Kataluniaren finantzaketa ez zela nahikoa, gobernuak murrizketa gehiago egin beharra zeuzkala. Ez dut uste jendeak independentista izateari utzi dionik zailtasun ekonomikoak dituelako edo osasun arazoak izan dituelako familian. Egia da lehentasunak orain beste batzuk direla, eta horrek eragin diezaioke mobilizazioari, baina ez dut uste independentziarekiko atxikimendua murriztuko duenik.

Zein izango dira ANCren lehentasunak datozen urteetan independentismoa indartzeko?

Gizarte zibilaren ikuspegitik, Einas de pais [Herri erremintak] izeneko kanpainan segituko dugu. Gizarte zibilaren erakunde guztietan eragin nahi dugu: enpresetan, sindikatuetan, elkargo profesionaletan eta abarretan.

Bestalde, gure oinarriak prestatzen jarraitu nahi dugu, indarkeriarik gabeko erresistentzia moldeetan trebatzeko.

Auzia nazioartekotzea ere bultzatu nahi dugu, [independentzia deklarazio baten] aitortzak prestatzeko. Batetik, UNPO Ordezkapenik Gabeko Nazio eta Herrien Erakundeko kide bihurtu gara, Kataluniaren ordezkari gisa. Hari esker, hasiak gara ESLAren [Europako SegurtasunLankidetzarako Antolakundearen] giza eskubideei buruzko foroetan parte hartzen. Horietan, Espainiako Estatuak gutxiengo katalanaren aurka oinarrizko eskubideei egiten dizkien urraketak salatzen ditugu. Zilegitasun gehigarria lortzeko erremintak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.