Bukeleri El Salvadorko sarraski bateko artxiboak ezkutatzea egotzi diote

Astelehenean zen epaile bat artxibo militarrak arakatzen hastekoa, baina sarrera ukatu zioten. Presidenteak ziurtatu du horiek desklasifikatu dituela

Nayib Bukele El Salvadorko presidentea herenegun eginiko diskurtso batean. RODRIGO SURA / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
El Salvadorren astelehenerako zegoen programatuta 1981ean El Mozoten egindako sarraskiaren inguruko dokumentuak bilatzeko artxibo militarrak arakatzen hastea, baina oztopo bat topatu zuten bidean. Izan ere, Jorge Guzman epaileari, San Francisco Goterako Instrukzio Epaitegiko titularrari, ukatu egin zioten artxiboetan ikuskapen diligentzia bat egitea. Argitu zutenez, Carlos Venegas koronelak jakinarazi zion ezingo zela sartu. Beraz, militarrek uko egin zioten agindu judizial bat betetzeari.

El Salvadorko armadak mila nekazari inguru hil zituen 1981ean eginiko sarraskian, eta Guzman horri lotutako militarren aurkako prozesu penala ari da eramaten. Nayib Bukele herrialdeko presidenteak aurretik agindu zuen dokumentuok entregatuko zituela, eta berehala iritsi ziren blokeoaren kontrako kritikak. Haren aurka jo zuen El Mozoteko Giza Eskubideen Sustapen Elkarteak: «Egun hau gure oroimenean grabatuta geratuko da: Errepublikako presidentea inpunitatearen, engainuaren eta diskurtso bikoitzaren beste buruzagi bat da».

IACHR Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak ere sarbidea ukatzea gaitzetsi zuen, eta gogorarazi Giza Eskubideen Gorte Interamerikarrak neurriak hartzeko agindu ziola estatuari «eskubide urraketak ikertzeko artxibo erabilgarrietara sarbidea bermatzeko». Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandatariak ohartarazi zuen diligentzien bilakaerari adi jarraituko diola.

Era berean, armadaren blokeoaren inguruan azalpenak emateko eskatu zien Guzmanek Bukeleri eta Rene Merino Monroy Defentsa ministroari, eta jakinarazteko ea ezezkoa posizio ofizialari dagokion. Ordena haiek emandakoa bada, artxibo militarretarako sarbidea ukatzeko «egitatezko eta zuzenbidezko arrazoiak» emateko galdegin zien.

Defentsa ministroak asteazkenean defendatu egin zuen dokumentuetarako militarrek ezarritako blokeoa. Haren arabera, armadak egin zuena «Konstituzioa errespetatzea» da. Bukele presidentea, berriz, isilik mantendu zen hasiera batean, eta ez zuen gaiaren inguruko adierazpenik egin nahi izan. Hain zuzen, polemika sortu zuen mututasun horrek. Celia Medrano ekintzailearen arabera, gobernuaren isiltasunak konplizitatea soilik erakusten du. Herenegun, aldiz, presidenteak iragarri zuen desklasifikatu dituela aurkitutako artxibo urriak, baina gehienak «suntsituak» izan zirela; jakinarazi zuen dagozkien instantziei emango dizkiela. Hala ere, haren esanetan, ez dago El Mozoteko dokumenturik Indar Armatuaren Estatu Nagusian.

1981eko abenduaren 10etik 13ra, armadako elite unitateek gutxienez 988 pertsona hil zituzten operazio militar batean, horietako gehienak haurrak. Sarraski hori dela eta, gerra eta gizateriaren aurkako krimenengatik erretiratutako dozena bat agintari militar baino gehiago auzipetu dituzte.

Bestalde, El Salvadorko epaile eta magistratu talde batek gobernuko goi kargudunei eta presidenteari berari herrialdeko independentzia judiziala urratzea leporatu diete. Diego Garcia Sayan NBEko kontalari bereziari bidalitako gutun batean adierazi zutenez, Bukelek «ebazpen judizialen aurrean desobedientziarako deia egiten du etengabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.