Haurdunaldira kondenatuak

Emakumeen greba orokorra egin dute Polonian, Auzitegi Konstituzionalak legezko abortuak are gehiago murrizteko hartutako erabakia salatzeko. Datozen egunetan ere mobilizazioak egingo dituzte

Greba orokorra egin zuten atzo Polonian, eta milaka emakume atera ziren protesta egitera Krakovian. EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Beste borroka egun bat izan zen atzo Polonian, emakumeen eskubideen aldekoa. Auzitegi Konstituzionalak joan den ostegunean legezko abortua are gehiago murriztea erabaki zuenetik, emakumeek egunero hartu dituzte kaleak, protesta gisa, eta greba orokorrerako deia egina zuten atzoko; eskolak, unibertsitateak, lantegiak eta bulegoak hustu zituzten, eta kaleak bete.

Emakumeak ez daude prest epaiak haien aurka egindako eskubide urraketak onartzeko, eta mobilizazioen handitasunak argi erakusten du herritarren haserrea. Atzo egindako greban, beste behin ere, haien indarra eta batasuna erakutsi zuten milaka emakumek, eta datozen egunotan manifestazio gehiago egingo dituzte: bihar, esaterako, martxa handi bat egiteko asmoa dute abortuaren aldekoek.

Greba aurretik, PiS Legea eta Justizia alderdi kontserbadoreko lider eta herrialdeko ministrorde Jaroslaw Kaczynskik protestarien aurkako adierazpenak egin zituen, eta «erasoen» aurrean «elizak babesteko» deia egin zienjarraitzaileei. Haren arabera, auzitegiak emandako epaia legitimoa da. «Defenda dezagun Polonia, defenda dezagun abertzaletasuna, eta erakuts dezagun erabakitasuna eta adorea», esan zuen. Protestariek Polonia «suntsitu» nahi dutela gaineratu zuen. Oposizioak, berriz, «gerra zibilera bultzatzea» egotzi zion.

Gazeta Wyborcza hedabideak egindako galdeketa baten arabera, herritarren %73k ez dute babesten auzitegiak emandako abortua murrizteko epaia, eta biztanleen erdia baino gehiago daude protesten alde.

Aitor Arruza euskal herritarra Polonian bizi da, eta unibertsitateko irakaslea da Varsovia hiriburuan. BERRIAri azaldu dionez, ikasleek herenegun jakinarazi zioten greba egingo zutela. Errektoreak ere atzo helarazi zien klaseak bertan behera utziko zituztela, grebaren oihartzuna ikusita. Argi hitz egin du: «Kaleko irudiak ikusten ditut, eta milaka pertsona ari dira protestan; hiriko leku guztietan elkartzen dira. Babesa handia izan da». Protesta gehiago izango direla argitu du, «etenik gabe», eta honakoa nabarmendu: «Hirietan ez ezik, herri txiki askotan ere ari dira manifestazioak egiten».

Egunotako mobilizazioetan, emakumeen eskubideen eta askatasunaren aldeko makina bat aldarri zabaldu dituzte, baina, horrez gain, gogor jo dute gobernuaren eta haren politiken aurka ere, Alde Hemendik eta Hau gerra bat da bezalako leloen bitartez.

Epaia «zaplazteko» baten modukoa izan dela esan du Arruzak. «COVID-19aren pandemia betean, atzetik sartu digute ziztada hau. Gobernu honek horrela egiten du dena». Emakumeen aurkako eskubide urraketa larria dela dio. «Guztiak ari dira protestan». Hala ere, Kaczynskiren adierazpenak entzunda, ez da oso baikorra, eta arduratuta dago haren jarrera ikusita. «Erantzuna nahiko bortitza izan da, eta kezkatuta nago. Jendearen indarra sumatzen dut, baina alderdi horretakoekin hitz egitea Voxekoekin hitz egitea bezala da».

Eskubide urraketa

Poloniak legezko abortua murrizteko erabakia hartu berri du, baina, aurretik ere, Europako legedirik zorrotzenetarikoa zuen Varsoviak. Soilik lau kasutara mugatzen zuen legezko abortua: haurdunaldia bortxaketa baten edo intzestuaren ondorio denean, amarentzat osasun arrisku larria dakarrenean edo umekiak malformazioren bat duenean. Azken kasu horretan izan du eragina epaiak, eta arrazoi horregatik abortatzea konstituzioaren aurka doala iritzi dute; beraz, legez kanpokotzat jo dute.

Praktikan, erabaki horrek abortua ia debekatzea dakar. Adibide argigarri batekin egiazta daiteke hori: iaz, herrialde osoan apenas 1.110 legezko abortu baino ez zituzten egin —38 milioi pertsona inguru bizi dira— eta horietatik % 97 umekiaren malformazioaren ondoriozkoak izan ziren. Halere, emakumeen aldeko elkarteek diotenez, orotara urtean Poloniako 80.000 eta 120.000 emakume inguruk abortatzen dute atzerrian edo beste bide batzuk erabilita.

2015etik, gehiengo osoa du parlamentuan PiS Legea eta Justizia alderdi ultraeskuindar, kontserbadore eta euroeszeptikoak, eta azken urteetan gobernua botere judizialaren kontrola bereganatzen ari da. Hain justu, PiSek izendatu zuen Auzitegi Konstituzionaleko presidentea, Julia Przylebska, Europako Batasunak kritikatu duen erreforma judizial baten ondotik. Hark hautatuak dira auzitegiko beste epaile gehienak ere. Bruselak abian du Poloniari isuna jartzeko prozesua, justiziaren independentzia higatu duela iritzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.