Abortua eskubide Argentinan

Abortua legezkoa eta doakoa izango da haurdunaldiaren lehen hamalau asteetan. Senatuak baiezkoa eman dio Diputatuen Ganberak onartua zuen lege proiektuari. Marea Berdeak kaleak bete ditu

Marea Berdeak mobilizatutako herritarrak, legeztatzea ospatzen, atzo goizean, Buenos Airesen. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE.
Julen Aperribai.
2020ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Abortuaren aldeko Marea Berdea mugimenduak lelotzat hartutako Legea izango da aldarriak iragarpen itxura zuen, eta hala baieztatu zuen atzo goizaldean Argentinako Senatuan egindako bozketaren emaitzak. Abortuaren despenalizazioa lege bihurtzearen inguruan erabaki behar zuen senatuak, duela ia hiru aste Diputatuen Ganberak lege proiektu horri baiezkoa eman ostean. Eta berretsi egin zuen behe ganberaren erabakia, espero zen baino alde handiagoaz: 38 senatarik lege proiektuaren alde bozkatu zuten; 29k, aurka, eta bat abstenitu egin zen. Ondorioz, Argentinan legezkoa eta doakoa izango da haurdunaldia lehen hamalau asteetan etetea.

Eskaera egin osteko hamar egunetan egin beharko da abortua. Orain arte, bortxaketa bat izan bazen eta haurdunaren bizia arriskuan bazegoen baino ez zen legezkoa haurdunaldia gelditzea. Lege berriak irizpide hori mantenduko du haurdunaldiaren hamalaugarren astetik aurrera, eta salbuetsitako bi kasu horietan soilik egongo da baimenduta abortua epe horretatik kanpo. Orain arte, ez zen legezkoa haurdunaldia etetea, eta lau urtera arteko kartzela zigorra ezartzen zitzaien hala egiten zutenei.

Kontzientzia eragozpena ere jasoko du legeak, eta hori izan da punturik eztabaidatuenetako bat. Onartutako testuak aukera emango die osasun langileei eta abortua gauzatzeko ardura dutenei horri uko egiteko, kontzientzia eragozpena argudiatuta. Kasu horietan, hala ere, haien betebeharra izango da eurek artatuko ez dituzten horiek beste profesional batzuen esku uztea. Gainera, ospitale guztiek bermatu beharko dute gutxienez mediku bat egongo dela abortuak egiteko.

Hiru adin tarte bereiziko ditu legeak: 13 urtetik beherakoek guraso edo ordezkari baten baimena beharko dute haurdunaldia eteteko; hamahiru eta hamasei urte bitartekoek ez dute baimenik beharko, abortuak euren osasuna arriskuan jartzen ez badu behintzat, eta adin horretatik gorakoek euren kabuz erabaki ahalko dute.

Zalantzan zirenak, alde

Bozketa estua espero zen. Abortuaren auziak alderdi nagusi guztien barnean eragin ditu desadostasunak, eta senatari guztien botoa ez zen jakina. Botoa erabaki gabe zuten zenbait senatari erabakigarriak izan zitezkeela uste zen, baina horietako batek aldeko botoa emango zuela iragarri zuen asteartean, eta handik gutxira jakin zen zalantzakoak ziren beste lau boto ere aldekoak izango zirela. Gainera, legearen kontrakoak ziren bi senatarik ezin izan zuten bozketan parte hartu: Carlos Menemek —koma induzituan dago— eta Jose Alperovichek —2021eko ekainera arte kargugabetuta izango da, sexu eraso bat egin izana egotzita—.

Lege proiektuari azken unean egindako zenbait moldaketek abortuaren aldeko posizioa hartzera eraman zituen zenbait senatari, baita 1.000 egunetako plana onartu izanak ere —atzo onartu zuten—, zeinak hiru urtera arteko umeak dituztenei laguntza ekonomikoak emango dizkien.

Euskal Herrian asteazken gauerdia zenerako espero zen baiezkoa gailenduko zela, baina eztabaida parlamentarioa goizaldera arte luzatu zen; hamabi orduko saioa izan zen. Eztabaidaren osteko bozketan, hamalau botoren aldearekin nagusitu zen baiezkoa, eta legea onartzeko nahikoa zen senatarien erdiek baino bat gehiagok alde bozkatzea.

Kongresua herritarrez inguratuta zegoela egin ziren eztabaida saioa eta ondoko bozketa. Marea Berdearen protesta ospakizun bihurtu zen goizaldean, emaitza jakitean. Hala izan da aurretik ere: eztabaidaren agertoki izan dira ganberak, baina batez ere kaleko protestek eman diote ikusgarritasuna auziari. Marea Berdea mugimenduak agenda politikoaren erdigunean jarri du abortuaren inguruko eztabaida. «Gizartea interpelatu dugu, eta [abortuaren] despenalizazio soziala legeak baino lehenago lortu dugu, gizartea mobilizatzera deituz eta gugana batuz. Hala izan da, eta legea modu masiboan irabazi dugu», nabarmendu zuen atzo Laura Salome mugimenduko kideak.

Hein handi batean Marea Berdeak akuilatuta, Alberto Fernandez presidenteak ere lehentasuna eman dio abortua legeztatzeari, eta gobernuak berak babestutako eta sustatutako lege proiektua izan da atzo onartutakoa. «Gizarte hobeago bat gara gaur, emakumeei eskubideak zabaltzen dizkiena eta osasun publikoa bermatzen duena», adierazi zuen atzo Fernandezek.

Gobernuak legea sustatu izanak lagundu egin du harekiko babesa handitzen, eta hori izan da desberdintasun nagusia, 2018an abortua despenalizatzeko egindako saiakeraren aldean —senatuak atzera bota zuen—.

Aurkakoen presioa ere handia izan da; batez ere, Eliza katolikoaren eta ebanjelikoaren aldetik. Frantzisko aita santu argentinarrak ere publikoki adierazi zuen legearen aurkakoa dela, Senatuko eztabaidaren aurretik zabaldutako txio batean. Aurkakoen presioa ez da amaituko legearen onespenarekin, hala ere. Legea Konstituzioaren aurkakotzat dute askok, eta Argentinako zenbait probintziatan legea ezartzeari trabak jarriko zaizkiola espero da. Iparraldeko probintzietan du indar gehien Elizak, eta hango ordezkari askok legearen aurka egin dute.

Orain artekoa, 1921ekoa

Ehun urte behar izan dira abortuaren inguruko legea aldatzeko. 1921ean onartutako Zigor Kodearen arabera epaitu da abortua Argentinan orain arte. 1983an diktadura militarra amaitu zenetik, abortua despenalizatzeko zazpi lege proposamen eztabaidatu ditu Argentinako Kongresuak, eta guztiak baztertu.

Urtero, 450.000 abortu inguru egiten dira Argentinan klandestinoki, eta, horietan izandako zailtasunen ondorioz, milaka emakume ospitaleratzen dituzte.

Latinoamerikako beste herrialdeetan itxaropena piztu du legeztapenak, eta aurrekari izatea nahi dute. Egun, soilik beste bi herrialdetan da legezkoa abortua: Uruguain eta Kuban.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.