Arma nuklearrak debekatzeko ituna indarrean da 51 herrialdetan

Eragin mugatua izango du, arma nuklearrak dituzten estatuek ez dutelako hitzarmena sinatu. Bultzatzaileen ustez, akordiora batu ez diren gobernuak ere baldintzatu ditzake debekuak

Errusiako armadaren Topol misil bat, hura jaurtitzeko ibilgailuan, joan den larunbatean, indar militarrak Moskun egin zuen erakustaldian. MAXIM SHIPENKOV / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Arma nuklearrik gabeko mundu baten «itxaropena» eskaintzen duen ituna sartu zen atzo indarrean, Robert Mardini Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeko zuzendari nagusiaren esanetan. «Lehenengo aldiz, horien erabilera legez kanpokoa dela dioen arau bat izango da». Hitzarmenak arma nuklearren erabilera, garapena, ekoizpena, probak eta biltegiratzea debekatzen ditu. Era berean, estatuek ezingo dituzte beste herrialde batzuk lagundu edo bultzatu debekatutako jarduera horiek gauzatzera.

Oraingoz, ituna sinatu duten 51 herrialdeei eragingo die debekuak. Gehienak Afrikako, Asiako eta Latinoamerikako estatuak dira. Europan, Irlandak, Austriak, Maltak eta Lietchesteinek egin dute bat. Itunetik kanpo gelditu dira arma nuklearrak dituztenak. Akordioa 2017an erdietsi zen, Gurutze Gorriaren eta Ilargi Gorriaren ekimenez.

Munduan 13.000 jaurtigai nuklear daude; horien %90, AEBen eta Errusiaren esku. Bi potentzia nuklearrez gain, mota horretako armak dituzte Erresuma Batuak, Frantziak eta Txinak ere. Bost estatu horiek dira, hain justu, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrak. Ofizialki, Indiak, Pakistanek eta Ipar Koreak ere badituzte halako armak, eta, ofiziala ez den arren, ziurtzat jotzen da Israel ere talde horretan dagoela.

Mardinik ohartarazi duenez, milaka jaurtigai «alerta gorenean» dituzte estatu horietako gobernuek. «Horrek esan nahi du agindu bat bakarrik behar dela, pare bat segundo, botoi bat sakatu eta hondamendia eragiteko».

«Disuasio ahalmena»

Arma nuklearren jabe diren estatuek itunaren parte ez izateko aurkeztu duten argudio nagusia da jaurtigai horiek «disuasio ahalmena» dutela. Itunaren bultzatzaileentzat ez da akordiotik kanpo gelditzeko arrazoi nahikoa. «Errealitate ukaezina da arma nuklearrak diren artean horiek erabiltzeko arriskua ere izango dela. Planeta segurua izateko, ezinbestekoa da arma horiek desagerraraztea», adierazi du Mardinik. Arrisku horien artean aipatu du zibereraso batena.

Arma nuklearren jabe diren estatuek ituna sinatu ez badute ere, adituek uste dute akordioak horiengan eragina izan dezakeela. Aurretik beste arma mota batzuk debekatzeko hitzarmenekin gertatu dena dute ondorio horretara heltzeko oinarri. ICAV Arma Nuklearrak Debekatzeko Nazioarteko Kanpaina erakundearen arabera —2017ko Bakearen Nobel saria irabazi zuen—, pertsonen kontrako minak eta barreiatze lehergailuak debekatzeko itunek lortu zuten akordio horietara batu ez ziren estatuen portaera aldatzea.

Sektore pribatuan ere eragina izan duela nabarmendu dute. Esaterako, AEBetako Textron eta Orbital ATK konpainiek barreiatze bonbak ekoizteari utzi zioten arma horien kontrako ituna indarrean sartu ostean, Washingtonek bere egin ez bazuen ere. Antzeko zerbait gertatu zen Egipton, pertsonen kontrako minak egiteari utzi baitzion horiek debekatzeko hitzarmena indarrean sartu zenean. «Arma nuklearrak debekatzen dituen itun batekin, enpresa ekoizleek luze gabeko eta luzerako ikuspegia hartuko dute, eta geroz eta gutxiago inbertituko dute legez kanpokoak diren armetan», iragarri du Mardinik.

Larrialdiko neurri batzuk ere proposatu dituzte itunaren bultzatzaileek. Besteren artean, «alerta gorenean» dauden milaka jaurtigai nuklear egoera horretatik kentzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.