Poloniako Konstituzionalak dio estatuko legedia EBkoaren gainetik dagoela

Lehen ministroaren eskariari erantzunez eman dute ebazpena auzitegiko bost epailek. Varsoviak 2019an onartutako justizia erreforman du jatorria auziak

Sistema judizialaren erreformaren kontrako protesta bat, 2018an, Poloniako Auzitegi Gorenaren aurrean, Varsovian. MARCIN KMIECINSKI / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Bruselaren eta Varsoviaren arteko harremana are gehiago oker dezakeen erabakia hartu zuen atzo Poloniako Auzitegi Konstituzionalak, ebatzi baitzuen herrialde horretako legediak lehentasuna duela EB Europako Batasunekoaren aurrean, bi aldeen artean desadostasunak dauden kasuetan.

Poloniako Gobernuak auziaz iritzia emateko egindako eskariari erantzunez eman zuten ebazpena auzitegiko bost epailek. Martxoan egin zuen eskaera hori Mateusz Morawiecki lehen ministroak. Duela hilabete, Didier Reynders Europako Justizia komisarioak atzera egiteko eskatu zion Varsoviari, gutun bat igorrita. «[Europako] Batzordea kezkatuta dago egitasmo honen inguruan, EBko legediaren oinarrizko printzipioak auzitan jartzen baititu; batez ere, EBko legeen lehentasuna», adierazi zuen Reyndersek, Poloniako Gobernuari emandako mezuaz hitz egiteko agerraldian. Nabarmendu zuen Europako Justizia Auzitegiaren epaiak «lotesleak» direla estatu kide guztientzat, eta baita herrialdeko auzitegientzat ere. Hilabeteko epea eman zion Poloniako Gobernuari egitasmoa atzera botatzeko.

Hark ez zuen halakorik egin, ordea. Egun horretan bertan erantzun zion Morawieckik: «Uste dut galdera egiteko gure eskubidea garrantzitsua dela, posible baita talka bat izatea [EBko eta Poloniako legedien artean]». Bere gobernuko Justizia ministro Zbigniew Ziobro irmoagoa izan zen, eta adierazi zuen Europako Batzordeak auzian esku hartu izana «Poloniarekiko jarrera kolonialista desatseginaren» froga dela.

Estatuko fiskal nagusia ere bada Ziobro. Atzo, berriz azpimarratu zuen herrialdetik kanpoko ezein erakunde judizialek ez duela eskumenik Poloniako legediaren inguruko erabakiak hartzeko. Adam Bodnar arartekoak prozedura judiziala salatu zuen, eta Auzitegi Konstituzionaleko epaile guztien parte hartzea eskatu zuen, gobernuaren eskaria onartu zuten bost horietatik harago.

Urteetako tirabira

Poloniako Gobernuak 2019ko abenduan onartutako eta iragan urteko otsailean indarrean sartutako justizia erreforman dago bi aldeen talkaren jatorria. Bruselak salatu izan du erreforma horrek ez duela independentzia judiziala errespetatzen, besteak beste, onartu zutelako epaileek ezingo dituztela zenbait auzi judizial Europako Justizia Auzitegira bideratu.

Gobernuak epaileak aukeratzeko eta horien inguruan erabakitzeko duen eskumena ere auzitan jarri izan du Bruselak. Batzorde bat osatu zuten Auzitegi Goreneko epaileen independentziaz ebazteko, EBren legeak kontuan hartu gabe: eskumena du horiek behin-behinean kargutik kentzeko, soldata murrizteko edota immunitatea kentzeko. 2018an Ziobrok Piotr Schab izendatu zuen batzorde horren buru, eta ordutik epaileen kontrako hainbat prozesu diziplinatzaile zabaldu ditu batzorde horrek. Gainera, 40 epailek baino gehiagok jaso dituzte zigorrak Europako Justizia Auzitegiaren epaiak onartzeagatik eta gobernuaren justizia erreformari kritika egiteagatik.

PiS Legea eta Justizia alderdiak gobernuan dago, berriz, erreformari eusten dio, argudiatuta beharrezkoak direla auzitegiek modu eraginkorragoan funtziona dezaten eta komunismoaren garaiko joerak eta ustelkeria baztertzeko.

Martxoan, Europako Batzordeak auzitara eraman zuen Polonia, «independentzia judiziala ez errespetatzeagatik», eta auziaren inguruan erabaki bitartean kautelazko neurriak agintzeko eskatu zion Europako Justizia Auzitegiari. Poloniako Gobernuak 2019an onartutako justizia erreformagatik egin zuen, batez ere. Orduan, Reyndersek aitortu zuen Europako Batasuneko estatuetako gobernuak sistema judiziala erreformatzeko gai direla, baina adierazi zuen erreforma horiek EBren hitzarmenak errespetatu behar dituztela, eta salatu zuen Polonian egindakoak ez zituela betetzen.

Batzordeak ohartarazpena egin, eta denbora eman zion Poloniako Gobernuari 2019ko erabakia bertan behera uzteko, baina hark ez zuen atzera egin, eta argudiatu zuen erreforma «bateragarria» dela talde komunitarioaren legeekin.

Tentsioa ez da eremu judizialean bakarrik nabaritu, ordea. Bruselak «zuzenbide estatua errespetatzea» baldintzatzat jarri zuen Europako funtsak eskuratu ahal izateko, eta, modu gardenean esan ez bazuen ere, jakina da Hungaria eta Polonia dituela jomugan. Bi herrialdeetako gobernuek helegitea jarri zioten erabaki horri, argudiatuz irizpide horrek ez duela oinarri juridikorik eta estatu kideen barne auzietan esku hartzen duela.

Azken hitza Europako Justizia Auzitegiak izango du, eta espero da urte amaierarako edo hurrengo urte hasierarako ebatziko duela auziaren inguruan. Hala ere, Europako Batzordeak ohartarazia du erabakia hartu bitartean auzitegi horrek kontuan hartuko dituela bi estatuetako prozedura judizialak eta izan daitezkeen irregulartasunak. Ikusteko dago, beraz, atzo Poloniako Auzitegi Konstituzionaleko epaileek adierazitakoak zer eragin izango duen Poloniak jaso beharreko zenbatekoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.