Bruselak ekinbideak hasi ditu Hungariaren eta Poloniaren aurka, homofobiagatik

LGTBIQ komunitatearen aurkako legeak baztertzeko eskatu die Bruselak bi herrialdeei. Hala egin ezean, Europako Justizia Auzitegira jotzea aztertuko du

LGTBIQ komunitatearen eskubideen aldeko protesta bat, Varsovian, 2018an. JAKUB KAMINSKI/ EFE.
Julen Aperribai.
2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Adierazpenetatik harago joatearekin mehatxu egin zien atzo Bruselak Hungariako eta Poloniako gobernuei, LGTBIQ komunitatearekiko duten jokabidea aldatu ezean. Europako Batzordeak iragarri zuen arau hausteen prozedurak hasi dituela, «berdintasuna eta giza eskubideekiko eta duintasunarekiko errespetua» berma daitezen.

Bi epealditan banatu du prozedura Batzordeak. Bi hilabetekoa izango da lehenengoa. Bruselak bere kezka arrazoituko die gobernuei aurrena, eta esandako epea utziko die beren erabakietan atzera egiteko. Halakorik egiten ez badute, Batzordeak «ebazpen arrazoitu bat» bidali ahalko die, eta, ondoren, Europako Justizia Auzitegira jo.

Hungariaren kasuan, parlamentuak berriki onartutako lege homofoboa du jopuntuan Bruselak, zeinak debekatu egiten baitu 18 urtetik beherakoek sarbidea duten tokietan homosexualitatea eta sexu aldaketa sustatzen duten edukiak zabaltzea, LGTBIQ mugimenduaren inguruko propaganda egitea, eta hedabideetan homosexualitatea eta transexualitatea aipatzen dituzten iragarkiak argitaratzea, besteak beste. «Adingabeak babestea interes publikokoa da, eta Europako Batzordeak ere partekatzen du helburu hori. Hala ere, kasu honetan Hungariak ez du azaldu zergatik litzatekeen haurrentzat kaltegarria LGTBIQ edukiak eskura izatea», nabarmendu zuen Batzordeak, ekinbideak hasiko zituela iragartzeko oharrean.

Bruselaren arabera, legeak EBko estatu kideek bete beharreko lau araudi hausten ditu: ikus-entzunezko zerbitzuena, komertzio elektronikoena, merkatu bakarraren gardentasunari buruzkoa eta datuen babesaren ingurukoa. Horrez gain, Batzordeak uste du legeak «giza duintasuna, adierazpen eta informazio askatasuna, bizitza pribatuaren errespeturako eskubidea, eta baztertua ez izateko eskubidea» ere urratzen dituela, eta, horrenbestez, ez dela bateragarria Europako Batasunaren Tratatuaren bigarren artikuluan jasotakoarekin: «Berdintasuna eta giza eskubideekiko eta duintasunarekiko errespetua Europako Batasunaren oinarrizko balioak dira».

Bigarren ohartarazpen bat ere igorri zion Bruselak Hungariako Gobernuari. Izan ere, iragan urtarrilaren 19an agintariek liburu editore bat behartu zuten haurrentzako liburu batean ohar bat jartzera, obrak «genero tradizionaleko roletatik aldentzen diren jokabideak» jasotzen zituela adieraziz. Europako Batzordearen arabera, Hungariak «autoreen eta liburuen editoreen adierazpen askatasuna mugatzen du», eta baztertu egiten du sexu orientazioagatik, «modu injustifikatuan».

Kooperaziorik ez Polonian

Hungariaren lege homofoboa inportatzeko asmoa agertu izan du Varsoviak, eta hari ere hartu zion kargu Europako Batzordeak, baina ez horregatik, herrialde horretako hainbat hiri eta eskualdetan ezarritako LGTB ideologiatik libre diren eremuak deitutakoekin izan duen jarreragatik baizik. LGTBIQ komunitateko pertsonek betoa dute gune horietan.

Batzordeak azaldu zuen eremu horien inguruko azterketa bat egiten ari dela, eta, horretarako, Poloniako agintariei informazioa helarazteko eskatu ziela otsailean. nabarmendu zuen ez duela eskatutakorik jaso. Polonia «trabatzen» ari da Batzordearen lana, haren arabera, eta urratzen Europako Batasuneko instituzioekin «kooperatzeko» betebeharra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.