Ugandak ADFren miliziei eraso die Kongoko Errepublika Demokratikoan

Bi herrialde horietako gobernuek aliantza militar bat osatu dute Indar Demokratiko Aliatuaren «mehatxuari» aurre egiteko. Kongoren arabera, «ekintza adostuak» egingo dituzte. Herritarrak «izututa» daude

Haur batzuk UNHCR-ren errefuxiatuentzako kanpaleku batean, Ipar Kivu probintzian (Kongoko Errepublika Demokratikoa), 2019an. PATRICIA MARTINEZ / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Ugandako eta Kongoko Errepublika Demokratikoko gobernuek herenegun iragarri zutenez, aliantza militar bat osatu dute ADF Indar Demokratiko Aliatuak miliziaren «mehatxuari» aurre egiteko. Ordu batzuk geroago, atzo, miliziaren aurkako erasoaldia hasi zuen Ugandako armadak. Txio baten bidez bozeramaile batek jakinarazi zuenez, ADFkoek Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdean dituzten kanpaleku batzuk bonbardatu zituzten.

Kongoko Errepublika Demokratikoaren Gobernuko bozeramaile Patrick Muyayak ere «talde terroristaren» aurkako aire erasoak baieztatu zituen. Prentsaren aurrean nabarmendu zuen, hori bai, bi gobernuek ez dutela esan ekintza bateratuak egingo dituztenik, «baizik eta ekintza adostuak» izango direla. Ez zuen horiei buruzko zehaztasun gehiago eman, ordea.

Reuters berri agentziaren informazioaren arabera, Watalingako herritarrek leherketak entzun zituzten Ipar Kivu probintzian (Kongoko Errepublika Demokratikoa). Ugandako mugatik gertu dago. «Izututa gaude, ez gaituztelako egoeraz informatu», adierazi zion hango herritar batek berri agentziari. «ADFekin gehiegi sufritu dugu. Gure familiak sarraskitu dituzte. Irtenbide baten zain gaude».

Miliziek urteak daramatzate Kongoko Ipar Kivu eta Ituri probintzietako zibilei eraso egiten. Kivuko Segurtasunaren Barometroak bildutako datuen arabera, 2017az geroztik 361 eraso egin dituzte miliziako kideek Kongo ekialdean, eta horietan 2.000 lagunetik gora hil dituzte. Azken asteetan, gainera, hainbat eraso suizida gertatu dira Ugandan, eta gobernuak ADFri egozten dizkio. Miliziak gutxitan hartzen ditu bere gain erasoak, baina duela bi aste, horietako baten ondoren, Musa Baluku liderrak adierazi zuen EI Estatu Islamikoak Afrika erdialdean duen adarretako baten kidea dela. EIk berak bere gain hartu izan ditu agintariek ADFri leporatutako erasoak.

ADF Uganda mendebaldean sortu zen, 1990eko hasieran, eta gero Kongoko Errepublika Demokratikora zabaldu zen. Ugandarentzat, erakunde «terrorista» bat da, eta Kinshasa bera behin baino gehiagotan ahalegindu da milizia desagerrarazten. Kongoren ekialdea eremu aberatsa da baliabide naturalei dagokienean. Mineral asko dago; batez ere koltana, sakelako telefono adimendunetan erabiltzen dena.

Yoweri Museveni Ugandako presidenteak urteak zeramatzan abiatutakoaren moduko operazio bat egin nahian. Tartean, auzi ekonomikoak ere badaude: joan den ekainean Ugandako partzuergo bati esleitu zioten bi herrialdeak lotzekoak diren hainbat errepideren eraikuntza.

Biolentziaren zenbakiak

Biolentziak desplazamendu jario handiak eragin ditu Kongoren barruan. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren datuek diotenez, 2017az geroztik 5,6 milioi pertsona desplazatu dira; aurten bertan, 400.000.

Monusco Kongoko Nazio Batuen Misioak 14.000 bat soldadu ditu han, baina XX. mendearen amaieratik nabarmen egin dute gora milizien eta armadaren arteko erasoek. Bizirik irauteko alternatiben faltan, kongoar askok armak hartu dituzte, eta miliziekin bat egin dute. Segurtasunaren Barometroaren datuen arabera, 122 matxino talde daude herrialdean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.