Klima aldaketaren ondorio batzuk «atzera-bueltarik gabekoak» dira

IPCCk seigarren ebaluazio txostenaren bigarren atala kaleratu du. Ohartarazi duenez, geroz eta alde handiagoa dago hondamendia eragozteko behar diren neurrien eta hartu diren neurrien artean

Indiako gizon bat alabarekin, urez gainezka egindako kaleetan, Chennai hirian, iazko azaroan. I. MOHAMMED / EFE.
Iñaki Petxarroman - Gorka Berasategi Otamendi
2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Ez dago astirik erdibideko aukeretarako. Klima larrialdiari aurre egiteko, neurri eraldatzaileak ezinbestekoak dira, bizitza eta biodibertsitate gehiago ez galtzeko. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak ohartarazi du berotegi gasen isurketen erritmoak eragina izango duela kalteen larritasunean, baina murrizketa azkar eta sakon bat lortu behar dela klima aldaketaren ondoriorik latzenak eragozteko, eta kalte batzuk jadanik atzera-bueltarik gabekoak direla zenbait kasutan. Gizarteei egokitzea tokatzen zaie, eta zientzialariek ohartarazi dute horretarako hartutako neurriak «epe laburrekoak» eta «mugatuak» direla oraindik. Termometroak gora egiten duen gradu hamarren bakoitzak handitu egingo ditu gizarteek eta ekosistemek pairatuko dituzten kalteak: goseteak, pobrezia eta gerrak.

Seigarren ebaluazio txostena aurkeztu zuen atzo IPCCk, Genevan (Suitza). Iazko abuztuan aurkeztu zuen txosten horren lehen atala, eta apirilean kaleratuko du hirugarrena, berotegi gasen isurketak nola murriztu aztertuko duena.

Mundu osoko 270 zientzialarik osatu dute txostena, eta 34.000 ikerketa egin dituzte horretarako. 2014an egindako txostenaren jarraipena da oraingo hau, eta agerian utzi du klima aldaketa antropogenikoak okerreko bidea egin duela zortzi urte hauetan: jadanik kalteak «orokorrak» dira, eta «atzera-bueltarik gabekoak» askotan. 2014an, IPCCk zioen kalteak izateko arriskua «handitzen» ari zela.

IPCCk ohartarazi duenez, areagotzen ari da klima larrialdiari aurre egiteko hartu beharreko neurrien eta orain arte herrialdeek hartu dituztenen arteko aldea. Tarte hori handiagoa da diru sarrera txikienak dituzten biztanlerietan. Eta, hain justu, horiek dira planetaren berotzeari lotutako kalteak bortitzen jasango dituztenak. Horregatik, txostenak garrantzia aitortu dio herrialde horietan klima aldaketari aurre egiteko neurriei begirako finantzaketa bermatzeari.

Egungo berotze mailarekin ere, klima aldaketak arrisku handiak ditu gizakientzat eta ekosistementzat. «Ebidentzia zientifikoa argia da: klima aldaketa mehatxu bat da ongizaterako eta planetaren osasunerako», adierazi du Hans-Otto Portner IPCCren bigarren lantaldeko buruetako batek. «Ekintza globalerako edozein atzerapen etorkizun bizigarri baterako aukera galtzea izango da».

Ur eta elikagai hornidura

Klima aldaketaren ondorioz, ur eta janari hornidura gutxitzen ari da, eta horrek arriskuan jarriko ditu milioika pertsona, bereziki uharte txikietan, Artikoan, Afrikan, Asian, eta Hego eta Erdialdeko Amerikan. Bero boladek eta muturreko fenomenoek, berriz, mundu osoari egiten diete mehatxu, hilgarritasuna handitu eta gaixotasun berriak eragingo baititu. Nekazaritzarako, arrantzarako, turismorako eta kanpoko lanetarako ere mehatxu bat da gero eta handiagoa den estres termikoa. Munduko biztanleen erdiak —3.300 eta 3.600 milioi artean— oso kalteberak dira klima aldaketaren ondorioei begira, IPCCren txostenaren arabera.

Egoera hori okertu egingo da tenperatura igotzen den gradu bakoitzarekin. Oraingoz herrialdeek hartu dituzten konpromisoak betez gero, munduko tenperatura 2,7 gradu berotuko da mende honen amaierarako. Dagoeneko 1,2 gradu berotu da industria aurreko garaiarekin alderatuta. Esate baterako, Europan bi edo hiru aldiz pertsona gehiago izango dira arriskuan estres termikoaren aurrean hiru graduko berotzea izango balitz, 1,5 graduko berotzea izango balitz baino. Espezieak galtzeko arriskua ere hamar aldiz handiagoa izango litzateke mundu osoan.

Egokitzeko neurri eskasak

IPCCk ezinbestekotzat jo du klima aldaketaren ondorioetara egokitzea. Oraingoz, baina, aldaketen abiadura egokitzearena baino bizkorragoa dela ohartarazi dute txosten egileek. «Aldaketa gehienak eskala txikikoak, progresiboak eta epe motzari begirakoak» direla ohartarazi dute. Herrialde kalteberenek egokitzeko aukera izan dezaten finantzaketa handitu beharra dagoela jakinarazi dute. Halaber, natur ekosistemak berreskuratzearen aldeko apustua egin dute, egokitzea bermatzeko. Besteak beste, deforestazioa eta natur ekosistemen suntsiketa etetea, kostaldeen urbanizazioari galga jartzea eta hirietako gune berdeak zabaltzea. Munduko ekosistema zenbait —koral uharriak, oihan tropikalak eta poloak, besteak beste— atzera-bueltarik gabeko aldaketen atarian daudela ere ohartarazi dute.

Egileen esanetan, degradatutako ekosistemak berreskuratu eta lurreko, itsasoko eta ur gezetako habitaten %30-50 inguru era orekatu batean kontserbatuz gero, ingurune horiek gaitasuna izango lukete karbono dioxidoa xurgatzeko. Munduko hainbat tokitan, naturaguneek galdu egin dute karbonoa biltegiratzeko gaitasun hori, eta karbonoa isurtzen duten eremu dira orain; besteak beste, Amazonas oihana.

Mendien gailurretatik ozeanoen hondoraino, ekosistemak gero eta kalteberagoak dira klima aldaketari begira: bero boladak, lehorteak, uholdeak eta suteak gero eta ohikoagoak dira, eta izango dira. Aurreikusitako hipotesirik txarrenean, IPCCk iragarri du munduko espezieen %48k galtzeko arrisku handia dutela. Hipotesirik baikorrenean, batez beste tenperatura 1,5 gradu igoko balitz, espezieen %14k lukete galtzeko arrisku handia.

Tenperatura aldaketa dela eta, zientzialariek patroi aldaketa garrantzitsuak sumatu dituzte espezieen erdietan. Euren habitata aldatu dute klima aldaketari aurre egiteko, bai ekuatoretik poloetarantz urrunduta, baita altitudean gora joanda ere, ingurune epelagoen bila.

Klima larrialdia gainditzea giza garapen jasangarrirako oinarrizkoa dela nabarmendu du IPCCren txostenak, eta erabat lotuta dagoela ongizatea arriskuan jartzen duten beste joera batzuekin: natur baliabideen kontsumo jasangaitza, urbanizazio geroz eta handiagoa, gizarte desberdinkeriaren areagotzea eta pandemiak. «Gure azterketak argi adierazten du erronka horiei guztiei erantzun ahal izateko beharrezkoa dela guztiek —gobernuek, sektore pribatuak eta gizarte zibilak— arriskuak murrizteko elkarlana bultzatzea, baita berdintasuna eta justizia bultzatzea ere erabakiak hartzerakoan eta inbertsioak egiterakoan», esan du Debra Roberts IPCCren Bigarren Lantaldeko lehendakarikideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.