Gerra Ukrainan

Putinek are gehiago estutu du gatazka, gerra legea ezarriz anexionatutako lurretan

Errusiaren Ukrainarako buru militarraren ustez, egoera «tentsio handikoa» da Khersonen, eta Moskuk 50.000-60.000 lagun ebakuatu nahi ditu handik

Vladimir Putin Errusiako presidentea, atzo, Segurtasun Kontseiluaren bilera telematikoan. GAVRIIL GRIGOROV / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Errusiako armadaren Ukrainarako buruzagi izendatu zuten Sergei Surovikin duela bi aste, eta atzo, telebistan egin zioten elkarrizketa batean, argi mintzatu zen. Jeneralak nabarmendu zuen egoera militarra «tentsio handikoa» dela Kherson eskualdean, Errusiak irail amaieran Ukrainan anexionatutako lau probintzietako batean. Ordu batzuk geroago iritsi zen, atzo, Vladimir Putin Errusiako presidentearen iragarpena: lau eskualde horietan gerra legea ezarriko duela. Dekretua gaur da indarrean sartzekoa, eta, horren arabera, lau lurralde horietan Moskuk ezarritako administrazio militarrek eskumena edukiko dute «larrialdi neurriak» hartzeko.

Putinek Errusiako Segurtasun Kontseiluaren bilera hastean esan zuenez, Ukrainaren «tiroei» aurre egiteko eta «Errusiaren segurtasuna bermatzeko eta herria babesteko» hartu dute neurria. Ukrainarekin muga egiten duten Errusiako sei eskualdeetan eta Krimean ere —2014an anexionatu zuen— ezarri dute gerra legea. Gaur dira neurri zehatzen berri ematekoak, baina Kremlinek legea jaso du bere webgunean, eta zehazten du agintariek aukera edukiko dutela herritarren mugimenduak murrizteko, etxeratze aginduak ezartzeko, eta, besteak beste, ondasunak konfiskatzeko. Ohartarazi dute, bide batez, Errusiako edozein probintziatan ezarri ahal izango dutela legea.

Eta, paraleloki, Moskuk Khersonen ezarritako administrazio militarrak atzo jakinarazi zuen datozen sei egunetan 50.000-60.000 pertsona ebakuatu asmo dituztela eskualdetik, hasi direla zeregin horretan, eta iragarri zuen, gainera, datozen zazpi egunetan han sartzea debekatuko dietela zibilei. Leku estrategikoa da Ukraina hegoaldeko Kherson eskualdea, eta, horregatik, inbasioa hasi eta gutxira okupatu zuen Errusiak hango hiriburua, izen berekoa. Ukrainak probintzia hori ere berreskuratzeko kontraerasoa hasi zuen irail hasieran, eta bi aldeen arteko borrokak laztu egin dira han.

Kieven ustez, baina, «propaganda ikuskizun bat» antolatu du Errusiak partzialki okupatua duen eskualdean. Ukrainako presidentetza bulegoaren buru Andri Yermakek Telegramen idatzi zuen Errusiak herritarrak «beldurtu» nahi dituela «albiste faltsuekin», iragarriz Ukrainako indarrak Kherson hiria bonbardatzekotan direla.

Kherson arrazoi jakin batzuengatik da estrategikoa. Batetik, handik pasatu behar delako Ukrainatik Errusiak 2014an anexionatutako Krimeako penintsulara lurretik iristeko. Bestetik, Errusiaren asmoa bada Ukraina ekialdea eta hegoaldea hartzea eta Donbass eta Transnistria artean lurreko korridore bat egitea —Itsaso Beltzerako sarrerarik gabe utziko luke Ukraina—, hura kontrolpean edukitzea ezinbestekoa delako. Eta, azkenik, Kherson hiritik igarotzen delako Dnieper ibaia —Ukraina bitan zatitzen du— Itsaso Beltzean itsasoratu aurretik.

Sakharov saria, Ukrainari

Europako Parlamentuak atzo iragarri zuenez, Ukrainako herriari emango dio Kontzientzia Askatasunaren aldeko Sakharov saria.Ekitaldia abenduan egingo dute.

Bestalde, Irango Gobernuak trebatzaile militarrak bidali ditu Krimeara, haiek Errusiako indarrak treba ditzaten Iranek ekoitzitako droneen erabileran. Hori kaleratu du The New York Times egunkariak, AEBetako inteligentzia zerbitzuak aipatuz. EB Europako Batasuna Irani zigor gehiago jartzekotan da, «nahikoa froga» dituelako baieztatzeko Errusia Irango droneak erabiltzen ari dela Ukrainan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.