'Lifeboat' noraezean da, Italiak eta Maltak porturatzea ukatu ostean

Erromak eta Valletak uko egin diote 224 iheslari daramatzan ontzia hartzeari. Herrialdetik «migrante batzuk» bota nahi dituztela adierazi du Salvinik. Mediterraneoan 960 hil dira aurten, IOMren arabera
<em>Lifeline</em> GKEaren barkuan 224 iheslari daude, Libia iparraldean erreskataturikoak.
Lifeline GKEaren barkuan 224 iheslari daude, Libia iparraldean erreskataturikoak. HERMINE POSCHMANN / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko ekainak 23
Italiako Gobernuak ez du amore emango, eta EB Europako Batasuneko estatu kideak estutzen jarraitzeko asmo argia du, egunotako bilerei begira. Matteo Salvini Italiako Barne ministroak Alemaniako Lifeline GKE gobernuz kanpoko erakundearen barkuari, Lifeboat-i, porturatzea debekatu ostean, Garraio ministro Danilo Toninellik, M5S 5 Izar Mugimendukoak, adierazi zuen itsasontzia Maltako uretan zegoela eta, beraz, hango gobernuari dagokiola 224 migratzaile daramatzan barkua hartzea. Mehatxu batekin etorri zen adierazpena: «Hala egin ezean, barkua konfiskatuko dugu. Malta da porturik hurbilena eta seguruena». Aquarius ontziarekin gertatu bezala, litekeena da nazioarteko gatazka diplomatikoei atea irekitzea Erromaren erabakiak; Maltako Gobernuak, oraingoz, uko egin dio barkua hartzeari, ez dagoelako «arrisku egoeran», eta, beraz, ez duelako laguntzarik behar. Barkuak, bitartean, itsasoan jarraitzen du, noraezean; inguruan dabil ere Herbehereetako Seefuchs, eta hara bidean zeuden atzo Aquarius eta Open Arms barkuak.

Gaur-gaurkoz, Italiako portuak itxita daude iheslariak dakartzaten barkuentzat. Hori gogorarazi zuen atzo Salvinik, berriro ere, baina haratago joateko aukera aipatzeko baliatu zuen Spiegel aldizkariari emandako elkarrizketa: «Ezin dugu migrante gehiago hartu. Kontrara, batzuk bota nahi ditugu». Lifelineren kasuaz, Italiako Barne ministroak konfiskazioaren aukera Maltara ere zabaldu zuen: «Argi dago barkua konfiskatu beharko dela eta GKEko langileak atxilotu beharko direla. Ez dugu itsaso bidezko giza trafiko gehiagorik nahi».

Lifeboat-ek Libia iparraldean erreskatatu zituen 224 migranteak, Mediterraneoan bi barku txikitan zeudela. Libiako kostazainen laguntza itxoiteko esan zioten arren, GKEak erabaki zuen iheslariak barku horietatik ateratzea eta berean sartzea.

Ekainean hil dira gehienak

Iheslarientzako Nazio Batuen Erakundearen Goi Mandatariak herenegun jakinarazi zuen egunotan 220 migrante hil direla itota Mediterraneoan, Libiatik Europara zihoazela. Bada, atzo OIM Nazioarteko Migrazio Erakundeak datu gehigarriak eman zituen: aurten, gutxienez 960 iheslari hil dira Mediterraneoan, kontinente zaharrera bidean. Ekainean hil dira migrante gehien: atzora arteko datuen arabera, 298.

Bideei erreparatuz gero, IOMk jakinarazi zuen hildakoen gehiengoa, 622, erdiko bidean hil direla, Libiako eta Italiako kostaldeak lotzen dituenean. Beste 292 hil dira Espainiara iritsi nahian, eta gainontzeko 45ak itsasoaren ekialdean hil dira. Europara bizirik iristea lortu dutenak, berriz, ia 41.000 izan dira, epe berean iazkoen erdia baino gutxiago.

Europar Kontseiluak ostegunean eta ostiralean du bilera, eta, ondorioen zirriborroan jakinarazitakoaren arabera, Bruselak proposatu du iheslarientzako zentroak sortzea EB Europako Batasunaren mugen atarian. «Lehorreratzeko eskualde plataformak» lirateke, eta han zehaztuko lukete migrante bakoitzaren estatusa. Ordea, arazo bat du EBk, neurria datorren astean onartuz gero: Afrika iparraldeko herrialdeek ez dute, oraingoz, babestu edo onartu beren lurretan sortzea halako zentroak. Dimitris Avramopulos Migraziorako komisarioak aitortu du EBk gai horren inguruko lankidetza areagotu nahi duela Aljeriarekin, Egiptorekin, Libiarekin, Tunisiarekin eta Marokorekin: «Herrialde horiekin eztabaidatu behar dugu». Bruselak, badaezpada, ez die proposamen ofizialik egin, datorren asteko bileren emaitzen zain.

Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentea hitzordu horri begirako biran murgilduta dago aste honetan, eta atzo kuota sistemaren aurkako herrialdeetako estatuburuekin batzartu zen, Austriako kantziler Sebastian Kurzekin, lehenik, eta Viktor Orban Hungariako lehen ministroarekin, ondoren; hain justu, «lehorreratzeko eskualde plataformen» ideia Orbanek berak proposatu zuen 2016an, baina ez zuen arrakastarik izan Bruselan. Tusk Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin eta Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroarekin batzartuko da astelehenean, eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin asteartean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna