Frantziako Tourra

Merezi izan du, Arnaud

Demarek irabazi du Paueko esprinta, Pirinioak pasatzeko gorriak ikusi ondoren. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik egon. Gaur, azken mendiko etapa

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko uztailak 27
Saiatzen denak saria jasotzen duenean ia mundu guztia pozten da. Eta, horregatik, asko izan ziren poztu ziren zaleak Arnaud Demare (FDJ) Paueko helmugan besoak altxatzen ikusi zutenean. Poz hori, dena den, ez zen atzoko jardunarengatik, aurreko bi egunetan egindakoagatik baizik. Izan ere, Demare esprinter petoa da, morrosko gihartsua, eta gorriak ikusi ditu Pirinioak pasatzeko. Herio batean igaro ditu, kontrolez kanpo ez gelditzeko tarteak neurtzen, eta Tourrean gelditzen ziren bi esprintetako bat irabazteko itxaropenarekin. Bada, aurrenekoan goxatu zuen sufrikarioa, eta bakea egingo zuen bere buruarekin: «Merezi izan du, Arnaud».

Herenegun, Porteteko etapan, hasi eta 500 metrora gelditu zen atzean Demare. Ez da esajerazioa; hala izan zen. Ziur asko tropeleko igotzailerik kamutsena izango da, baina, ia beste esprinter guztiek ez bezala, ez du Tourra utzi. Porteten azken-aurreko izan zen, 145., irabazlearengandik 29.16ra. Azken igoeran hortzak estutu behar izan zituen kontrolez kanpo ez gelditzeko, eta Andre Greipelek (Lotto) sare sozialetan zabaldu zuen Demare autoren bati helduta igo zen susmoa. Atzo, halere, barkamena eskatu zion. Herenegun, azken-aurrekoa, eta Pirinioetako lehen etapan, azkenekoa. 147. izan zen Bagneres de Luchongo helmugan. 41.20ra sartu zen, bakar-bakarrik, azken-aurrekoarengandik 9.54ra. Norbait zain zuenerako, pozik. Txirrindulari asko hotelean egongo ziren ordurako, masajea hartzen.

Alpeak ere ez ziren gozoak izan, baina Pirinioak izan dira benetako proba bere gogortasun mentalarentzat. Baina Demarek ez zuen amore eman. Tour honetan garaipenik lortu gabea zen, eta aurkari handirik gabe, Pauen eta Parisen zituen bere aukerak. Eta Pauen nagusitasunez irabazi zuen esprint luze-luze batean. Peter Sagan (Bora), herenegungo kolpearen ondorioz agian, gaizki kokatu, eta jokoz kanpo gelditu zen. Demare, berriz, ziztu bizian sartu zen azken zuzengunean, Jacopo Guarnieri (FDJ) jaurtitzailearen arrastoan. Lan bikaina egin zuen, eta Demarek eman zion errematea. Christophe Laporte (Cofidis) izan zen bigarren. Helmuga pasatu berritan kargu hartu zion irabazleari maniobra arriskutsuren bategatik. Ez zen hainbesterako, galtzailearen petralaldia zen.

Egun lasai izan zen, bestela eta 171 kilometroko etapa laua izanda, gidoia nahiko garbi zegoen: ihesaldia eta esprinta. Sailkapen nagusirako lehian ez zen aldaketarik egon, eta Geraint Thomasek (Sky) jarraitzen du lider. Egun bat gutxiago gelditzen zaio bere ametsa betetzeko. Sustoa Nairo Quintanak (Movistar) hartu zuen, erori eta tropela harrapatzea pixka bat kosta zitzaiolako. Kolonbiarrak minez bukatu zuen eguna. Ihesaldiari dagokionez, hasi eta berehala osatu zen, bost kiderekin: Niki Terpstra (Quick Step), Guillaume van Keirsbruck (wanty), Matthew Hayman eta Luke Durbridge (Mitchelton) eta Thomas Boudet (D.Energie). Itxura ona zuen, Paris Roubaixeko bi irabazle zeuden tartean, eta bidea egin zuten, baina helmugarako hamar kilometro falta zirela harrapatu zituzten. Bestalde, Sylvain Chavanel (D.Energie) Tourreko etapa gehien jokatu duen txirrindularia bihurtu zen atzo: 366. Hemezortzi aldiz parte hartu du.

Tourmalet eta Aubisque

Demarek Parisko esprinta du begiz jota, baina oraindik beste sufrikario egun bat geldituko zaio: gaurkoa. Izan ere, atzoko atsedenaren ondoren, Pirinioetako azken etapa gelditzen da. Lourdesen hasi eta Larrunen bukatuko den 200 kilometroko ibilbidea. Bidean, laugarren mailako bi mendate igoko dituzte, lehen mailako bat, bigarren mailako beste bat, eta maila bereziko bi, aski ezagunak, gainera: Tourmalet eta Aubisque.

Tourmaleteko (17 km eta %7,1) gaina helmugatik 92 kilometrora dago, urrunegi agian; Aubisquekoa (16,6 km eta %4), berriz, hogeira, denak aldapa behera. Aubisqueren igoera Borderes eta Soulor mendateekin hasiko da, eta guztira 29 kilometroko igoera luze bat osatzen dute. Erlojupekoaren aurretik sailkapen nagusia mugitu nahi dutenek gaur dute azken aukera. Urruneko eraso baterako etapa aproposa da, edo aldapa behera min egiten ausartzen denarentzat. Erne Primoz Roglicekin (Lotto Jumbo), podiumera igo nahi baitu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria