Estiloak begiz jota

Eibar eta Reala ariko dira gaur Ipuruan. Eibarrek hirutan irabazi du bertan Lehen Mailan, baina Realak, inoiz ez

Estiloak begiz jota.
Aitor Manterola, Jon Ander De la Hoz
2018ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Denboraldi honetako aurreneko derbia Ipuruan jokatuko dute gaur gauean Eibarrek eta Realak. Ligako hirugarren jardunaldia da, eta orain arte, etxekoek ez dute alerik batu, baina bisitariek lau batu dituzte, laurak etxetik kanpo.

Estiloen derbia izango da. Partidaren atarian horretaz ari baitira bi taldeen inguruetan. Eibar ez da Jose Luis Mendilibarren ohiko talde gisa azaldu eta. Realaren kasuan, eztabaida piztu da taldeak lehen bi partidetan erakutsi duen joko moldeaz: oso atzean sartu izan dela taldea aldeko emaitzak zituenean.

Mendilibarrek hartuko luke antzeko eztabaida Eibarren inguruan, kontuan izanda Realak lau puntu dituela. «Entrenatzaile bakoitzak daukagu geure gustuko eredua, eta garbi dago Asier [Garitano] eta Eusebio [Eusebio Sacristan] ez direla antzekoak». Realaren inguruan, bi ezaugarri nabarmendu zituen eibartarren teknikariak: «Ondo ari da lehiatzen, eta, gainera, eraginkor dabiltza atearen aurrean».

Golak sartzeko ardurarik handiena dutenen artean sortu zaio orain buruko mina Mendilibarri, Kike Garciak zuntz haustura duelako ezker hankako aduktorean, eta bizpahiru astez ezingo du jokatu. Hortaz, gaur, Charlesek ordezkatuko du ziurrenik, eta Enrichekin batera osatuko du erasoko bikotea. Zelaiaren erdirako, Orellana sendatu da, deialdian dago, eta aukerak dauzka hasieratik aritzeko. Beste hegalean, ezkerrean, Pere Milak segituko luke, eta euskarrietan, lau jokalari daude bi lekuak betetzeko: Jordan, Sergio Alvarez, Escalante eta Diop. Atzealdean, Bigasek har dezake Oliveiraren lekua. Atean, Dmitrovicek jarraituko du.

Atezainen artean izan da albistea fitxatzeko aldia amaitu baino lehen. Yoelek 2021era arte berritu du, baina Valladolidera joan da, utzita. Gaur ez dago deialdian, eta, Mendilibarrek iragarri zuenez, «mugimenduak izango ditugu epea amaitu artean, taldea uzteko norabidean. Etorri, berriz, ez da inor etorriko». Galvezek atzo utzi zuen Eibar, Rayora itzultzeko. Beraz, Pablo de Blasis Argentinako erasoko erdilaria izango da azken fitxaketa. 2020ra arte ekarri du Eibarrek, Alemaniatik, Mainz taldetik. Gaur ez da ariko.

Olatuan jarraitu nahian

Realak, berriz, liga hasiera onari jarraipena eman nahi dio hiru puntuak eskuratuta. Azken egunak oso bereziak izan dira txuri-urdinentzat; Alberto de la Bellak utzi egin zuen taldea, eta Imanol Agirretxeren erretiroak bigarren planoan utzi du gaurko lehia. Taldean hainbeste urte zeramatzan jokalari bat agurtzea ez da erraza izaten, baina horrek eraginik ez duela izango uste du Asier Garitanok: «Ipuruan dugu burua. Astea hori prestatzen eman dugu».

Hala, partida irabazi eta orain artekoa borobiltzeko asmoarekin zelairatuko da Reala; lehen bi jardunaldietan, partida bat irabazi eta beste bat berdindu egin dute, eta gidoi horri jarraitzea dute xede. Alabaina, halabeharrez aldaketak egin beharko ditu Garitanok. Diego Llorente luzerako dago min hartuta, eta Mikel Merinok mina du lepoan. Zaila izango da gaur erdilaria Eibarren aritzea. Aldiz, normal entrenatu dira Raul Navas eta Miguel Angel Moya.

Partida gogorra espero du entrenatzaile bergararrak: «Ez dituzte emaitza onak izan hasieran, baina ikusiko dugu zer gertatzen den. Uste dut iaz gauza bera gertatu zitzaiela hasieran, eta, gero, oso denboraldi ona egin zuten». Hargatik, baztertu egin du konfiantzari aterik zabaltzerik, eta ohartarazi du ez dutela aurkari erraza izango: «Eibar da, Ipurua da, eta derbi bat da. Zaila izango da, bai zelaiarengatik, bai eurek emaitza on bat behar dutelako».

Sandro Ramirez Donostian dago jada, eta ikusteko dago beste jokalaririk fitxatuko duen Realak. Entrenatzaileak argitu du hori ez dagoela bere esku: «Liga hasi aurretik esan genuen zer behar genuen, eta ordutik partidetan zentratuta nago. Ahal badugu, ekarriko dugu, eta, bestela, daudenekin ahal dena aterako dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.