Europako Parlamentuak Hungaria zigortzeko prozedura hasi du

Ganberak lehenbiziko aldiz onartu ditu diziplinazko neurriak Europako Batasuneko estatu baten aurka. Europar Kontseiluak hartu behar du azken erabakia. Budapest: «Mendeku maltzur bat da»

Mikel Rodriguez -

2018ko irailak 13
Europako Parlamentuak EB Europako Batasuneko estatu bat zigortzeko prozedura ireki du lehenbiziko aldiz. Hungaria da estatu hori. Berdeak-Europako Aliantza Askea taldeko parlamentari batek aurkeztu zuen proposamena, Hungariako Gobernuak azken urteotan indarrean paratu dituen hainbat neurrirengatik «Europaren balioak» urratzen ari delakoan —migratzaileen aurkakoak, hedabideen gaineko kontrola handitzeko legea, GKE gobernuz kanpoko erakundeen lana mugatzeko legea eta bertze batzuk—. Atzoko bozketan, proposamenak babes zabala izan zuen Europarlamentarien artean: 497 zigortzearen alde, 197 aurka, eta 48k abstentzioa eman zuten —58 ez ziren saiora agertu—. Azken erabakia, dena den, Europar Kontseiluak hartu behar du, 28 estatuetako agintari gorenek osatzen duten organoak, eta litekeena da Hungariak zigorrik ez jasotzea, estatu bakar batek kontra bozkatzea nahikoa delako parlamentuaren proposamena bertan behera uzteko.

Judith Sargentini Herbehereetako Berde Ezkerra alderdiko parlamentariak aurkeztu zuen Hungaria zigortzeko proposamena, EBko hitzarmenen 7. artikulua urratu duelakoan. Artikulu horrek aukera ezartzen du «Batasunaren balioak» urratzen dituen estatu bat zigortzeko, eta ezar daitekeen neurri larriena zera litzateke, estatu horri ahalmena kentzea EBren erabakietan parte hartzeko. «Viktor Orbanen gobernuak Europako balioen aurkako ekinaldi bat zuzendu du hedabide independenteak isilarazita, epaile kritikoak aldatuta eta akademia estu lotuta», adierazi zuen atzo Sargentinik.

Peter Szijjarto Hungariako Atzerri ministroa Budapesten mintzatu zen parlamentuaren erabakiaz: «immigrazioaren aldeko politikariek Hungariaren aurka egin duten mendeku maltzur bat baino ez da». Orban lehen ministroa bera herenegun joan zen Europako Parlamentura bere gobernuaren jarrera defendatzera. «Hungaria zigortu nahi dute hango herritarrek ez dutelako nahi haien aberria etorkinen herrialde bihurtzea».

Eskuina zatituta

Aferak zatitu egin du Europako Parlamentuko talde nagusia, EPP Europako Alderdi Popularra; Hungarian agintean dagoen alderdia, Fidesz, EPPko kide da. Sijjartok erran du Fideszek EPPn jarraitzeko asmoa duela, eta talde parlamentarioak eztabaida bat eginen du zer egin erabakitzeko. EPPko diputatu gehienek bozkatu zuten Hungaria zigortzearen alde, besteak beste Manfred Weberrek; taldeko buru da, eta Europako Batzordearen presidente izateko hautagai.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna