EBk hilabeteko epea eman dio Mayri 'brexit'-erako bertze plan bat aurkezteko

Europar Kontseiluko presidenteak erran du urria izanen dela akordio bat egiteko«egiaren ordua». Mayk Irlandako mugarako proposamena aldatuko du

Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa, atzo, Salzburgon, Europar Kontseiluaren bilkuran. CHRISTIAN BRUNA / EFE.
mikel rodriguez
2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko herritarrek duela bi urte erreferendum bidez erabaki ondoren EB Europako Batasuna uztea, Bruselako ordezkariek eta batasuneko estatu nagusietako buruzagiek iragarri zuten estu hartuko zutela Londres brexit-a gauzatzeko negoziazioetan. Eta, oraingoz, hitza betetzen ari dira. Europar Kontseiluak, EBko estatuetako agintari gorenak biltzen dituen erakundeak, bilera «informal» bat egin zuen atzo Salzburgon (Austria), eta eztabaidatzekoak zituzten gaien artean nagusia izan zen Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak brexit-a gauzatzeko aurkeztu zuen plana. Kontseiluak, ordea, ez zion onartu, eta hilabete eskaseko epea eman dio bertze bat aurkezteko. «Lankidetza ekonomikorako proposatu den zirriborroak ez du balio», adierazi zuen Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak.

Mayk joan den uztailean eman zuen planaren berri. Chequers plana esan izan zaio, lehen ministroaren Chequers udako egoitzan prestatu baitzuten. Bi hilabeteotan argi gelditu da, ordea, ez dela EBko agintarien gustuko proposamen bat izan, eta atzoko bilkuran berretsi zuten hori. Horren ondorioa da akordio bat lortzeko epeak estutzea. Bi aldeen hasierako asmoa zen akordio bat egina izatea udazkenaren hasierarako, Erresuma Batuko Parlamentuak eta Europakoak itun horri buruz erabaki dezaten. Europar Kontseiluak urriaren 18an eta 19an eginen du bilera formala, eta ordura arteko epea eman dio Mayri bertze plan bat egiteko. «Beharrezkoa balitz», kontseiluak bertze bilera batera deituko luke handik hilabetera. «Urria izanen da egiaren ordua», adierazi zuen atzo Tuskek.

«Denbora bukatzen»

BBCk zeharkako iturriak aipatuz atzo goizean argitaratu zuen Mayk ezinezkotzat zuela bertze proposamen bat egitea urriko bilerarako. Erresuma Batuko lehen ministroak azken egunotan irmo erran du Chequerseko plana dela «egingarria» den bakarra. Atzo arratsaldean Salzburgon egin zuen prentsaurrekoan, ordea, adierazi zuen «denbora gutxi barru» bertze proposamen bat eginen duela Irlandako mugarako. Auziaren muinetako bat da Irlandako muga; alde batetik, muin nagusia den aduana batasunaren korapiloak hartzen duelako —EBk eta Erresuma Batuak lurretik duten muga bakarra dago uhartean—, eta 1998an britainiar unionistek eta irlandar nazionalistek adostu zuten bake prozesuan garrantzi handia duelako Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren arteko muga guztiz zabalik egoteak.

May eta Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroa goizean elkartu ziren bakarka. Varadkarrek erran zuen «hagitz bilera ona» izan zela, baina Mayri ohartarazi zion «denbora bukatzen» ari dela. EBko bi estatu nagusien agintariek ere agudo ibiltzeko eskatu zioten. «Lan anitz dago egiteko etorkizuneko merkataritza harremanak zehazteari buruz», erran zuen Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak. «Denok bat etorri gara: orain egin diren proposamenak ezin dira onartu», adierazi zuen, berriz, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak.

'Tory'-en konferentzia

Mayren proposamenen artean dago «aduana eremu konbinatu bat» sortzea, baina, bertzeak bertze, pertsonen mugimendu askea baimendu gabe. EBko agintarien ustez, ordea, aduana batasuna «nahieran» interpretatzea litzateke hori. Mayk hagitz presio handia du etxean ere; hemendik hamar egun eskasera hasiko da Alderdi Kontserbadorearen konferentzia, eta brexit gogorraren aldeko sektorea saiatuko da May agintetik kentzen. Horrek are egoera ezegonkorragoan paratuko lituzke negoziazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.