Torra: «Ez dugu demokraziarekin eta duintasunarekin trafikatzen»

Generalitateko presidenteak baieztatu du ez dituela babestuko estatuko aurrekontuak. Sanchezek arduragabekeriaz jokatzea leporatu dio Torrari. CUPek uko egin dio azaroaren 16ko monografikoari
Quim Torra Generalitateko presidentea, atzo, Kataluniako Parlamentuan egindako agerraldian.
Quim Torra Generalitateko presidentea, atzo, Kataluniako Parlamentuan egindako agerraldian. ALBERTO ESTEVEZ / EFE

Kristina Berasain Tristan -

2018ko azaroak 8
Quim Torrak Kataluniako Parlamentuan egindako agerraldi ofizialean baieztatu ditu aurreko ostiralean kartzela baten atarian egindako adierazpenak. Espainiako Fiskaltzak eta Estatuaren Abokatutzak buruzagi independentisten kontrako akusazioak ezagutzera eman zituzten egun hartan, 25 urte arteko kartzela zigorrak eskatuz, eta iluntzean bertan bat-bateko erantzuna izan zen horietako batzuk preso dauden kartzelan elkartzea. Generalitateko presidentea ere bertan izan zen, Lledonersen. Eta adierazi zuen Kataluniako herriak ez dituela babestuko estatuko aurrekontuak. Atzo, ohartarazpen hori ofizial egin zuen, aurreikusita ez zegoen eta bezperan iragarritako agerraldian. «Espainiako Gobernuak erabaki du ez jartzea demokraziaren eta justiziaren alboan, baizik eta bozen porrota mendekatzeko eta zentzarazteko bide judiziala bermatzea. Horregatik, edozein sostengu mota kenduko diogu gobernuari. Ez ditugu aurrekontuak onartuko».

Torraren iritziz, garai «larriak» bizi ditu estatuak, eta «eskubide zibilen eta, politikoen urraketak segitzen duen bitartean», ez dira eseriko aurrekontuak negoziatzera: «Ez dugu demokraziarekin eta duintasunarekin trafikatzen». Pedro Sanchez Espainiako presidenteari mintzatu zaio, eta galdetu dio ea non dauden sozialisten «elkarrizketa, adorea, ausardia eta irtenbide politikoak».

Sanchezi urrian egindako ultimatuma azaroaren 2an amaitzen zela eta erantzunik ez dutela izan ere gogoratu du Torrak: «Azaroa da, eta Sanchezek ez du mahai gainean gatazka politikoarentzat inongo irtenbide demokratikorik jarri, ez du errepresio politikoaren kontra inongo erabakirik hartu». Bateragune eta bankuen hipoteken auziak izan ditu hizpide presidenteak; bata, «egungo injustizia espainarra biharko justizia europarra» izango delako, eta, bestea «erabateko eskandalua» delako, «justiziaren izenaren galera», baina, bereziki, independentista katalanen kontrako zigorrak kritikatu ditu, «errepresioaren borondatea» ikusten duelako atzean.

Sanchezek atzo bertan erantzun zion Torrari. Aurrekontuak negoziatzeari uko egitea arduragabekeriaz jokatzea dela ohartarazi zion: «Espainiako Gobernuak denentzat agintzen du, nori bozkatzen zaion begiratu gabe, eta Kataluniako Gobernuak ere guztientzat agindu beharko luke». Aurrekontuek Kataluniari bereziki mesede egingo diotela uste du presidente sozialistak, haren ustez han gauzatu baitira krisiaren urteetan «murrizketarik handienak».

Sanchezek, hala ere, ate bat zabalik utzi nahi izan du, aurreratuz prest dagoela abenduan Torrarekin elkartzeko. Espainiako Ministroen Kontseilua Katalunian egitekoa da datorren hilabetean, eta bileraren aurretik harekin elkartzeko prestasuna agertu du: «Torrak nahi badu, berarekin elkartuko naiz. Ni, behintzat, prest nago». Litekeena da abenduaren 21ean izatea hitzordua.

Azaroaren 16ko hitzordua

CUPek, aldiz, atea itxi dio Torrari. Heldu den azaroaren 16an alderdi independentista guztiak elkartu nahi ditu presidenteak, eztabaida monografiko batean, prozesuaren etorkizunaz aritzeko. Natalia Sanchez CUPeko diputatuak, baina, argi utzi zuen atzo bere alderdiak ez duela bilera horretan parte hartuko. Sanchezekin bezain zorrotza izan da diputatua Torrarekin: «Ezin gara egun batean estatua akusatzen egon eta beste egun batean negoziatzen egon». Horrela aritzea estatua «zuritzea» da Sanchezentzat: «Goliat despota baten aurrean David antolatu bat aurkitu behar dute, justiziarekin desobeditzailea, urriaren 1ean eta 3an bezala».

JxCat eta ERC bai izango dira monografiko horretan. Torrarentzat herritarrak ados dauden hiru auziez arituko dira: monarkiaren eta errepresioaren arbuioez eta erabakitzeko eskubideaz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna