Inbertitzaileek langilerik gabeko Naval dute jada, urrats bat egiteko

Sestaoko ontziolako 173 beharginen kaleratze dosierra sinatu dute kontsulta epearen azken bileran. Langile batzordearekin akordiorik egin gabe gauzatu da erregulazioa, aktak islatzen duen moduan

Navaleko langileen protesta bat erreskate publikoa eskatzeko, Sestaoko ontziolan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Xabier Martin - Jon Fernandez
2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Ez da ezusterik izan, eta Navalek kaleratzeko bidean jarri ditu langile guztiak. Erregulazioaren kontsulta epearen azken bileran iritsi da 173 beharginak kaleratzeko erregulazioa. Aktan jaso dute langile batzordea ez dagoela ados, eta, hala ere, dosierra sinatu egin dute; egun gutxian, Naval langilerik gabeko ontziola bat izango da: instalazio hutsa.

Beharginak izan dituen bitartean, inbertitzailerik ez da azaldu—informazioa eskatzeko bakarrik—, baina zabaltzear dagoen fase berrian azaldu beharko luke, Arantxa Tapiak aste honetan bertan jakinarazitako interesdun zehatz horietako batek edo bestek aurrerapauso bat emango balu. Bada, Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak atzo ohartarazi zuen kaleratze dosierra akordiorik gabe gauzatzeak ez duela lagunduko inbertitzaileak aurkitzen.

Kontua da Ezkerraldeko ontziolaren jarduerari berriz ekin eta beste aukera bat emango liokeen inbertitzaile baten esperantza baino ez dela geratzen dagoeneko; langileentzat ere bai, agian berriro deituko lieketelako batzuei beharrera. Tapiak adierazi zuen ontziolaren jardueran ariko liratekeenak hurbildu direla galdezka, eta jarduera horrez gain instalazioak eraikuntzarako baliatuko lituzkeenak ere badirela informazio eske.

Juanjo Llorden batzordeko idazkariak jakinarazi zuen dosierra ez dutela sinatu langileen ordezkariek, batzarrean erabaki zen moduan, eta aktak jaso duela desadostasun hori. Konkurtso administratzaileak lan agintzaritzara igorriko du agiria, hark konkurtsoa daraman epailearena eraman dezan, eta epaileak kaleratzeak onartu edo baztertu egingo ditu. Baina ez du ematen arrazoirik dagoenik ez onartzeko, eta, epaileak oniritzia eman eta gero, hamar edo hamabost egunean gauzatuko dira kaleratzeak.

'Vox Alexia'-rekin zer?

Horiek horrela, beharginak Sabin Etxearen aurrean elkarretaratuko dira gaur (11:00), protesta egiteko, eta iragarri dute astelehenero ontziolara joango direla, «mobilizazioak erabakitzeko». Likidazioan dagoen enpresak abenduko soldataren zati bat zor die beharginei, Lloredenen arabera, baita abenduko aparteko soldata eta urtarrilekoa ere, hila amaitzen denerako. Kaleratzen dituzten bezain laster, Fogasari eskatuko diote zor hori.

Tapiari erantzunez, Llordenek azaldu zuen dosierrari baiezkoa eman izan baliote langileek ezingo luketela gaur elkarretaratzerik egin EAJren egoitzaren aurrean, beren lanpostuen defentsan. Horrez gain, ohartarazi zuen inbertitzailerik iristen bada bukatzeko dagoen Vox Alexia ontzia burutzera, Navaleko oraingo langileak kontratatu beharko dituela; «aurrean eduki nahi ez bagaitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.