Mayk iradoki du 'brexit'-aren atzerapen luzea onartuko duela

Merkelek adierazi du irteera dataren atzerapen «ahalik eta laburrena» nahi duela, Europar Kontseilua hasi aurretik. Erresuma Batuko lehen ministroak ez ditu argitu kargua uzteari buruzko asmoak

Donald Tusk, Theresa May eta Angela Merkel Europar Kontseiluaren bilera hasi aurretik, atzo. OLIVIER HOSLET / EFE.
ander perez zala
2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak atzo iradoki zuen brexit-aren atzerapen luzea onartuko duela, Europako Batasuneko (EB) gainontzeko 27 estatu kideek eskaintzen dioten data edozein dela ere. Europar Kontseiluaren ezohiko bileran izan zen Erresuma Batuko lehen ministroa, eta hitzordu horren aurretik egin zituen asmo horri buruzko adierazpenak; berez, Mayk biharko data ekainaren 30era arte atzeratu nahi du, baina estatu kideek oraingoan nahiago dute irteera eguna askoz ere beranduagorako utzi. «Ekainaren 30era arteko atzerapena eskatu dut, baina garrantzitsuena da edozein luzapenek balio behar digula EBtik irteteko akordioa onartu eta berehala», adierazi zuen Erresuma Batuko lehen ministroak, kazetarien aurrean.

Batez ere bi data izan dira eztabaidagai asteon, eta horien inguruan ari ziren eztabaidatzen estatu kideak, lerro hauek idazterako: brexit-a bederatzi hilabetez atzeratzea, urte amaierara arte, edo hamabi hilabetez, datorren urtera arte, Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak proposatu bezala. Atzoko goi bileraren aurretik, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak adierazi zuen luzapenak «ahalik eta motzena» izan behar duela, baina ez zuen eperik aipatu; jakina da brexit-aren prozesuan jarrera malgua izan duela Berlinek, eta ez da baztertzen Merkel atzerapen luze baten alde agertzea. Frantziak, baina, jarrera askoz ere gogorragoa erakutsi du, eta Emmanuel Macron presidentea hainbatetan agertu da kexu egoerarekin; izan ere, argudiatu izan du, atzo egin bezala, Erresuma Batuaren irteerarako prozesuak EBren erreformak oztopatzen dituela —hori izan zen haren kanpainako puntu nagusietako bat—. Horregatik, aukera handiak daude Macron luzapen motz baten alde agertzeko: «Niretzat ez dago bermerik. May entzuteko gogotsu nago. Zurrumurruak entzuten ditut, baina atzerapen luzerik ez dago ziurtatuta», ohartarazi zuen Frantziako presidenteak, goi bileraren aurretik.

Macronek, baina, bakarrik geratzeko arriskua du bere jarreraren defentsan. Giuseppe Conte Italiako lehen ministroa, Andrej Babis Txekiakoa eta Marjan Sarec Esloveniakoa, esaterako, brexit-a urte amaierara arte luzatzearen alde agertu ziren; ez, ordea, Sebastian Kurz Austriako kantzilerra, tarte hori «luzeegia» delakoan. Martxoko goi bileran gertatu bezala, agerian geratu da 27en batasuna ez dela erabatekoa eta, brexit-a gauzatuko balitz, zail izango dutela horri eustea etorkizuneko harremanari buruzko negoziazioetan, hainbeste interes jokoan baitaude.

Argi dagoen bakarra da inork ez diola betorik ezarriko irteera eguna berriz atzeratzeari —martxoaren 29koa biharko datara atzeratu zuten, akordiorik gabeko testuingurua eragotzi nahi baitute. Hori lortzeko beste egiteko bat Londresen dago, Mayk oraindik ez baitu lortu brexit-erako akordioa onarraraztea; hiru aldiz esan dio ezetz Komunen Ganberak. Haren itxaropen bakarra laboristekin izaten ari den negoziazioak dira, zeinek gaur jarraituko duten.

Dimisioaren mamua

Ikusteko dago, halaber, zer etorkizun politiko izango duen Mayk atzerapen luzea onartzen badu. Izan ere, otsailaren 20an adierazi zuen ez dagoela «lehen ministro gisa prest» brexit-a ekainaren 30a baino haratago atzeratzeko. Maiatzaren 2an udal hauteskundeak dira, eta emaitza txarrek ere bultza lezakete dimisioa ematera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.