Leopoldo Lopez atxilotzeko agindu du Venezuelako auzitegi batek

Caracasko tribunal batek ebatzi du oposizioko kideak etxeko espetxealdia «modu agerikoan» urratu duela. Madurok erran du «kolpista guztiak» atxilotzeko agindu duela. AEBek Kuba estutu nahi dute

Nicolas Maduro Venezuelako presidentea armadako kideekin, atzo, Caracasen egin zuten Leialtasunaren martxan. EFE.
mikel rodriguez
2019ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Juan Guaido Venezuelako oposizioko liderrak iragan asteartean egin zuen estatu kolperako deiaak ez dio fruiturik eman oraingoz. Greba orokorrera deitu zuen atzoko, eta, aldekoak karrikara protestara atera baziren ere, ez du statu quo-a aldatzea lortu. Nicolas Maduro presidenteak Leialtasunaren martxa egin zuen atzo armadarekin, militarren babes osoa duela irudikatzeko. Ekitaldi horretan adierazi zuen «traidoreak eta kolpistak» atxilotzeko agindua eman duela. Handik ordu batzuetara Caracasko auzitegi batek Leopoldo Lopez oposizioko VP Herri Borondatea alderdiko liderra atxilotzeko agindu zuen, etxeko espetxealdia «modu agerikoan» urratu duelako.

Guaidoren alderdiko burua da Lopez, eta iragan asteartean atera zuen etxetik militar talde batek Guaidoren aginduz. Ondoren egin zuen estatu kolperako deia, Lopez ondoan zuela. Hamahiru urteko espetxe zigorra betetzen ari zen Lopez —2017tik, etxean—, 2014an indarkeriara jotzeko dei publikoa egin zuela egotzita —43 pertsona hil zituzten otsailean piztu ziren protestetan, gehienak oposizioko jarraitzaileek hildako chavistak—. Caracasko auzitegiak agindu du Lopez atxilotu eta Ramo Verdeko espetxe militarrera eramateko, 2015-2017 artean preso eduki zuten toki berberera.

Atzo jakina zen Lopez non zegoen. Josep Borrell Espainiako Atzerri ministroak erran zuen Espainiak Venezuelan duen enbaxadorearen etxean zegoela, Lilian Tintori emazte eta VPko alderdikidearekin batera. Borrellek adierazi zuen bikoteak ez zuela asilo politikoa jaso. «Espainiako legediaren arabera, asilo eskaerak Espainiaren lurraldean egin behar dira; beraz, Lopez jauna ez dago asilatu gisa; enbaxadaren gonbidatu bat da hurrengo pausoak zein diren zehaztu arte».

Guaidok grebarako eta «mobilizazio etengaberako» egindako deialdiari jarraikiz, haren aldekoek protesta gehiago egin zituzten atzo. Oposizioko iturriek diotenez, astearteaz geroztik lau manifestari hil dituzte protestetan.

Armadako buruzagiek, ordea, babesa agertu zioten Madurori, Caracasen egin zuten ekitaldi batean. Hitza hartzean, Vladimir Padrino Defentsa ministroak ukatu egin zituen AEBek hari buruz errandakoak —bertzeak bertze, Maduro boteretik kentzea nahi duela—, eta Remigio Ceballos komandanteak erran zuen ez dutela gobernua ez den inoren agindurik beteko, «are gutxiago presidente itxurak egiten ari den ergel batenak».

'Helms-Burton legea'

Egoera ikusita, AEBek eta haien Latinoamerikako aliatuek Kuba estutzeko erabakia hartu dute, uste baitute herrialde horren babesa Madurok boterean jarraitzeko baldintza erabakigarria dela.

Helms-Burton legearen III. atala indarrean sartu zuten atzo—duela bi aste jakinarazi zuten hori eginen zutela—. Atal horren arabera, estatubatuarrek aukera izanen dute AEBetan auzitara jotzeko Kubako Estatuak iraultzaren ondoren (1959) egin zituen desjabetzeen aurka. EB Europako Batasuna, eta hainbat estatu eta enpresa AEBen neurri horren aurka agertu dira, auzitara eramanen dituztelako azken hamarkadotan Kuban negozioak egin dituzten enpresak. Horixe bera gertatu zen atzo bertan, lehenbiziko salaketekin. Javier Garcia Bengoechea eta Mickael Behn herritarrek AEBetako Carnival itsas bidaien enpresaren aurka jo dute. Garcia Bengoecheak argudiatu du Santiago hiriko portua haren familiarena zela, eta Behnek, berriz, estatuak konfiskatu zuen Habanako portuko enpresa bat aitatxi batena zela.

Donald Trump AEBetako presidenteak Kubaren aurka jarrera gogorragoa hartzeko politika herrialde horrek Venezuelako Gobernuari ematen dion babesarekin lotu du. «Mugimendu zuzen bat eginez gero, Kubari ongi joan dakioke, irekitze [politika] bat egin genezake», erran zion herenegun arratsean Fox Business kateari. Trumpek erran zuen Kubak jarrera aldatu ezean «hagitz bahimendu gogorra» ezarriko diola uharteari.

AEE, AEBekin bat

AEBen jarrerarekin bat, AEE Amerikako Estatuen Erakundearen Kontseilu Iraunkorrak bilera bat egin zuen atzo «kanpoko eragileek» Venezuelan duten «rola» aztertzeko. Eragile horien artean hiru baino ez zituen aipatu: Txina, Errusia eta Kuba. AEEk Amerikako estatu guztiak biltzen ditu, Kuba izan ezik. Venezuelak duela bi urte hasi zuen erakundea uzteko prozesua, eta Jorge Arreaza Atzerri ministroak joan den larunbatean jakinarazi zuen irteera bururatu zutela. AEEk, ordea, Guaido onartu du Venezuelako presidentetzat; hark erakundea uzteko erabakia baliogabetzat jo zuen, eta Gustavo Tarre izendatu zuen herrialdearen ordezkari. Hala, Tarrek parte hartu zuen atzoko Kontseilu Iraunkorrean. Erran zuen Kubak Venezuelari ematen dion laguntzak «eremu osoa ezegonkortzen» duela.

Miguel Diaz-Canel Kubako presidenteak Twitter bidez erantzun zien atzo AEBei. «Taktika maltzur hori erabiltzen ari dira inperioak Venezuelan jasan duen hondamena justifikatzeko». Kubak «elkartasun printzipioei» eutsiko die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.