Europako Batzorde berriak klima eta ekonomia jarri ditu lehentasuntzat

Von der Leyen presidente hautatuak 26 karguz osaturiko lantaldea proposatu du. Vestager eta Timmermans presidenteordeek pisu handia izango dute

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente hautatua, atzo, haren lantaldearen berri ematen, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE.
ander perez zala
2019ko irailaren 11
00:00
Entzun
Klima eta ekonomia lehentasun izango dira datorren Europako Batzordearentzat, digitalizazioarekin eta migrazioarekin batera. Ursula von der Leyen presidente hautatuak (demokristaua) hori iradoki zuen uztailean, kargurako izendatu zutenean, eta atzo berretsi egin zuen norabide hori, 26 karguz osaturiko haren lantaldea aurkezterakoan. Frantziari, Italiari eta Irlandako Errepublikari eman dizkio kargu garrantzitsuetako batzuk, eta batzordeko presidentetzarako hautagai izandako Margrethe Vestagerri (liberala) eta Frans Timmermansi (sozialdemokrata) pisu handia eskaini die datorren gobernuan.

Zortzi presidenteorde ditu Von der Leyenek proposaturiko taldeak, eta horien artean nabarmendu ditu Vestager, Lehia eta Aro digitalerako komisario lanetan, eta Timmermans, Klima komisario karguan. Politikari danimarkarra Lehia komisarioa izan zen aurreko legealdian, eta ezagun egin zen, besteak beste, Google enpresari ezarritako isunengatik. Batzordeko presidentea ados da Vestagerrek egin duen lanarekin, eta horregatik eman dio pisu handiagoa.

Presidenteorde herbeheretarra, berriz, Von der Leyenen promesetako bat betetzeaz arduratu beharko da: lehen ehun egunetan martxan jartzea aurreneko Europako Klimaren Legea, 2050. urterako dituen «asmoak lege bihurtzeko». Hau da, Europa «klima neutraltasuna» lortzen duen lehen kontinentea izatea.

Ezustekoetako bat Paolo Gentiloni izan da, Italiako lehen ministro ohia. Izan ere, Von der Leyenek apustu arriskutsu eta ausart bat egin du, Ekonomia komisario kargua italiar bati emanda; horrekin, 5 Izar Mugimenduak eta Alderdi Demokratikoak osatu berri duten gobernu koalizioa ospatu nahi izan du, aurrekoa baino askoz ere europazaleagoa baita.

Emmanuel Macron Frantziako presidente europazaleak ere lortu du postu garrantzitsuenetako bat, Sylvie Goulard frantziarra proposatu baitute Barne Merkatuko komisario kargurako; besteak beste, Defentsaz eta Espazioko auziez arduratuko da.

Horrez gain, Europa hegoaldeko beste politikari bati egokitu dio migrazioaren auzia kudeatzeko kargua; Margaritis Schinas greziarra arduratuko da horretaz, orain arte batzordearen bozeramaile postuan aritu dena. Hori bai, izen berezia jarri dio postuari: Europako Bizimodua Babesteko komisarioa.

Irlandak, merkataritza

Deigarria izan da Merkataritza komisario kargurako irlandar bat aukeratu izana ere: Phil Hogan arduratuko da, besteak beste, merkataritza akordioak sinatzeaz.

Deigarria izateaz gain, sinbolikoa ere bada, brexit-aren osteko harremana negoziatu beharko duelako Erresuma Batuarekin; tartean, Irlandako mugarako irtenbidea. Von der Leyenek atzo azaldu zuenez, Hogan negoziatzaile «bikaina eta oso justua» da.

Komisarioen artean ez dago politikari britainiarrik, baina batzordeko presidente hautatuak bat sartzeko atea irekita utzi du, urriaren 31ko irteera hiru hilabetez atzeratzen badute.

Genero berdintasunaren ikuspuntutik, Von der Leyenek proposaturiko lantaldea inoizko orekatuena da, hamalau gizonek eta hamahiru emakumek osatzen baitute. Talde politikoetatik ikusita, oreka bermatu du: 27 komisarioetatik hamar sozialdemokratak dira; bederatzi, demokristauak; eta bost, liberalak. Horiek guztiak azaroaren 1ean hasiko dira lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.